BILBOKO ERRALDOIAK ETA BURUHANDIAK 2018
2018(e)ko Uztailaren 1a - 2018(e)ko Irailaren 2a
ASTE NAGUSIKO ERRALDOI ETA BURUHANDIAK EUSKAL MUSEORA IRITSI DIRA
Joan den urtean, Aste Nagusian bakarrik, erakusketak 23.000 bisitari baino gehiago izan zituen
Erakusketa 1988ko belaunaldiko pertsonaiek osatzen dute gehienbat, eta horiek ikusteko aukera egongo da uztailaren 1etik irailaren 2ra
Euskal Museoak, erakusketaz gain, hainbat jarduera eskainiko ditu: kalejira, lehiaketak, gaztetxoentzako tailerra
Euskal Museoak ohiko bihurtu den Erraldoi eta Buruhandien erakusketa aurkeztuko du. Oraingoan, 1988ko belaunaldiko 10 erraldoik eta 9 buruhandik osatzen dute erakusketa. Gainera, Pitxitxi eta Lina, 1998ko bikotea, egongo dira bertan, bai eta 1980ko bikote bat ere, Museoaren sarreran. Halaber, 2012an Bilboko Konpartsek enkargatu zuten buruhandia ere egongo da ikusgai (Juan Carlos Eguileorrek 1978ko Aste Nagusiko zapi urdinerako diseinatu zuen armarriarekin). 2018ko uztailaren 1etik irailaren 2ra bitartean ikusi ahalko da erakusketa; izan ere, inauguratu berri den klaustro estalian egongo dira ikusgai pertsonaia ezagun horiek guztiak.
Erakusketa ez da izango Bizkaiko erakundeak Bilboko Erraldoi eta Buruhandien inguruan antolatu duen jarduera bakarra. Uztailaren 4an, 17:00etatik 19:00etara bitartean, Museoan hasiko den erraldoien eta erraldoi txikien kalejirak musikaz eta dantzaz beteko du Bilboko Alde Zaharra, Erraldoien Ondalan Konpartsaren eskutik. Eta, betiko moduan, etxeko txikienek funtsezko garrantzia izango dute erraldoi eta buruhandiekin lotutako egitarauan. Umeentzako “Erraldoiak dantzarazten” tailerra Euskal Museoan izango da uztailaren 5ean, 12an eta 19an (ostegunak), 11:00etatik 13:00etara. Jarduera 15 urtetik beherakoei zuzenduta dago, gaztetxoei pertsonaia ezagun horiek dantzarazten irakasteko asmoz, haien tamainari egokituta. Parte hartzeko, beharrezkoa izango da aldez aurretik izena ematea 94 415 54 23 telefono zenbakian; matrikulak 3 euroko prezioa du, eta saio bakoitzerako 25 plaza egongo dira, gehienez.
Tailerra osatzeko, bildumagileak gonbidatzen ditugu euren gomazko Erraldoi Txikiak ekartzera, museoko patioan horiekin jolasteko. Txikienek (6 urtetik beherakoak) marrazkiak, margo-lanak eta txapak egiteko tailerraz gozatu ahalko dute.
EGITARAUA
Uztailak 1 | ‘Bilboko Erraldoiak eta Buruhandiak’ erakusketaren hasiera.
Erakusketa doakoa izango da Aste Nagusian
Uztailak 4 | 17:00 - 19:00 Kalejira Zazpi Kaleetatik, Erraldoien Ondalan Konpartsaren eskutik.
(Euskal Museotik irtengo dira)
Uztailak 5, 12 eta 19 | ‘Erraldoiak Dantzarazten’ tailerra klaustroan, Erraldoien Ondalan Konpartsaren eskutik
4 metrotik gorako pertsonaia horiek (besteak beste, Olagizona edo Meatzaria eta Zigarrogilea, edota Pitxitxi eta Lina) Museoko Klaustroan egongo dira, Mikeldi idoloa zaintzen. Guztira, 10 Erraldoi eta beste hainbeste Buruhandi egongo dira ikusgai, urterik urte bisitari gehiago izaten dituen erakusketan. Aste Nagusian, klaustrotik aterako dira egunero, hiriko kaleetan zehar ibiltzeko. Aukera paregabea da, helduek zein gazteek Bilboko Erraldoi klasikoez goza dezaten.
Prest al zaude beste behin ere Bilboko Erraldoi eta Buruhandiei bisita egiteko? Pertsonaia ezagun horiek klaustroan daude jadanik! Ez ezazu galdu erakusketa mitiko hau ikusteko aukera...