ANTHOLOGY Manuel de Gotor

ANTHOLOGY Manuel de Gotor

2020(e)ko Martxoaren 5a - 2020(e)ko Irailaren 27a

 

Euskal Museoak made in Bilbo gizonezkoen lentzeriaren azken 30 urteak errepasatuko ditu

 

Instituzio bizkaitarrak ANTHOLOGY erakusketa aurkeztuko du, eta Manuel de Gotor diseinatzaile bilbotarraren pieza esklusiboak jasoko ditu

Halaber, erakusketaren bidez, artista euskaldunak eginiko gizonezkoen lentzeriaren eta bainurako arropen lehen bildumaren 30. urteurrena ospatuko da

2020ko martxoaren 5etik irailaren 27ra arte egongo da bildumaz gozatzeko aukera

Azken 30 urteetako 100 jantzi eta osagarri original bilduko ditu gutxi gorabehera erakusketak, hainbat bildumatako 45 argazkirekin batera 

 

 

Euskal Museoak ANTHOLOGY izeneko aldi baterako erakusketa berria aurkeztuko du 2020ko martxoaren 5etik abuztuaren 30era bitartean. Bertan, gizonezkoen barruko arropen modak azken 30 urteetan izandako ibilbideaz gozatzeko aukera egongo da, Manuel de Gotor diseinatzaile bilbotarraren lanari esker. Lentzeriako eta bainurako modako pieza esklusiboen bilduma horren bidez, posible izango da jantzi horiek urteetan zehar izan duten eboluzioa ezagutzea.

Obra horiek guztiak diseinatzaile euskaldunak eginiko desfile ikonikoetakoak dira, besteak beste, Génesis, Retro edo Marajás desfileetakoak, non aurkeztu baitira barruko piezak, galtzontzilloak, kamisetak, pijamak, txabusinak, bainujantziak, bainu-txabusinak, etab.

Erakusketan, hainbat garai markatu dituzten 100 pieza eta osagarri original egongo dira ikusgai gutxi gorabehera, eta pieza horiek Bilbon sortutako gizonezkoen barruko arropen modak denboraren poderioz izan dituen aldaketen lekukoak dira.

Aipatzekoak dira 2010eko Retro bildumako likrazko bainujantzia erliebedun estanpatuarekin eta zeta-puntuzko kamiseta eta galtzontzilloa, David Paquet artistak eskuz margotutako 1996ko udako estanpatuarekin.

Harrigarria da bi koloreko elastan-algodoizko osoko jantzia ere, 1998ko Corazón de Fuego bilduman aurkeztutakoa.

Bilduma horrekin batera, hainbat argazkik osatuko dute erakusketa. Zehazki, 45 irudi jasoko dira, argazkilari, modelo, makillatzaile eta ile-apaintzaile nabarmenekin eginiko bildumenak. Horrez gain, diseinatzailearen bat-bateko argazkiak bilduko dira, non bere 30 urtetako lana eta beste artista batzuekin eginiko kolaborazioak ikusi ahalko baitira.

Hala, Euskal Museoak ateak irekiko dizkio Bilboko jantzien kulturari eta historiari, Manuel de Gotor diseinatzailearen lanaren eskutik.

 

Manuel de Gotor

Bilbon jaio zen 1964an.

1984an diseinu-ikasketak hasi zituen Madrilgo Goymar eskolan, eta, 1986an, bere ibilbidea hasi zen modaren munduan, bere firma sortu eta emakumezkoen festarako modako lehen bilduma aurkeztu baitzuen. Data horretatik aurrera, eta 1988ra arte, bere sorkuntza-eremua zabaldu zuen, eta gizonezkoen moda eta osagarrien bildumak egiten hasi zen. Edonola ere, bere ibilbidea 1989an aldatu zen erabat, gizonezkoen lentzeriako bilduma sortu zuenean; mota horretako lehen bilduma izan zen Estatuan, eta aitzindarietako bat Europan. Izan ere, lentzeria betidanik mundu femeninoarekin erlazionatu den kontzeptua da. Aldiz, Manuel de Gotorrek kontzeptu hori garatu egin zuen, eta, ondorioz, mundu berri bat sortu zuen gizonarentzat. 1990ean, gizonezkoen bainujantziak gehitu zizkien bilduma horiei, eta, ordutik aurrera, bere diseinuak pasarela garrantzitsuenetan aurkeztu ditu, esaterako, Cibeles pasarelan, Milanen, Parisen, etab. Gaur egun, lanak sortzen eta horiek pasarela garrantzitsuenetan aurkezten jarraitzen du, besteak beste, Mercedes Benz Fashion Weeken.