Euskaldunen Pilota Jokoa
2009(e)ko Ekainaren 29a - 2010(e)ko Urtarrilaren 10a
XV. eta XVI. mendeetan pilota jokoan aritzea ohiko kontua da Italia, Frantzia, Flandes, Alemania edo Espainian, eta baita Atlantikoaren beste aldean ere ezen, kronikek diotenez, han ere badira pilota jokoak, kultura bakoitzaren arabera ezaugarri desberdinekoak, baina antzekotasun garbi batez, guztietan osagai erlijiosoa baita nagusi.
Pilota joko hauek definituz joango dira pixkanaka, eta azkenean bi joko mota emango dituzte, joko laburra eta joko luzea. Hauek leku estalian edo aire librean jokatuko dira, eta erremintaz edo gabe: Frantziako jeu de paume, Italiako pallone a bracciale eta penintsulako joko luzea izango dira. Banan bana jokatzen zuten, edo elkarren kontra aritzen ziren bi talde eginda, eta epaileek kontrolatzen zituzten jokoa eta apustuak.
Pilota jokoak badirudi XVIII. menderaino iraun zuela Espainian. Harrezkero gainbehera hasi zen. Beherakada horretan zerikusia izan zuten agintariek, ikuskizunetan gertatzen ziren ordena nahasteen ondorioz, ezartzen zituzten debekuak edo mugak ere.
Euskal Herrian pilota jokoa ez zen desagertu, bai ordea zeharo eraldatu, zehatz definitutako kultur adierazpena bilakatzeraino, bere ezaugarri gorenak ezker-hormako frontoia eta plekako jokoa dituelarik. Gure herrietako gendearentzat pilota-jokoa dibertimendua zen, olgeta, eta aldi berean inguruko herri eta lurraldeekin harremanetan jartzeko modua. Herriak edota villak ikuskizunean parte hartzen zuen, eta udal erakundeak arduratzen ziren jokalekua egoera onean mantentzen eta erabilera publikorako bideratzen. Honela bada, pilota jokoa herrietako kale eta plazetan kokatu zen, udaletxetik edo elizatik hurbil, erabilera publikorako eta bereziki jaiegunetan herriaren topaleku ziren tokietan.
Frontoia, inongo zalantzarik gabe, gure herriaren berrikuntzarako gaitasunaren fruitua da, gure kulturak pilotaren joko unibertsalari eginiko ekarpena. Frontoia, eta bereziki esku-pilota (laxoa, xistera edo zestoa ahaztu gabe, tresna ezagunenak aipatzearren), etengabeko sormen prozesuan bizi den gizarte baten fruitu dira, aldi berean tradiziotik jasotako ezagutza errespetuz tratatzen duen gizartearena.