Oinetakoa. Arrasto bat historian

Oinetakoa. Arrasto bat historian

2006(e)ko Uztailaren 4a - 2006(e)ko Urriaren 10a

"Oinetakoa, Arasto bat historian” izenburuko erakusketa Eldako Oinetakoen Museoko funtsez osaturik dago eta oinetakoen historian zehar egindako ibilbide batean gidatzen gaitu; ibilbide horretan, oinetakoen bilakaera eta garai bakoitzean oinetakoek izan dituzten ezaugarriak izango ditugu ikusgai.

Oinetakoak giza jendea bezain antzinakoak dira. Jendeak oinak estaltzeko beharra sentitu du beti naturaren erasoetatik babesteko.

Antzinatasuna
Antzina, oinetakoak babestu ez ezik, gizarte maila ere adierazten zuen. Egipton Faraoiak eta dignatarioek baino ezin zuten oinetakorik erabili; Grezian, berriz, gizon askeak eta esklaboak bereizten zituzten oinetakoek.

Garai hartan garatu ziren oinetakoen oinarrizko formak: sandaliak, zapatak eta botak.

Erdi Aroa eta Aro Modernoa
Erdi aroan, Errenazimentuan eta Barrokoan, hiru pertsonaia historikok ezagutarazi zituzten hiru oinetako motarik garrantzitsuenak...

XII. mendetik, jende guztia hasi zen polainak janzten Anjou-ko dukearen ereduari jarraituz haren jarrera adeitsu eta estilizatua antzeratzeko.

XV. mendean, Frantziako Karlos VIII.ak punta karratuko oinetakoak jarri zituen modan (bere oin itxuragabeak ezkutatzeko), eta "behi mutur" edo "hartz zango" izenaz ezagutu ziren. XVII. mendean irudi dotoreagoa bilatzen da takoidun zapatetan. Luis XVI.ak bere garaiera txikia disimulatzeko erabiltzen zituen.

XIX. mendea
XIX. mendearen hasieran, takoiak bere lekua utzi zion oinetako zapalari eta eskarpin estuei. 30. hamarkadaren amaieran, botoiduna zein lokarriduna izan, botina gailendu zen, eta takoia gero eta luzeago egin zen urteak igaro ahala.

Bestalde, azpantarrak edo polainak sortu ziren. Mendearen erdialdera, garai honetako historian arrakastarik handiena izan duen oinetakoa sortu zen: Oxford oinetakoa.

XX. mendea
Emakumeak esfera publikora iritsi eta emantzipazioa lortzearekin batera, emakumeen janzteko moda aldatu egin zen XX. mendean barrena.

Lehen mundu gerraren ostean, desagertu egingo da arian-arian emakumeen ibilera eragozteko joera eta erosotasuna bilatuko da.

50. hamarkadak ezagutarazi zituen orratz erako takoiak, karga sexual handiko ikurra. 60. hamarkadak, berriz, hippyen mugimenduarekin batera, irudimena askatu zuen mokasinen, plataforma handien eta eskalapoien inguruan eta botaren berpizkundea izan zen. Mende horretako azken bi hamarkadetan, moda diseinatzaile handien ospea zabaldu zen eta horren ondorioz hainbat eta hainbat modelo eta estilo agertu ziren, izan ere, une bakoitzerako eta pertsona bakoitzarentzat oinetako bat sortu zen.

Kirol oinetakoak
XIX. mendean kirola jendarteratu egin zen eta, gomazko zoladun oihal zurizko zapatila abiapuntutzat hartuta, hainbat eta hainbat oinetako mota asmatu ziren kirola egiteko. Baina kirol oinetakoen ezaugarririk nabarmenena da haien erabilera orokortu egin dela azken hogei urteotan. Egokitzapen horren islarik argiena ditugu tenis oinetakoak, dena dela, bolatokiko oinetakoek ("bowling" izenekoak) egungo diseinuetan izan duten eragina izan da azken iraultza.

Beste herrialde batzuetako oinetakoak eta bertako oinetakoak

Herri eta estatu bakoitzaren bilakaerak sekulako eragina izan ohi du oinetakoetan, hori dela eta, aldaketa edo tradizio politiko, sozial eta kulturalen irudiko oinetakoak agertu izan dira.

Bestalde, estatu bakoitzaren barnean herrialde bakoitzak ere bere oinetakoak izan ohi ditu, herritarren lanarekin eta folklorearekin lotura estua duten oinetakoak, alegia. Hartara, estatuan Kantabriako zurezko eskalapoi tipikoak edota Euskal Herriko baserritarren abarkak ditugu, adibidez.