Mendia, lirain Zapietan - Foullard delle Montagne
2017(e)ko Azaroaren 22a - 2018(e)ko Urtarrilaren 28a
Turingo Museo Nazionale della Montagnaren bildumatik datozen piezaz osaturik dago erakusketa. Berrehun ale inguru daude bilduman jasota, eta mendia da haien guztien gaia. Antzinakoenak aurreko mendeko 1920ko eta 1930eko urteetakoak dira, eta badira mende honetako fularrak ere. Moda munduko izen handien sormenak ikus daitezke erakusketan. Sortzaileen artean hor dira Chanel, Hermès, Prada, Givenchy, Gucci, Céline, Burberrys, Ralph Lauren, Escada eta beste hainbat. Eta horiez gain, hainbat sortzaile garaikide: Lola Paltinger,
Milleneufcentquatrevingtquatre, Étoile de Marie, Casali 71 eta Charlotte Hudders, batzuk aipatzearren.
MUSEOMONTAGNAREN BILDUMA
Fularren bildumak 180 pieza inguru biltzen ditu. Antzinakoenak aurreko mendeko 1920ko eta 1930eko hamarkadakoak dira, eta badira mende honetako fularrak ere. Zapi horien sortzaileen artean hor dira moda munduko izen handi guztiak: Chanel, Hermès, Prada, Givenchy, Gucci, Krizia, Burberrys, Escada, Gabrielli, AAllard y Bogner… Eta horiekin batera, gaur egungo sortzaileak eta ekoizleak. Halaber, badira luxuzko osagarriekin batere zerikusirik ez duten ale soilagoak ere. Dotoreenak zetaz eginak dira, antzinakoenak kotoiz edo artilez, eta berrienen artean, badira material sintetikoz eginak ere, besteak beste azetatoz, rayonez eta poliesterrez. Zeta material noblea da, findua, arintasunaren, ametsaren eta dotoreziaren ikurra. Hein batean, lehengai honen antzina-antzinako historiari eta urruneko sustraiei loturiko ezaugarriak dira aipatutakoak; izan ere, erromatarren garaian agertu zen lehen aldiz Mendebaldean, eta, ondoren, maiztasun handiagoz, Erdi Aroan. Batez ere Frantzia eta Italia (Genova eta Venezia hiriak, XVIII. mendera arte, eta Florentzia eta Como, berrikiago) izan dira zetaren hedapena bultzatu duten herrialdeak.
HERMÉS ETA GUCCI
Fularren historia Maison Hermès etxeari loturik dago. Diseinu aberats eta fantasiazkoekin eginiko zapiak 1937an sortu ziren, Robert Dumas jeinu sortzailearen eskutik. Émile-Maurice Hermèsen suhia eta bazkidea zen Dumas. 1940ko eta 1950eko urteetako bildumako pieza ugari dira marka frantses horren lantegian sortutakoak. Esaterako, Les Joies de la Montagne, Jean-Louis Clerc suitzarrak sinatua, edo Chamois, Xavier de Poreten eskutik sortua, mendiko faunari buruzkoa eta landako kaier baten orrialde bat bezain delikatua. Maison Hermès etxe horretakoak dira gaurdaino gai alpinoekin edo polarrekin loturik egindako beste asko ere, hala nola Hommage a l’Explorateur Sir Ernest Shackleton, Zoé Pauwelsen marrazkiekin.
Moda munduko bi Maison handien historian badira zenbait uztartze. Thierry Hermèsek 1837an sortu zuen bere lantegia, fularrak sortu baino ehun urte lehenago, eta hasiera hartan enpresak zaldientzako zelak eta osagarriak ekoizten zituen. Hain zuzen, zaldiketaren eta goi-gizartearen giro horretan sortu zen, 1921ean, Gucci moda etxea. Vittorio Accornero izan zen Gucci fularren sortzailea, eta 1966an Grace Kellyrentzako eginiko Flora entzutetsuaren egilea, baita nagusiki gai botanikoekin eginiko serie ezagunarena ere.
OLINPIAR FULARRAK
Oroitzapenezko olinpiar fularren tradizioari 1936an ekin zioten, Berlingo Olinpiar Jokoetan, eta ale oso koloretsua egin zuten: bost uztaiak erdian eta herrialde partaide guztien banderak inguruan. Alabaina, ordurako eginak zituzten beste bi fular olinpiar dotore, eskuz landuta, hilabete batzuk lehenago, Bavariako Garmisch-Partenkirchen hiri alpinoan otsailaren 6tik 16ra izan ziren Neguko Olinpiar Jokoen harira. Hain zuzen, Museomontagna-ren bilduman gordeta daude bi ale horiek. Neguko kirol diziplinen irudiak agertzen dira bi fular horietan, eta ondoan, ekitaldia hartu zuen hiriko “postalak”. Ugariak dira olinpiar jokoen oroimenezko aleak, eta horiekin batera, motibo turistikoz ondutakoak, bidaietako oroigarri betebetekoak, zenbaitetan kitsch samarrak. Nolanahi, badira pieza dotore eta finak ere, 1952ko Osloko VI. Jokoetarako eginikoa, adibidez, edota 1968ko Grenobleko Jokoetarako Constantin eta Pierre Ambrogiani ilustratzaile eta margolari entzutetsuei enkargatutako seriea.
FULARRA GAILURREAN
Mendi giroan, askatasunarekin lotu izan da sarri fularra, ezarritako arauak iraultzeko sentipenarekin. Halaxe iradokitzen du ausaz Mary Varale eskalatzailearen 1931ko argazkiak, buruan fular batekin ageri baita, Riccardo Cassinekin batera. Hain zuzen, Cassinen sinadura ageri da “Reina Elena aterpea, 23.24.25. V. 1931” fularrean brodatutako laurogeita hamabien artean. XX. mendeko lehen hamarkadetako alpinista entzutetsuenek utzitako lekukotzak dira. Gailurren konkistan ugariak dira oihal zati karratu batzuen aztarnak. 1786an, Michel-Gabriel Paccardek “zapi handi” gorri bat haizatu zuen Mont Blanc gailurrean, Jacques Balmat kristalbildumatzailearekin batera eginiko igoera arrakastatsuan, Horace-Bénédict de Saussure aitzindariaren ekimenezko espedizio hartan. G.L.M. inizialak brodaturik zituen beste “zapi” bat aurkitu zuten 1999. urtean Everesten, 8.290 metrotan, ipar aurpegiko Couloir Handiaren azpian. Oihal zati horri esker identifikatu ahal izan zuten George Leigh Mallory alpinista ingelesaren gorpua. 1920ko hamarkadan munduko gailur garaiena igotzeko saiakera britainiarren protagonista nagusia izan zen Mallory.