Eulalia Abaitua. Argazkilaria
2010(e)ko Urriaren 29a - 2011(e)ko Maiatzaren 29a
Eulalia Abaitua Bilbon jaio zen 1853ko urtarrilaren 25ean, familia burges batean eta María Elvira Juliana izenarekin bataiatu zuten Bariko San Nikolas elizan. Handik hilabetera hil zen bere ama, Mª Eulalia Allende-Salazar Eguia eta orduan senitartekoak Eulalia deitzen hasi zitzaizkion, amaren oroimenez. Aitak, Luis de Abaitua y Adarok, inude bat kontratatu zuen Eulalia eta bere anaia Felipe hazteko. Eulalia osasuntsu eta alai hazi zen, baina pinpirin samarra zenez aitak ilea motz-motz ebakitzen zion. Bartzelonako Sagrado Corazón de Jesús de Sarriá eskolan ikasi zuen.
Luis Abaituak odolkidetasun, adiskidetasun eta negozio harremanak zeuzkan Sevillan bizi zen Juan Ygnacio Narciso de Olano merkatariarekin. Hura eta bere emazte Carlota Picavea de Lesaca hil zirenean (1864), Luis izendatu zuten bi seme-alaba gazteen “tutore eta zaintzaile”: Juan Narciso eta Ana. Handik aurrera, Eulalia eta Ana lagun min egin ziren eta, gainera, Abaitua eta Olano neba-arreben arteko ezkontzak mamitzen hasi ziren.
1871an, Luis Abaitua Liverpoolen bizi zen bere familiarekin, Slaw Street kaleko 69 zenbakian. Londresko St. Francis Xavier eliza katolikoan ezkondu ziren bi bikoteak 1871ko maiatzaren 16an, Eulalia Juan Narcisorekin eta Felipe Anarekin.
1876an, Luis Abaitua hil ondoren, bi bikoteak Begoñako elizatean hasi ziren bizitzen. Eulalia eta Juan Narcisok hantxe eraiki zuten Palacio del Pino jauregia, Eulaliak aitagandik herentzian jaso zuen 37.200 m2ko lursailean. Begoñako Amatxoren santutegiaren ondoan kokatuta dago, Bilbo bere oinetan daukala eta Abra zeru-miran. Estilo ingeleseko txaleta eraiki zuten, Ingalaterratik inportatutako materialak erabiliz, croquet zelaia eta gimnasioa zeuzkan lorategi batez inguratuta. Etxe horretan hazi zituen Eulaliak bere lau seme-alabak: Carlota, Andrés, Javier eta Concepción. Gainera, bertan askatu zuen argazkigintzarako zuen grina; laborategi bat instalatu zuen etxeko sotoan eta bere inguruko mundua islatu zuen. Kalearen beste aldean, Felipe eta Anak antzeko etxe bat eraiki zuten, Abaitua etxea, non familia handitu baitzuten 1899an Felipe hil baino lehen.
Eulaliak Ingalaterran deskubritu zuen argazkigintza. Beirazko xafla estereoskopikoak erabiltzen zituen gehien, positiboak zein negatiboak, 4,5x10,7 cm-ko formatuan eta gelatinobromurozko emultsioarekin. Bere familiaren irudiez gain, herri xehea hartu zuen gai nagusitzat, txiroak eta ia beti anonimoak, naturaltasun handiz erretratatu zituelarik.
1909an alargundu ondoren, 1941ean alde egin zuen bere bihotzeko Begoñatik eta Bilboko Kale Nagusiko apartamentu batera joan zen, hantxe hil zelarik 1943ko irailaren 16an. Bere gorpua Begoñako hilerriko familia-panteoian datza.
La Fotografa Eulalia Abaitua (1853.1943). Bizkaiako Gaiak - Temas Vizcainos 423-424. Bilbao, 2010