Boladaz Pasatuta
2003(e)ko Apirilaren 29a - 2003(e)ko Abuztuaren 31a
"Boladaz Pasatuta" erakusketa, Bilboko Euskal Museoak duen jantzi bildumaren jende aurreko lehenengo aurkezpena da. Museoak daukan bildumarik garrantzitsuena da, bai berau osatzen duten fondoen kopurua, aberastasun eta ugaritasunagatik eta, zalantzarik gabe, Euskal jantzi herrikoiei dagokienean, Euskal Herriko bildumarik onena delako.
Bildumaren hasiera, Museoaren beraren historiarekin ia bat dator, izan ere, lehenengo jantziak 1917 eta 1925 urteetan jaso ziren. Jantzi horiek dira, dudarik gabe, bilduma honen benetako harribitxiak, garai horretatik aurrera poliki-poliki zabaltzen eta aberasten joan baita inguru tradizionaletik egindako ekarpenekin eta, 1980ko hamarkadaz geroztik, hiriko giroaren adierazgarri izan diren janzkiekin.
Bilduma honetatik abiatuz, beste erakunde batzuen eta partikularren hainbat arropa eta janzkiekin osatu da, erakusketa honen bitartez gure arbasoen janzkerak erakutsi nahi dira, alegia, XVII. mendearen bigarren erdialdetik XX. mendearen lehen laurdenera arteko denboraldian Euskal Herrian zer-nola janzten zen erakutsi nahi da. Horretarako, ongi bereizitako bi espazio antolatu dira, bata giro tradizionalaren adierazle izango dena eta, bestea, hiriko giroarena.
Bilduma aurkeztean testuingurua errespetatu nahi izan da eta arropa horiek jantzi ziren garaiko giroa sortu da, horrela lortzen baitute benetako zentzua edukitzea . Euskal pintura kostunbrista, Guinea, Arteta, Ramon Zubiaurre eta Losada bezalako artista ospetsuen obretan zehazten dena, baliabide egokia izan da janzki mota ugari orden batean erakusteko garaian. Hauek, janzkera herrikoiaren errealitatea eta aniztasuna erakusten dute bere adierazpen desberdinetan , alegia, eguneroko eta jaietako erabileran , eta testuinguru geografiko desberdinetan (kosta, barnealdea,...), eta espero dugu behin betiko gaindituko dítugula urteetan gai honen inguruan errestatu izan diren topiko eta folklorismoak.
Garaiko argazkiak, mural tamainara handituta, izan dira hiri giroko janzkien erakusketarako erabili diren euskarriak. Janzki horiek gehienak euskal hiriburuetatik datoz eta garai hartako moda internazionalaren estilo eta joera batzuen zertzelada xume batzuk dira, noble eta burgesen janzkeraren erakusgarri.
Nekazal munduko janzkiak eta hiri giroko janzkiak, modaz pasatako jantziak dira baina gure iraganaren osagarri den alderdietako baten ikuspegia eskaintzen digute, alegia, modaren iragana , jantzi eta arropen iragana. Egun, beren funtsezko egitekoa, pertsonak janztekoa, alegia, galdu dute, baina arropa hauek jantzi izan zituzten haien identitate historiko eta kulturalaren adierazgarri eta lekuko bihurtu dira.