VALLEKO KONDEA. MODERNITATEA ETA TRADIZIOA. GARAI ALDAKETA BATEN ISLA
2017(e)ko Urtarrilaren 19a - 2017(e)ko Martxoaren 26a
Ignacio de Murua y Alzolaren argazkien erakusketa inauguratuko da Bilboko Museoan. Argazkiek XIX. zein XX. mendeko eguneroko bizitza islatzen dute
Irudiek Ignacio de Murua y Alzola Valleko Kondearen (Bergara, 1863 – Donostia, 1953) inguru sozialaren egunerokoa islatzen dute. “Valleko Kondea. Modernitatea eta tradizioa. Garai aldaketa baten isla” erakusketa berria bisitatzea erabakitzen duten pertsonek mirari hau ikusteko aukera izango dute Euskal Museoan, urtarriletik apirilera bitartean. Bergarako Udal Artxiboari esker antolatu da erakusketa; izan ere, Valleko Kondeak bizitzan egindako argazkien bilduma zaintzen duen erakundea da, baita garaiko argazki-estudio nagusietan protagonistari eta bere familiari egindako erretratu profesionalak ere.
Erakusketa, beraz, garai hartako isla da, XIX. mendearen bukaeratik XX. mende hasierara, hain zuzen ere. Garai hartan, aldaketa ekonomiko-sozial garrantzitsuak izan ziren, Erregimen Zaharretik gizarte liberal, burges eta industrialera igaro baitzen, eta, beraz, aurrerapen teknologikoez betetzen hasi zen. Une hartan, argazkilaritza zen Valleko Kondearen pasioetako bat, eta bere familiaren eta inguru sozialaren bizitza kosmopolitako ohitura eta usadioak betikotzeko erabili zuen teknika, Bergarako bizitzan oraindik gizarte tradizionala nagusi zenean.
Ignacio de Murua y Alzolaren bilduma urte haietan erabilitako argazkilaritzako teknika eta euskarrien bilakaeraren adierazle argia da. Garai hartan honakoak ziren teknika eta euskarri nagusiak: linterna magikoko plakak (irudien proiekzioan eta soinuen erabilera sinkronikoan oinarrituta), estereoskopiak (ikusten dena hiru dimentsiotan erreproduzitzea) edota Lumiére autokromoak (kolorezko argazkiak, patataren fekulaz egindako beiraren gainean).
Gainera, egile askoko bilduma da; izan ere, Valleko Kondearen funtsean, garaiko argazkilari ospetsuenen irudiak ere badaude: Nadar, Cánovas edo Kaulakenak, adibidez.
Urteetan, Bergarako Udal Artxiboak Murua y Alzola familiako hainbat adarretako argazki ugari jaso izan ditu dohaintzan, eta, horri esker, Bergarako Udalaren eskutik orain Euskal Museora datorren erakusketa egin ahal izan da.
Hemendik aurrera, aukera izango dugu Valleko Kondeak kliskagailu-kable erdiautomatiko baten bidez obturadorea sakatuz egindako irudiez gozatzeko; hain zuzen ere, gaur egun denon memoria osatzen duten oroitzapenak jasota gera zitezen bildu zituen.
Aukera paregabea da Konde argazkizaleak egindako lana ezagutzeko, eta Euskal Museoan egongo da hurrengo hilabeteetan. Erakusketa honek Eulalia Abaitua argazkilari bilbotarraren ESTEREOSKOPIAK 16 + 16 egungo erakusketa osatuko du, denboraldi kronologiko berekoak izateaz gain, gizarte-maila, estereoskopiaren argazkilaritza teknika eta garai hura jasotzeko sentikortasun artistikoa partekatzen baitzuten.
Euskal Museoa Bilbao Museo Vasco | https://www.euskalmuseoa.eus
Archivo Municipal de Bergara | http://www.bergarakoartxiboa.eus