BEGOÑA 1900 Errepublika eta Santutegia
2005(e)ko Maiatzaren 31a - 2005(e)ko Urriaren 30a
Honekin, bosgarren aldia da Bilboko Euskal Museoak Eulalia Abaitua Allende Salazar (1853-1943) egilearen argazki erakusketa aurkezten duena. Irudi hauek guztiak lotzen dituen haria lekua bera da, toki zehatza, alegia; datari dagokionez, esan beharra dago, eta hala ulertu, gutxi gora-beherako data batez ari garela, circa batez, hots, mende aldaketa baino lehenagoko nahiz ondoko urteez.
Erakusketa honen bitartez, Museoak ia ehun argazki jarriko ditu ikusgai. Argazkiotan islatzen da, batetik, Uribeko merindadeko elizate zaharra, Gernikako Batzar Nagusietan botoa eta XXXVI. jarlekua izan zuena, eta bestetik, bertakoen bizimoduaren zenbait alderdi.
Eulalia Abaituaren lan isil eta ia ezezagunari esker, 1900eko Begoña hartara gerturatuko gara, eta ikusiko dugu nolakoa zen Eulaliaren inguru hura, Galtzadak auzokoa, ezen bere etxeko ate nagusia zeharkatu besterik ez baitzuen egin behar behatzen jartzeko. Baina behatzearekin aski ez eta urrats erabakigarria egin zuen argazki-kamera hartu eta kliska egiten hasi zenean, izan edozein egun arrunt, izan egun seinalatu bateko ospakizun handia, beti ere keinu, hazpegi, irribarre, freskotasun nahiz malenkonia zantzuak harrapatu eta bereganatzeko. Atseden barik lan egin zuen Errepublika-Santutegia binomioaren iragana betikotzeko, eta gaur egun Bilboko Euskal Museoan gordeta dago.
Begoñan gertatu zen dena eta argazkietan protagonistak ikusiko ditugu, eguneroko bizimodua eginez, dantzaldietan nahiz ganadu-ferietan; erromesak eta pelegrinoak, Amatxo urrezko koroa eta zetroz inbestitu zutenekoa, edo bizkaitarren patroi izendatu zutenekoa. Ezkontzak ere ikusi ahal izango ditugu, orduan ere, gaur egun bezala, askok ezkontza handikiro ospatzeko leku aproposena zelakoan jotzen baitzuen santutegira.
100 urte daude gure artean eta Abaituaren argazkiek ez dute gezurrik esaten; agian nahasgarri gertatuko zaizkigu zenbait perspektiba eta zenbait enkoadraketa dela eta, baina, zuri-beltzean egon arren, orain dugunaren ondoan, bai itxura aldetik eta bai giro aldetik, horren desberdina –gauza batzuetan guztiz desberdina– zen iraganaldi hartara gerturatzeko ezin hobeto etorriko zaizkigu. Sasoi hartan ohikoak ziren begoñarren artean `voy a bajar a Bilbao´(`Bilbora jeitsi behar dut´) edo `vengo de Bilbao´ (`Bilbotik nator´) bezalako esamoldeak. Orduan komunitate erabat burujabea osatzen zuten begoñarrek, Bilbo hiriarekiko loturarik gabea, harik eta 1925eko urtarrilean anexioa etorri zen arte, denborarekin asimilazio bilakatu zena.
EULALIA ABAITUA ALLENDE-SALAZAR (1853-1943)
Bilbon jaio zen, eta bizi, bere familiagaz, Alde Zaharreko etxe baten. Ikasketak Katalunya-ko Sarria-ko Jesusen Bihotzaren Ikastetxean egin ebazan.
1872garrenean Juan Narziso Olano eta Pikabea de Lesaka itsaslari gazteagaz ezkondu zen; lau ume izan ebezan. Ezkondu eta laster, Bigarren Karlista-Gerratearen ondorioz, Inglaterrako Liverpool-era bizi izatera joan, eta han ezagutu eban Eulaliak lehenengo aldiz argazkigintzaren alor zabala, horretarako tresnak eskuratu eta beharrezko teknikabideez jabetuz.
Handik itzuli eta “Palacio del Pino” izena jarri eutsoen etxea eraikiazo eben Begoñako Basilikaren ondoan, bertako sotoan argazkigintzarako saiaketategia antolatuz. Hori izan eban bere bizitze-leku 1941garrenean Bilboko Hiri-Hedagunera aldatu zirenerarte.
1943garrenean hil zen, 90 urte ebazala, eta bere familiaren Begoñako hilobian ehortzita dago.
Bere argazkilaritza-lanari gaiagokozala, ia osorik estereoskopiazko 44x107 milimetroko zuri-beltzezko xaflatan egin eban. Horrelako milatik gora xafla dauzkagu, gero-aldirako trebetasun haundiz jasotzen asmatu ebazan bere garaikideak, eguneroko bizikideak, ohiturak, jaiak, araupeko ohiturak etabar gai ebazala. Alberto Schommer-en iritziz “emakume honek ez eban helburu artea arte soil denez, ez argi-jokoak edo aurrez atondutako ikusgaiak bere; bene-benetako irudi-biltzailea dogu, eta gaurregun Magnum Argazki-Artekaritzako argazkilari onenetakoa litzateke”.