1998ko apirilaren 2an, Museoaren Patronatuko Batzordeak erabateko adostasunez onartu zuen Museoaren logotipo berria, Nestor Basterretxea artistaren lana, eta nabarmendu zuen 'euskal kultur munduko hain ordezkari nabarmenak lankidetza garrantzitsua izan zuela Museoarekin'. Euskal Museoarentzat egindako irudi honekin, artistak baserri baten goihabea irudikatzen du, eta, modu horretan, gure erakundea Euskal Herriko tradizio eta ohituren erreferente eta biltzaile gisa islatzen du. Lana dohainik laga zuen, eta artistak lan horren gaineko egile eskubideak ere laga dizkio museoari, edizio eta argitaratze eskubideak barne.
Nestor Basterretxea (Bermeo, Bizkaia, 1924) margolari, eskultore, diseinatzaile eta zine-zuzendaria nazioartean ospea duen pertsona da, eta, 1950eko hamarkadatik hona, Europako eta Amerikako hiriburuetako abangoardiako arte-erakusketetan hartu izan du parte. Beste zenbaitekin batera, 1957an, arte esperimentaleko EQIPO57 taldea sortu zuen, eta 1966an, berriz, GAUR taldea, Jorge Oteiza eta Eduardo Chillidarekin batera. Zinegile gisa, 1964an Fernando Larruquetekin elkartu zen, eta, 'Frontera Films' zine-ekoiztetxea sortuta, Pelotari eta Ama Lur bezalako lanak egin zituen, aipatutako azkena izanik bere maisulanik gorena.
Basterretxearen obrarik ezagunenetakoa Izaro da, Vitoria-Gasteizko Eusko Legebiltzarreko Bilera Aretoko horma nagusian dagoena. Eskultura hori, haritz-egurrez egindakoa eta zuhaitz bat gogorarazten duena, aipatutako erakundearen sinboloa da 1984tik hona.