GORRERI BISUALA | ZALOA IPIÑA

GORRERI BISUALA | ZALOA IPIÑA

2020(e)ko Otsailaren 20a - 2020(e)ko Abuztuaren 31a

 

Zaloa Ipiña bizkaitar artistak Gorreri Bisuala erakusketa jarriko du ikusgai Euskal Museoan. Erakusketak arte garaikidea hurbilduko du erakundera. Publikoa hizkuntza aniztasunaren gainean kontzientziatu nahi du, eta euskara bezalako hizkuntza bat arte plastikoetan aztertzeko erabiltzen du. 2020ko otsailaren 20tik abuzturaen 31ra arte, Euskal Museoan instalazio eskultoriko ezberdinak aurkitu ahalko dira, artistak artearen bidez euskararekiko babesa helarazteko sortu dituenak. Gainera, erakusketa mezuz betetako bideo eta argazki ugarik osatzen dute.

“Hizkuntza bakoitzaren egungo egoera bere bizitzan pairatu duen guztiaren isla da. Tamalez, ezin da gure hizkuntzaren historia eta egoera ulertu hizkuntza nagusiek honen hizkuntza errealitatearen eraikuntzan izan duten rola aintzat hartu gabe. Genozidio kulturala, eskola eraztuna, gortasun bisuala, dominazioa, hizkuntz aurreiritziak... Asko dira burura datozkidan gai eta istorioak egungo hizkuntza gutxituen egoeraren arrazoien bila hasten naizenean, eta arrazoi eta bizipen horiek dira proiektu honetan landu ditudanak”, dio Zaloa Ipiñak.

Erakusketak euskara gaur egun gutxiespen egoeran egotera eraman duten arrazoi historikoen gaineko irakurketa bisualagoak sortu nahi ditu, baita hizkuntza bat hiltzeraino eraman dezaketen alderdi sozial edo soziolinguistikoei buruzkoak ere. Horretarako, artistak hainbat filologo, hizkuntzalari, soziologo, historialari eta artistaren ikerketa materiala izan du, hala nola: Juan Carlos Moreno Cabrera, Marleen Haboud, Xabier Irujo, Joan Mari Torrealdai, Pako Aristi, Xosé-Henrique Costas, David Crystal eta Alfonso Rodríguez Castelaorena.

Euskara ez da erakusketan egongo den hizkuntza bakarra. Izan ere, Euskal Museoaren aldi baterako erakusketa aretoan 4 bideo ikusi ahalko dira, aragoierazko, asturierazko, galegozko, okzitaniera-aranerazko eta katalanezko audioa dutenak. Ipiñak, euskarari laguntzeaz gain, bere ustez artearen munduan diskriminatuta dauden beste hizkuntzei ere lagundu nahi die. “Tamalez, diglosia egoeran dauden lurraldeetan orokortutako arazoa da. Orokortasun horietan arreta jarri gabe, nire hizkuntzarenganako zor batetik eta bizitzaren behar batetik, Gorreribisuala proiektu artistikoa sortu dut”, dio.

 

 

Ez da Euskal Museoak euskararen inguruko erakusketa bat aurkezten duen lehendabiziko aldia. “Euskara ibiltaria”, Euskaltzaindiaren laguntzaz, 2019an erakusketa sentsorial bat inauguratu zen bizkaitar erakundean, hizkuntza honetan bost zentzuekin murgiltzeko aukera eman zuena, XX. mendeko 80ko eta 90eko hamarkadetan Euskararen Herri Hizkeren Atlasa osatzeko egindako ikerketa lan sakon bat erakusteaz gain.

Orain, Gorreri Bisuala Museora heldu da arte erakusketa batean gutxitan ikusitako gai bat jorratzeko: hizkuntzen eta lengoaiaren kontserbazioa, mundu artistikoaren beste elementu bat bezala.

 

ZALOA IPIÑA (Bilbo, 1986) Arte Ederretan lizentziatua da UPV/EHUn (2009), eta Obra Grafiko Garaikidean master bat egin du A Coruñako CIEC Fundazioan. Diziplina anitzeko artista bilbotarra da. Arte Ederretan lizentziatua UPV/EHUn, grabatu garaikideko master bat egin zuen A Coruñan. Bere azken proiektu artistikoen abiapuntua izan dira arazo sozialak, aldi berean ezintasun pertsonalak direnak.

Beka eta sorkuntza artistikorako laguntza ugari jaso ditu, besteak beste, Bilbaoarte Fundazioarenak edo Bizkaiko Foru Aldundiarenak, eta egoitza artistikoak egin ditu Bartzelonako Centre D’art Contemporani Piramidón bezalako lekuetan.

Banakako erakusketen artean honakoak azpimarratu behar dira: Fuenlabrada, Madrilgo Tomas y Valiente Arte Zentroan (2019); Durangoko Arte eta Historia Museoan (2018), Bilbaoarte Fundazioan (2017); Bilboko Rekalde Aretoan (2016), Reuseko Antoni Pinyol Galerian (2016) eta Bilboko Windsor Kulturgintza Galerian (2014) egindakoak. Era berean, erakusketa kolektibo bezala aipatu behar dira leku hauetan egindakoak: Gasteizko Talkagaleria (2018), «Eginberri» Bilboko Guggenheim Museoan (2017), Zaragozako A del Arte Galerian eta Islandiako «Punto y raya festival 2014», Reykjavik Center For Visual Music-en.