ESTEREOSKOPIAK 16 + 16
2016(e)ko Irailaren 28a - 2017(e)ko Martxoaren 26a
Erakusketa hau Bilboko Euskal Museoak zaintzen dituen irudien altxor txiki bat da: Eulalia Abaituaren (Bilbo, 1853-1943) argazki-artxiboa. Estereoskopiak 16+16 delakoa Museoak egile horri eskaintzen dion zazpigarren erakusketa da. Ohiko formatuak hautsiz, erakusketa bi edukiren arteko batuketa da: iragan bisuala, 3 dimentsioko betaurrekoekin ikusiko duguna, eta ahozko orainaldia, audiogidekin femenino pluralean entzungo duguna.
Lehenengo batuketa formatu estereoskopikoan egindako Abaituaren iraganeko 16 irudi dira. Hemen erakusten direnak anaglifo kopiak dira, hain zuzen ere, erliebezko irudiak retro argiztaturiko pantailen barruan erreproduzitzeko teknika; irudi tridimentsional gisa ikusteko, beharrezkoak dira bi koloreko kristalak dituzten betaurrekoak izatea, bata urdina eta bestea gorria. Anaglifo horiek izenburuko lehenengo 16 zenbakia hezurmamitzen dute; erakusketaren eduki bisualak dira, Eulalia Abaituari zor zaizkion iraganeko eszenak 3 dimentsiotan.
Bigarren batuketa erakusketako ahozko edukiari dagokio, eta irudiei hitzak jartzen saiatzen da. Mezu horiek euskarazko egungo zenbait idazlerenak dira: Katixa Agirre, Uxue Alberdi, Aurelia Arkotxa, Yolanda Arrieta, Leire Bilbao, Itxaro Borda, Tere Irastortza, Karmele Jaio, Mariasun Landa, Miren Agur Meabe, Laura Mintegi, Lourdes Oñederra, Eider Rodriguez, Danele Sarriugarte, Ana Urkiza eta Arantxa Urretabizkaia. Irudiei aurre egin behar izan diete, eta betaurrekoak jantzita, haiei begira, kontakizunak sortu dituzte. Erakusketan, ez dira irakurtzeko izango, baizik eta audiogiden bidez entzuteko. Egile horiek erakusketaren izenburuko bigarren 16 zenbakia zehazten dute, eta iraganari hitzak jartzen dizkioten egungo ahotsak dira.
Estereoskopiak 16+16 ibilbiderako, Museoak ezinbesteko bi tresna hauek emango dizkie bisitariei: betaurrekoak, ikusteko, eta entzungailuak, entzuteko. Erakusketak ez dauka ibilbide finkorik zehaztuta; hortaz, bakoitzak bere norabidea aukeratu ahal izango du.
Iragan bisualaren eta ahozko orainaldiaren arteko uztartzean magia sortzea espero dugu, bisita ahaztezina izan dadin.