FU LA SPAGNA! Espainiako Gerra Zibilari buruzko begirada faxista

FU LA SPAGNA! Espainiako Gerra Zibilari buruzko begirada faxista

2018(e)ko Ekainaren 17a - 2018(e)ko Irailaren 2a

 

 

 

Fu la Spagna! Espainako Gerra Zibilari buruzko begirada faxista

argazki-erakusketa

 

Fu la Spagna! Espainiako Gerra Zibilari buruzko begirada faxista erakusketan bildu da, lehenengo aldiz, Italia faxistak Espainiako gatazkan egindako esku-hartzearen errepresentazio osoa, hala eremu ofizialeko errepresentazioa nola norbanakoek egindakoa. Kataluniako Historia Museoak (Museu d’Història de Catalunya) ekoitzi du erakusketa, Italiako Zinema Ikasketei Buruzko Zentroarekin elkarlanean (Centro di Studi sul Cinema Italiano), eta bi doktore aritu dira komisario: Daniela Aronica eta Andrea Di Michele.

Gaur egun arte, erakusketa mugatuak egin dira, adibidez, Aviazione Legionaria edo Corpo Truppe Volontarie taldeek arrasto nabarmen eta ia beti tragikoak utzi zituzten lekuei buruzkoak (Bartzelona, Levanteko kostaldea, Burgoseko merindadeak, Alcañiz); edo, bestela, gerran parte hartu zuten eta argazkilaritzaren zaleak ziren zenbait militarren testigantza zuzenak biltzen zituztenak (Guglielmo Sandri, Michele Francone, Alfonso Covone).

Azken batean, faxismoaren argazki-propagandak Espainiako Gerra Zibilaren inguruan josi zuen kontakizun mitikoa frogatuko zuen erakusketa baten beharra zegoen, kontakizun horretatik edan baitzuten –nork bere erara– beren burua nazionaltzat izendatu zutenen alde borrokatu ziren boluntarioek.

Beraz, hauxe genuen egitekoa: modu dialektikoan erakutsi eta uztartu behar genituen, batetik, garaiko prentsa italiarreko irudietan nola erakutsi zen Espainiako gerra, eta, bestetik, CTVko kideek nola hauteman zuten beren gerra.

Edonola ere, artxibo militarrak irekirik, beste funtsezko begirada bat gehitu behar genion aurrez aipatu ditugun bi begiradei: gudan ari ziren Indar Armatuen begirada, hain zuzen ere. Beren ekintzei buruzko dokumentazio luze-zabala dago, bere garaian barne-helburuetarako bildu zena, eta iruditu zitzaigun ikuspuntu horren adierazpidea ezinbestekoa zela Italia faxistak gerran egindako esku-hartzearen argazki-errepresentazioa ulertu nahi bagenuen.

Bildutako guztiak ezin genituenez erakutsi, gutxi gorabehera 300 hautatu eta ipini ditugu erakusketan, eta adierazgarritasunari eman diogu lehentasuna, betiere, argazkien kalitate estetikoa kontuan harturik.

Hiru ikuspunturen arabera antolatu ditugu edukiak: 1) hedabideen ikuspuntua, erregimen faxistaren zentsura irmoari men egin behar ziona; 2) boluntarioen ikuspuntua, sinekdoke bidez adierazten dena, hamar bat legionario-argazkilariren argazkiekin, eta, 3) erakunde politiko-militarren ikuspuntua.

Hiru igorle dauzkagu, hirurak ezberdinak, eta gerora artikulatu ditugunak; nork bere moduan heldu zion erakutsi beharreko “objektuari”; izan ere, hiru subjektu ekoizleek nork bere misioaren arabera ekin zuen, izan misio profesionala (hedabideak, militarrak, gobernua eta ministerioak) edo misio pertsonala (legionarioak). 

Horren ondorioz, hiru ekoizpenetan zenbait konstante agertzen dira, erraz ezagutzekoak, eta, beraz, hiru kontakizun autonomo samar sortu dira.

Edonola ere, propagandak izan zuen eraginik iruditegi kolektiboan, eta herritar ugari, hain justu ere, orduantxe identifikatu ziren sutsuen erregimenaren kontsignekin, Espainiako kolpe militarraren garaian, Etiopiako gerra amaitu berritan (1936ko maiatzean). Ondorioz, zenbait gai edo gertakizuni buruzko autonomia izugarri murriztu zen, eta begiradak, aitzitik, sintonian zeuden.

Kamerek, ordea, ezin zituzten propagandaren eskakizunak guztiz bete; zergatik, bada, batzuetan behintzat, arrazoi oso sinple batengatik: Mussolinik gerraz uste zuena eta errealitatea ez zetozelako bat. Halako egoeretan, ilustratzaileek kontatu zuten duce-ak buruan zerabilen gerra, zeina ez baitzen ia inoiz gertatu. Garai hartako aldizkari ilustratu nagusien zenbait azal eta kontrazalek osatzen dute “hutsunea”.

Hala, dialektika argigarri bat agertzen zaigu erakusketan; izan ere, halako moduan muntatu dugu, non mahai gainean jartzen baitira, serie batean edo bestean, hainbat “absentzia” –zirkunstantzial edo erabateko– aldakorren, konstanteren eta sintomatikoren arteko jolasa.

 

Daniela Aronica

 

 

 

Antolatzaileak:

 

 

 

Produktoreak: