JAINKOEI BEGIRA. Eguneroko bizimodua herri amerindioetan

JAINKOEI BEGIRA. Eguneroko bizimodua herri amerindioetan

2005(e)ko Otsailaren 8a - 2005(e)ko Apirilaren 24a

“Jainkoei begira” erakusketarekin, kolonaurreko Ameriketako herrien bizimodua nolakoa zen azaldu nahi dugu.

Erakusketari jarri diogun izenburuarekin gogora ekarri nahi ditugu herri horien eguneroko bizitzako ekintza nagusiak, nola baitziren jainkoak jaurestea eta jainkoei eskaintzea euren egunoroko lan eta ekintza guztiak, xumeenetatik hasi -soro bat ereitea- eta konplexuenetaraino -auzo herriei gerra ematea gatibuak egiteko eta gero gatibu horiek jainkoei sakrifikatzeko.

Erakusketaren ibilbideari lotzen garenean aurrena panel handi batzuk ikusiko ditugu Amerindiako kultura garrantzitsuenen kronologiarekin; hurrena, aztertzen ari garen lurralde osoaren mapa fisikoa ikusiko dugu eta, mapa horretan, eskualde ezberdinetako geografia eta klimari buruzko xehetasunak, hain zuzen ere ikusteko nolatan eragiten dioten faktore horiek tokian tokiko herrien bizimoduari.

Sarrera horren bitartez bistara ekartzen dugu lurralde hori populatu zuten herrien arraza aniztasuna eta aditzera ematen dugu zein izan zen bizitzeko landu zuten jarduera nagusia, alegia, nekazaritza, batez ere arto, kakao eta koka laboreak. Abeltzaintzan eta arrantzan ere aritu ziren, baina jarduera osagarri bezala.

Erakusketaren bigarren zatian ukiezinagoko gauzak azaltzen dira, funtsean bizitzaren zikloa bere etapa guztietan, eta ugalkortasunak etapa horietan duen garrantzia. Hor ikusiko dugu nolako etxeak eta jantziak zituzten, ezagutuko dugu euren erlijioa, heriotzari buruzko sinesmenak, hileta erritoak, eta jakingo dugu nolako hilobiak egiten zituzten, bai eta zein ziren jainko garrantzitsuenak bi lurralde nagusietan –Mesoamerikan eta Ande eskualdean.

Ibilbidearen azken zatian, apaizen, tenpluen eta animalia mitikoen garrantzia ikusiko dugu eta erritu eta jaialdi garrantzitsuenak aztertuko dira.

ERAKUSKETAN AGERI DIREN LANAK

Aldi baterako erakusketetarako areto bietan 13 modulu jarriko dira eta horietatik zortzik 18 bitrina izango dituzte. Beste bost bitrina bereiz aurrekoekin elkartuko dira erakusketari koherentzia gehiago emateko.

Beraz, 42 objektu jarriko dira ikusgai aspaldi desagertutako mundu horretara hurbiltzeko eta, hartara, hobeto ezagutu eta ulertzeko.

Erakusketan ikusgai izango dira, besteak beste, gonetan dekorazio geometrikoa eta sorbaldetan tatuaje errituala ageri duten terrakotazko emakumeen irudi batzuk, esaterako Jaliscoko kulturako irudi bat (K.a. 100 – K.o. 250), edo gizaki eta animalia itxurako figura zenbait, esaterako Diquis kulturako Jaguar Jainkoaren itxura, K.o. 1000-1500ekoa.

Erritu erlijiosoak ilustratzeko ikusgai daude Valdivia Kulturako (K.a. 3200-1800) plaka trapezoidal tankerako harrizko idolo txiki bat, edo arrautza tankerako errauts-kutxatila bat estalki konkabokoa eta gainean gizaki baten irudia duena, Tamalemeque kulturakoa (K.o. 200-600)

Bitxiei ere toki bat zor zitzaienez, ikusgai izango ditugu Sinú kulturako (K.a. 150 - K.o. 1500) diseinu geometrikoko urrezko belarritako erdizirkular batzuk, eta urrezko sudurretako bat (alegia, sudur-trenkadan ezartzen zen eraztun apaingarri bat), Tairona kulturakoa eta K.o. 600-1500 bitartekoa.

Objektuekin batera, moduluetan ikusgai daude mapak, idazkiak, marrazkiak, argazkiak eta krokisak, horien bitartez ikusleak hobeto ezagutu dezan kolonaurreko munduko kultura.

Azkenik, bi maketa ere jarri dira erakusketa osatzeko: batak “pilota jokoa” irudikatzen du eta besteak kolonaurreko azoka bat.