UNIVERSITARIO BILBAO RUGBY: 50 URTE

UNIVERSITARIO BILBAO RUGBY: 50 URTE

2018(e)ko Apirilaren 20a - 2018(e)ko Maiatzaren 20a

 

 

EUSKAL MUSEOAK BIZKAIKO ETA BILBOKO ERRUGBIAREN HISTORIARI BURUZKO ERAKUSKETA BAT HARTU DU, EUROPAKO FINALEN HARIRA

 

20 egun baino ez dira falta Bilbon antolatuko den Europako kirol-ekitaldi esanguratsuenetako baterako. European Rugby Challenge Cup-eko eta European Rugby Champions Cup-eko finalak maiatzaren 11n eta 12an izango dira San Mamesen. Hori dela eta, hiria kirol honen giroa sentitzen hasi da, eta, kirol ekitaldi izugarri horretarako prestatutako jarduera osagarrien barruan, Bilboko Euskal Museoak "Universitario Bilbao Rugby: 50 urte" erakusketa aurkeztu du. Erakusketak mende erdia beteko duen klub horren ibilbidea erakusten du, eta Bilbok eta Bizkaiak baloi obalatua darabilen kirol honekin duten lotura irudikatzen du. Euskara eta Kultura Saileko foru diputatu eta Museoko presidentea Lorea Bilbaok, Bilboko alkate Juan Mari Aburtok, Museoko koordinatzaile Sorkunde Aiarzak eta Universitario Bilbao Rugbyko presidente Aitor Jauregik eman diote hasiera.

 

 

KLUBAREN EZAUGARRIRIK ADIERAZGARRIENAK

Elastikoak, baloiak, ezkutuak, banderatxoak, argazkiak eta informazio-panelak egongo dira, besteak beste; hau da, klubaren ibilbidea egongo da ikusgai erakusketan. Universitario Bilbao Rugby taldeak eta Bilboko Udalak antolatu dute Bizkaiko Foru Aldundiaren laguntzarekin, eta maiatzaren 20ra arte bisitatu ahal izango da. Errugbiak Bilbon eta Bizkaian duen historia ezagutzeko aukerarik onena da erakusketa, hasi zenetik orain arteko ibilbidea jaso baita, kirolean izandako gertakari eta talde nagusiekin batera.

Klubak mende erdiko ibilbidea egingo du Europako finalak ospatzearekin batera; hortaz, taldearen ibilbidea berrikusteko une hobeezina da oraingoa. Erakusketan oraingo Universitario Bilbao Rugby klubean parte hartu duten talde guztien denborazko azterketa bat egingo da, eta kirolaren arau zein balioei buruzko informazioa emango da. Ikusleek, halaber, bideo bat ikusi ahal izango dute, non partidarik onenen eta klubaren ibilbidearen hainbat mugarriren hautaketa egin den.

Klubak gaur egun bizi duen egoera aztertuko da bertan, eta ‘Rugby Bilbao Hiria’ trofeoaren, emakumeen errugbi-taldeen eta errugbi inklusibokoen aipamen berezia egingo da, bai eta udako campusarena ere.

 

EPCR-REN TXAPELKETAK BILTZEN DITUEN PANELA

Erakusketa osatzeko European Professional Club Rugby (EPCR) delakoaren txapelketak biltzen dituen panel bat jarriko da. Horren emaitza dira Bilboko finalak. Bi txapelketa hauetan parte hartu duten taldeek jokatutako partidei buruzko informazioa egongo da bertan: European Rugby Challenge Cup eta European Rugby Champions Cup.

 

HISTORIA DUEN KLUBA

Universitario Bilbao Rugby 2000. urtean batu ziren bi talderen emaitza da. Hauexek izan ziren bi talde horiek: Bilbao Rugby Club eta Universitario XV Rugby Taldea. Gaur egun Euskal Ligan jokatzen du, eta aurten estatuko errugbiko ohorezko B mailara igotzeko fasea jokatzeko aukera izan dezake. Klubak kategoria guztietan ditu taldeak: senior, gazteak, kadeteak, haurrak eta beteranoak. Gainera, iaz sortu zen emakumeen taldea dago, Euskal Liga jokoan duena. Horrez gain, errugbi inklusiborako talde bat du, non desgaitasuna duten pertsonek parte hartzen duten. Bestalde, prestakuntza-eskola bat dauka: Bilbao Rugby Eskola.

Bilbao Rugby Club aitzindaria izan zen 1968. urtean. Orduan Club Atlético Universitario izenarekin sortu zen. Geroago, 1971. urtean, Bilbao Rugby Club izena hartu zuen. Charles Nicholson izan zen sustatzaile nagusietako bat, Bizkaiko hiriburuan zegoen ekonomiako gaietarako kontsulorde britainiarra. Klubak egitura sendoa izan zuen, eta laurogeita hamarreko hamarkadaren erdialdean taldeak zituen kategoria guzietan. 94-95eko denboraldia izan zen arrakastatsuena, eta Bizkaia Kopa lortu zuen. Gainera, Copa Federación Española txapelketako finalaurrekora iritsi ziren.

Universitario XV Rugby Taldea, ordea, 1969. urtean sortu zen. Orduan, Ingenieros Bilbao izenarekin sortu zuten. Eskualdeko ligan eta unibertsitateko txapelketa ugaritan hartu zuen parte izen horrekin, non Sevillan eta Bilbon antolatutako txapelketak irabazi zituen, 1972. eta 1973. urteetan, hurrenez hurren. 1976. urtean Club Deportivo Bilbao izena jarri zioten, eta izen horrekin une gogoangarririk garrantzitsuenetako bat lortu zuen: lehenengo mailara igotzea. 1979. urtean izan zen hori. 1986. urtean Universitario XV Rugby Taldea izena jarri zioten.

Gustuko al duzu errugbia? Ez ezazu galdu Euskal Museoak kirol honek Bilbon eta Bizkaian izandako historia ezagutzeko ematen dizun aukera!