Bilboko erraldoi eta buruhandiak Euskal Museora iritsi dira, berrikuntza osoari ekin aurretik

Bilboko erraldoi eta buruhandiak Euskal Museora iritsi dira, berrikuntza osoari ekin aurretik

2021(e)ko Ekainaren 3a - 2021(e)ko Irailaren 12a

 

Une honetan bere erakusketa iraunkorraren lekualdaketan murgilduta dagoen museoak pertsonaia ezagunak erakutsiko ditu klaustroan, 2021eko uztailaren 3tik irailaren 12ra bitartean.

 

"Bilboko erraldoiak eta buruhandiak. Erraldoiak lekualdatze-garaian" erakusketak euskal kultura eta historiako pertsonaia hauen 1988ko belaunaldia izango du.

 

Aurten, museoa eraberritzeko lanak direla-eta, klaustroa baizik ez dago zabalik, eta sarreraren prezioa bisitari bakoitzak aukeratuko du, "Zeuk jartzen duzu prezioa" ekimenarekin.

 

Erakusketaz gain, jarduera-programa zabala izango da ikusgai, hala nola bisita gidatuak eta haurrentzako tailerrak.

 

Poltsikoko zabalgarri bat argitaratuko da, Bilboko Udalak gaur egun dituen erraldoi eta buruhandi guztien katalogoarekin. 

 

"Bilboko erraldoiak eta buruhandiak. Erraldoiak lekualdatze-garaian" erakusketa uztailaren 3tik irailaren 12ra egongo da ikusgai Euskal Museoko klaustroan, Udakalean programaren barruan. Oraingoan, 1988ko belaunaldikoak dira euskal festetako pertsonaia ezagunak, eta Bizkaiko museoarentzat oso garrantzitsua den une batean iritsi dira. 1921eko uztailaren 3an inauguratu ziren Aldundiaren eta Udalaren menpe zegoen Arkeologia Museoa eta soilik Aldundiaren menpe zegoen Museo Etnografikoa. Biek espazio fisiko bera eta arduradunaren figura bera zuten, titulartasun desberdin hori zuten arren. Beraz, 100 urte bete dira inaugurazio hori egin zenetik.

Gainera, Euskal Museoa erabat berritzeko prozesuan sartuta dago gaur egun, eta eraberritze-lanari ekiteko atarian. Egun hauetan, erakusketa iraunkorra kanpoko gordailu batera eramaten ari da, eta hortik dator aurten erraldoien erakusketak duen izena. Lan horiek direla-eta, museoak klaustroa baizik ezin du irekita eduki udako hilabeteetan, eraberritze-lanak hasi arte, eta hor egongo dira Bilboko erraldoiak.

Pertsonaia horiek Bizkaiko museoan izandako erakusketa-historia joan den urtean berridatzi zen, Covid-19ak sortutako pandemiaren ondoren. Hala, oraingo honetan erraldoiek osatutako bikoteek uda osoan hitz egingo dute beraien artean, osasun-arauak une bakoitzean ezartzen duen distantzia soziala gordez. Gainera, udako uneren batean, agian, beraien neurriaren araberako maskararekin ikusiko ditugu distantzia hori gorde ezin duten figuren bikoteak. Erakusketa honetan dena aldatuko da, gizarteko gainerako kideentzat egoera aldatzen den erritmo berean.

Bizkaiko museoak keinu hori egin nahi izan zuen 2020ko erakusketan, eta errepikatu egingo du, egoerak hobera egin badu ere, besteak beste, txertaketari esker. Izan ere, izan den osasun-krisiaren ondoren, kulturaren eta artearen bidez errealitatera hurbiltzeko modu bat da, bisitatzen duten pertsona guztiak kontzientziatzeko, banakako segurtasun-neurriek pandemia desagertzeko izan duten eta duten garrantziaz. Hala ere, erakusketaren alderdi historikoak ez du indarra galtzen. Aurten ere indartu egingo da alderdi hori, eta erraldoi bakoitzaren janzkeretatik kartel bat zintzilikatuko da, bere ibilbide historikoari buruzko informazio garrantzitsuarekin; lokarri eta kateorratzez lotzen ziren antzinako prezioen etiketei egindako keinua.

Izan ere, Bilboko erraldoi eta buruhandiak erakusketak euskal folklorearen zati garrantzitsu batera hurbiltzen du bisitaria. 4 metrotik gorako altuera duten irudi hauek Ingelesa, Bilbainita, Pichichi, Lina eta beste pertsonaia batzuk aurkezten dizkigute. Guztira 14 erraldoik eta 10 buruhandik osatzen duten erakusketa hau, urteen poderioz, Bizkaiko hiriburuan uda garaian bisitatuenetako bat da.

Bilboko erraldoien informazio guztia: https://bit.ly/2S0FGDH

 

"Zeuk jartzen duzu prezioa" sarrera

Bilduma lekuz aldatu behar dela-eta, erakusketa iraunkorra itxita dagoenez eta klaustroa baizik ezin denez bisitatu, Bilboko Euskal Museoak erabaki du sarrera berri eta bakarra ezartzea, "Zeuk jartzen duzu prezioa" izenekoa. Museora hurbiltzen diren guztiek txartela erosi ahal izango dute, eurek erabakitako prezioaren truke. Horretarako, museoak ontzi bat jarri du sarrera nagusian, eta bisitari bakoitzak sarreraren kostua aukeratu ahal izango du bertara iristean.

Aukera hori uda osoan egongo da, birmoldatze-lanak hasten direnean klaustroa aldi baterako itxi behar izan arte.

 

Erraldoiak eta buruhandiak katalogoan

Erakusketa honetan, ezinbestekoa da irudi handi hauen historiaren xehetasun bat ere ez galtzea. Hori dela-eta, museoak, Bilboko Udalarekin elkarlanean, poltsikoko zabalgarri bat argitaratzea erabaki du, Bilbok orain dituen erraldoi eta buruhandi guztien katalogoarekin. Euskal Museoan erosi ahal izango da euro baten truke, eta izakinak agortu arte egongo da eskuragarri.

Argitalpen horretan, besteak beste, Pichichi eta Lina bezalako erraldoien bikoteak aurkitu ahal izango dira. Rafael Moreno "Pichichi" (1892-1922) eta Avelina Rodríguez "Lina" senar-emazteak –Aurelio Artetaren "Idilio en los campos de sport" koadroan inspiratuta– segizioan sartu ziren 1998an, Athletic Cluben omenez Moskotarra konpartsaren ekimenez, klubaren mendeurrenaren urtean.

Bilboko erraldoiei buruzko horren moduko pasadizoz josita dago liburuxka, bisita interesgarriagoa izan dadin.

 

Erraldoiak liburua

Aurten ere, izan duen harrera onari esker, Euskal Museoak Erraldoiak liburua dauka berriz. Haurrei zuzenduta, Begoña Elorrietaren testuekin eta Álex Orberen irudiekin, "Gigantes/Erraldoiak/Giants" liburua Bizkaiko Foru Aldundiak argitaratutako “Ipuinak” bildumako hirugarren titulua da. 2017. urtean sortu zen “Ipuinak” bilduma, Bizkaiko udalerrietako pertsonaia herrikoi, tradizional edo folkloriko batzuk Bizkaiko jendeari eta gure lurraldeko bisitariei hurbiltzeko asmoz. Horretarako, Foru Aldundiak hainbat album ilustratu egitea pentsatu zuen, eta euskaraz, gaztelaniaz eta ingelesez argitaratu, pertsonaia horiek modu desberdinean erakusteko. Lehen titulua Gargantuari eskainia zegoen, eta Gargantua txapeldun izenburua izan zuen. Testua Mikel Gil Sojorena zen, eta irudiak Andrea Alonso Vargasenak.

2018an, Marijaia argitaratu zen, Aste Nagusiko erreginari eskainia. Idoia Barrondok idatzi zuen, eta Nuria Hachek egin zituen ilustrazioak. Liburuak arrakasta handia izan zuen Bilboko jaietan, jaietako pertsonaiarik kutunenak zuen koloreagatik.

2019an, Euskal Museoko 'Bilboko erraldoi eta buruhandiak' erakusketarekin batera, Bilbon oso ohikoak diren pertsonaia-multzo bat izan zen protagonista: Erraldoiak. Horretarako, Begoña Elorrieta idazle eta Álex Orbe ilustratzailearen lankidetza izan zen, biek bat eginda album ilustratu bat egin baitute, museoan salgai egongo dena (8 €). Euskal Museoan erraldoiak bizirik daudela ikusten duten bi gazte dira protagonista. Hori dela-eta, museoak pentsatu du erakusketan figurek ere beraien artean hitz egin behar dutela.

Titulu horiei azken nobedadeak gehitu behar zaizkie: Basauriko (Bizkaia) jaietako Eskarabillerari eskainitako liburua, eta Sardinerak alea, euskal kulturan hain ohikoa den tradizio horretan ardaztua.

 

JARDUERAK

Bisita gidatuak:

Klaustro osotik banatuta, erraldoi eta buruhandiek lagun egingo diete museoko Hezkuntza Sailak uda honetarako antolatu dituen bisita gidatuak egitea erabakitzen duten pertsonei. Jarduera uztaileko eta abuztuko ostegunetan izango da, 17:30ean. (Gutxienez 5 laguneko taldea badago)

Parte hartzeko, aldez aurretik izena eman beharko da online, Euskal Museoaren webgunean (www.euskalmuseoa.eus). Sarrerak 1 €-ko prezioa izango du pertsonako, eta taldeak ezin izango dira 6 lagunetik gorakoak izan. (*Egungo araudian zerbait aldatuz gero, litekeena da edukiera ere aldatzea).

Bisitak aukera emango du Bilboko erraldoi eta buruhandien historia, ezaugarri nagusiak eta haien inguruan dagoen tradizioa ezagutzeko. Gainera, jantziak eta nola muntatzen edo dantzatzen diren ere ikusi ahal izango da. Hori guztia, historiaz beteriko gune batean, Bizkaiko museoaren klaustroan, hain zuzen ere.

Prezioa: 1 €

Aurretiazko erreserba: www.euskalmuseoa.eus

Edukiera mugatua: 6 parte-hartzaile

Ordua: 17:30

 

"Egizu zure erraldoia" haurrentzako tailerra:

Etxeko txikienek oso modu berezian gozatu ahal izango dute erraldoiez eta buruhandiez uztaileko eta abuztuko ostegunetan, 12:00etan. Euskal Museoko Hezkuntza Zerbitzuak lagunduko die beraien erraldoirik gogokoenaren txotxongilo bat egiten. Txotxongilo horrek besoak mugituko ditu, eta baliagarria izango zaie Bilboko erraldoien ezaugarri bereziak azaltzeko.

Tailerraren prezioa euro batekoa da parte-hartzaile bakoitzeko, eta, horretaz gozatzeko, aldez aurretik izena eman beharko da online museoaren webgunean (www.euskalmuseoa.eus).

Prezioa: 1 €

Aurretiazko erreserba: www.euskalmuseoa.eus

Edukiera mugatua: 10 parte-hartzaile

Adina: 6 eta 10 urte bitartekoentzat

Ordua: 12:00

 

"Erraldoiak dantzatzen" familia-tailerra:

Erraldoiak dantzatzen guneak Erraldoien Ondalan Konpartsa izango du museoko klaustroan. Sei erraldoitxoen bidez, erraldoiak dantzatzen irakatsiko diete 7 eta 13 urte bitarteko gaztetxoei, uztaileko eta abuztuko ostiraletan (abuztuaren 27an izan ezik), 11:30ean, 12:15ean eta 13:00ean. Txikienentzat: Marrazketa, pintura eta txapak. Aldez aurretik izena eman behar da online museoaren webgunean (www.euskalmuseoa.eus), eta sarreraren prezioa 1 € da.

Prezioa: 1 €

Aurretiazko erreserba: www.euskalmuseoa.eus

Edukiera mugatua: 12 parte-hartzaile txanda bakoitzeko

Adina: 7 eta 13 urte bitartekoentzat

Orduak: 11:30, 12:15 eta 13:00

 

Erraldoien dantza:

Irailean, Bilboko erraldoiak eta buruhandiak erakusketa itxi baino lehen, erakusketari buruzko jarduerarik arrakastatsuenetako bat izango da. Erraldoiak Euskal Museoko klaustroan dantzatuko dira irailaren 3an (19:00), 4an (12:00), 5ean (12:00), 9an (19:00), 10ean (19:00), 11n (12:00) eta 12an (12:00).

Covid-19ak sortutako pandemia iritsi arte, erraldoiek Bilboko Zazpikaleetatik egiten zuten dantza, baina, iaz, museoak aukera hau hautatu zuen, egungo araudia betetzeko eta arriskuak saihesteko.

Sarreraren prezioa 1 € da, eta, bertan izateko, aldez aurretik erreserba egin behar da museoaren webgunean (www.euskalmuseoa.eus).

Prezioa: 1 €

Aurretiazko erreserba: www.euskalmuseoa.eus

Edukiera mugatua: 60 parte-hartzaile

 

Erakusketa honek euskal kultura, folklorea eta Bizkaiko mitologia ditu hizpide. Gainera, haren inguruko jarduera ugariak lagungarriak izango dira historia hori gertutik ezagutzeko. Euskal Museoak Bilboko pertsonaia historiko hauek berreskuratu ditu, uda garaian hiriko kultura-jarduerak indartzeko. Ez ezazu galdu!