Everest: Herri oso bat gailurrean

Everest: Herri oso bat gailurrean

2018(e)ko Azaroaren 27a - 2018(e)ko Abenduaren 31a

 

Euskal Museoak  Mendi Film Festivalek 11. edizioko (abenduak 7-16) harribitxietako bat aurkezten du jendaurrean, "Everest: Herri oso bat gailurrean" komikia, 1974ean eta 1980ean euskaldunek munduko gailurrera egin zituzten espedizioen kontaketa marraztua.

 

ERAKUSKETA

Euskal mendizaletasunaren mugarri nagusietako bat da 1980ko Everesteko igoera: Martin Zabaletak eta Pasang Temba sherpak maiatzaren 14an zapaldu zuten munduko gailur altuenaren tontorra, eta haiekin batera, talde oso batek, herri oso batek jo zuen goia, sentimendu eta zirrara deskribaezinean.

Espedizio horren historia komiki formatuan jaso dute Mendi Film Festivalek eta SUA edizioak argitaletxeak elkarlanean, lehenak sortutako proiektua bigarrenak plazaratuz.

 

Cesar Llaguno marrazkilariak trazu iradokitzailez arnasberritu du igoera hura, Ramón Olasagastik egokitutako gidoiari bizia emanez.

Komikiaz gain, Bilbao Mendi Film Festivalek erakusketa bat ere atondu du liburu ilustratu horretako bineta esanguratsuenekin eta iradokitzaileenekin, espedizioaren nondik norakoak azaltzeko, eta komikiaren prozesua bera erakusteko. Hainbat paneletan jaso dira komikiko bineta ederrenetako batzuk, eta marrazkien bilakaera nolakoa izan den azaltzen da, hasi zirriborro huts zirenetik eta liburuko azken bertsioraino. 

 

Bilboko Euskal Museoan, 2018ko azaroaren 27tik urtarrilaren 31era arte

 

KOMIKIA NON ESKURATU

Bilbao Mendi Film Festival egunetan (abenduak 7-16) eskuratu ahal izango da komiki liburua, bai Euskalduna Jauregian egingo den Hasiera Ekitaldian, eta baita Sala BBK atarian jarriko den salmenta gune berezian.

Durangoko Azokan ere SUA argitaletxearen standean eskuratu ahal izango da.

Eta bestelakoan, ohiko liburudendetan.

#OparituMendi

 

EGILEEI BURUZ

César Llaguno (Barakaldo, 1972) eta Ramon Olasagasti (Berrobi, 1972), marrazki bidez historia biziberritu duen esku trebea bata, eta irudien oinarrian dagoen gidoiaren egilea bestea. Horra komikia osatu duten bi sokalagunak. César Llaguno, besteak beste, Oxígeno, El Mundo de los Pirineos, Alpinist, Trailrun eta Euskal Herria aldizkarietarako hainbat marrazki eta bineten egilea da. Ramon Olasagasti, berriz, Euskaldunon Egunkarian eta Berrian mendiko berriemaile izandakoa eta, besteak beste, “Mendiminez” (Las Cumbres del alma, gaztelaniaz) liburuaren egilea. “Urratsez urrats” aritu dira beren Everest partikular honetan. Césarren paper-zorroan milaka zirriborro pilatu dira, elurretan ez, baina zuriaren gainean eginiko milaka pauso txiki, 1980ko espedidiziokideen bide berean. Guremendizaletasunaren historiako mugarri hau beste era batera kontatzea, historia marraztea izan da haien ahalegina.

Gidoia lantzeko eta egokitzeko, Felipe Uriartek Everesteko igoera hari buruz idatzitako liburua, espediziokideen testigantzak eta beste hainbat iturri erabili dituzte egileek. Lehen lerro horien gainean ekin zion César Llagunok aurreneko zirriborroak eta marrazkiak osatzeari. Eta behin gidoia finkatuta, marrazkiek ere bide horri jarraitu diote. Milaka zirriborro egin ditu Llagunok, bineta bakoitzak ezin konta ahala aldaera eta bertsio izan ditu, harik eta azken-azkenekora iritsi arte. Everesteko igoera honen historia ez da 1980an abiatzen, askoz lehenago baizik. Komikiak 1967ra arte egiten du atzera: urte hartan euskal mendizaleek –tartean 80ko hainbat espediziokidek– hainbat igoera egin zituzten Andeetako gailurretan. 1974ko Everesteko “Tximist” espedizio entzutetsua etorri zen gero, hainbat oztopo politiko gainditu ondoren. Orduko hartan, gertu izan arren, ezin izan zuten gailurra lortu. Halaxe iritsi zen 80ko bigarren ahalegina. Kike de Pablo eta Xabier Erro 1979ko abenduan abiatu ziren Gasteiztik, garai hartan materiala itsasontziz bidaltzen baitzen Indiara, eta gero handik kamioietan eramaten Nepaleko mugara. Behin mendian, euskal mendizaleek eta sherpek orpoz orpo egin zuten lan. Zailtasunak, istripuak, etsipen uneak... franko izan zituzten, baina maiatzaren 14an, Martin Zabaletak eta Pasang Temba sherpak gailurreraino eraman zuen talde oso baten lana eta kemena, herri oso baten ilusioa eta poza. Herri oso bat munduaren gailurreraino eraman zuen igoeraren unerik gogoangarrienak biziberritzen dituzte hala komikiak nola erakusketak. Orduko protagonistetako batzuk joanak dira dagoeneko, eta haien omenezko lekukotza xumea ere badira.

 

 

BILBOKO EUSKAL MUSEOA

2018ko azaroak 27tik abenduak 31arte

Miguel Unamuno plaza , 4 |  Metro zazpi kaleak (Unamuno)