Aisiaren aurkikuntza
2014(e)ko Martxoaren 27a - 2014(e)ko Ekainaren 22a
Bilboko Euskal Museoak, Zumalakarregi Museoak, Ormaiztegi (Gipuzkoa) egindako “Aisiaren Aurkikuntza” erakusketa ibiltaria aurkezten du. Erakusketak XIX. mendean sortutako aisia modu berriei buruz aritzen da.
XIX. mendean aisia nobleziaren ondare esklusibo izatetik, burgesiaren bizitzaren parte izatera pasa zen. Erakusketa honetan, soziabilitate informalaren esparru berrien agertze eta garapena, nola kultur ekintza eta zentru berriena, aztertuko ditugu. XIX. mendeko aisia kontenplaziozko eta neurrizkoa izango da, irakurketa, eztabaida hezigarria, ibilaldia, antzerkia eta arteak.
KASINO ETA DANTZA SAIOAK
Mende honetan jokuaren inguruko aisi lekuen eraikuntza zabalduko da. Kasinoek jokuan oinarrituko dira, baina ez dira horretara mugatuko. Musikak eta dantzak ere izango dute bere lekua eremu berri hauetan. Gainera burgesiak eta aristokraziak, saloietako elkartzeak, karta jokuak eta ruletak aitzakitzat hartuz, gizarte sareak moldatzen zituzten, zeinetatik negozio oparoak, elkarte politikoak eta ezkontzak sortzen ziren.
Egungo udalaren egoitza den eraikina, 1887.ean inauguratu zen “Gran Casino de San Sebastián” izenpean. Jokua zen jarduera nagusia, baina kontzertuak, dantza saioak, kafetegia eta jatetxea ere bazituen.
Biarritzeko lehenengo kasinoa, Bellevue, 1857.ean inauguratu zen. Ordurako Napoleón IIIk eta bere emazte Montijoko Eugeniak hautatua zuten herria udak pasatzeko. Bere saloietan europar gorte nagusienetako partaideak gurutzatzen ziren.
ANTZERKIAK
Zabalkunde eta jarraitzaileengatik ikuskizunik herrikoiena antzerkia zen. Eraikitako antzerkietan egiten ziren antzezpenetatik kanpo, herri askotan aldian behin komikoen konpainien bisita jasotzen zuten, plazan edo inprobisatutako edozein lekutan antzeztu, kantatu edo dantzatzen zutenak. Antzerkia ez zen lan dramatikoen antzezpen soila, musika eta kantuak ere agertzen ziren. Komediak, saineteak, vaudevillak, operak eta zarzuelak ere antzezten ziren.
Burgesak maiz antzerkira elkar ikustera edo nor bere burua nabarmentzera joaten ziren. Hau antzerkien ferra itxurak laguntzen zuen, gainerako eserlekuen ikuspegia erraztuz. Honela garaiko irudi askotan ikuslegoa prismatikoekin eszenara beharrean, beste esertokietara begira agertzen zaigu.
KAFE ETA TERTULIAK
Mende hasieran burgesiaren artean taberna baina dotoreagoa zen eremu bat zabaltzen joan zen, kafea. Lehenengo hamarkadan jaio eta Hirurteko liberalean (1820-1823) izan zuen arrakasta, bertan biltzen ziren Elkarte Patriotikoak puri purian zeudenean. Jaio berria zen soziabilitate politikoaren eremu eta iritzi publikoaren suztatzaile, kafeak liberalismoaren tresna bihurtu ziren. Bezeroek ordu luzeak jotzen zituzten egunkariak irakurtzen, bertsoak entzuten, solasean eta literatur edo politika hizketalditan.
ERAKUSKETA UNIBERTSALAK
XVIII. mende bukaeratik garatzen joan ziren industriaren erakusketen gailurra izan ziren Erakusketa unibertsalak. Azken aurkikuntzak, industriaren aurrerapenak, merkataritzarenak, eta, zenbaitetan, une gorenean zegoen mendebaldeko inperialismoak ustiatzen zituen kolonietako arraza eta ohitura exotikoak erakusteko balio zuten.
Lehenengo erakusketa unibertsaltzat hartzen dena, 1851.ean gauzatu zen. Erresuma Batuak Londresen antolatu zuen, munduko lehen potentziaren hiriburuan. Eraikin ikusgarria diseinatu zen, Beirazko Jauregia deiturikoa, aurrez eraikitako elementuez osatua,, Hyde Parken bihotzean oso denbora gutxian eraikia, garaiko ispiritu lehiatsuaren irudia izan zen. Erakusketak sei miliotik gora bisitari jaso zituen.
Lau urte geroago, 1855.ean, Parisen Exposition Universelle des Produits de l’Industrie deitutakoa antolatu zuten. Erakusketa hauek interes publiko gorenen eta enpresari sektore desberdinen interes pribatuaren batuketa bihurtu ziren. Lehen Mundu Gerrateraino hemeretzi erakusketa unibertsal eta nazioarteko ugari ospatu ziren Europa eta Ipar Amerikako hirietan.
MUSEOAK
Iraultza frantsesarekin sortzen da museo publikoa, erregetze eta nobleziatik bereizia. Gobernu errepublikarrak, 1791.ean, Louvren erret bilduma guztiak, nobleziari kendutakoak eta elizari konfiskatuak bildu zituen. Handik bi urteetara Arteen Museo Nagusia, Louvre zabaldu zen. Louvren eredu honek Europa osoan eragingo du eta erret bildumak museo publiko bihurtzea arinduko du. Luis Bonapartek Amsterdamgo Rijkmuseum eta Milango Brera Pinakoteka sortuko ditu. Jose Bonapartek, 1809.ean, Madril, Bartzelona, Valencia eta Sevillan arte museoen eratzea agindu zuen. Frantsesen kanporatzearen ostean museo horien sorrera gelditu zen. Fernando VII.enak artelanak aurreko jabeei itzuli zizkien, baina bere jauregietan soberan zituen artelanekin galeria bat Portu zuen, Real Museo de Pinturas. 1819.ean Natur Historiako Kabineta izan behar zuen eraikinean Pradoko Museoa ireki zen, Louvreren eredua jarraituz. Fernando VII.ena hil zenean, 1833.ean ez zuen inork mantendu nahi eta bilduma bere ondorengoen artean banatzear egon zen, baina erregeordeak artelan guztiak Isabel II.arentzat geratzea lortu zuen. 1868.ean nazionalizatu zen, Erret Etxetik bananduz.
ZEZENKETAK
XIX. mendean zehar zezenketak behin behineko plazetan ospatzetik benetako zezen plazetan ospatzera pasako dira. Mende erdi aldera lurralde bakoitzak bazuen bere zezen plaza iraunkorra. Iruña, Bilbao, Gasteiz, Baiona eta Donostiak bazuten berea. Mende bukaera aldera herri txikiagoek ere izango zuten berea, hala nola, Lizarra, Portugalete, Orduña eta Hondarribiak esaterako. Dena den zezenketak festetan edo abagune berezietan bakarrik ospatzen ziren. Herrikoiagoa izaten zen, jendearen parte hartzeagatik, sokamuturra, Donostian bereziki estimatua.
Konstituzioa plaza, 1824.ean eraiki zenetik Donostian ospatzen ziren zezenketen eremua izan zen, baita sokamuturrentzat ere. Egun balkoietan mantentzen diren zenbakiak, zezenketa egunetan etxe hauetako biztanleak plazara begira dauden balkoiak Udalaren esku utzi behar izateari lotuak daude.
Plaza hau 1851.ean San Martingo zezen plazagatik ordezkatua izan zen. Biribila zen eta soilik egurrez eraikia, agintari militarrek ez baizuten eraikin sendoagorik onartu San Martin auzoa hiriaren harresietatik gertuegi zegoelako. 6.000 pertsonentzako lekua zuen. 1867.ean erre zen. Donostia-San Sebastián
Hiriaren zabalkundeak 1870.ean Atotxan beste zezen plaza eraikitzea ekarri zuen, Jose Aranaren bultzadaz. 1882.ean 10.000 eserleku izateraino bermoldatu zen. 1908.ean bota zuten.
PILOTA
“Dantza publikoek izaera moralean eragiten dutena uste dugun bezala, beraietan eta joku hauetan (pilotan) aurkitzen dugu bertakoen sendotasun, indar eta bizkortasunaren arrazoia.” Jovellanosen hitz hauek pilotaren zaletasuna XVIII. mendeko Euskal Herrian oso zabaldua zena adierazten dute. XIX. mendean frontoien eraikuntza asko ugaldu zen, baina jakina da eraikin hauek ez zirena hain beharrezkoak, izan ere frontoiak edozein paretetan inprobizatzen baiziren.
ERROMERIAK
Euskal Herrian herri aisia erromerietan oinarritzen da. Gehienak herrietan ospatzen ziren, auzo bakoitzak berea antolatuz. Bestalde hiri inguruetakoak ere arrakastatsuak ziren, Loiolakoa esaterako donostiarrez betea edo Begoñakoa bilbotarrez josia. Musika eta dantzak sagardo eta txakolinaren pozarekin nahasten ziren.
Erromerietan euskal herritarren aisiaren ezaugarri nagusiak biltzen ziren: musika, dantza, tabernak, baina elizaren gerizpean.
ZIRKOAK
Zirkoa oso maitatua izan zen Espainian XIX. mendean. Antzespen gehienak, animali, hezitzaile eta pailasoekin herriz herri zebiltzan konpainia ibiltariak burutzen zituzten. Madril eta Bartzelonan zirko iraunkorrak zeuden, hobeto antolatutako konpainiekin, zaldi gaineko dantzari, acróbata, malabarista, mago eta pailasoekin. Animaliak erakusteaz gain pertsona “bitxien” agerleku ere baziren zirkoak. Barnum izan zen mundu mailan eredu.
PANORAMAK
Panorama jarraian egindako irudi zirkular bat zen, bera jasotzeko espreski egindako eraikin zirkularrean egokitua. Ikusleak erdian kokatutako oholtza batetik begiratzen zuen, 360 gradutako ikuspegi panoramikoa lortuz. Lehen panoramak Edinburgh irudikatzen zuen eta 1787.ean Robert Bakerrek egin zuen. XIX. mendean zehar Europako hiri nagusietan zabaldu zen. Hiri ikuspegiak eta batailak izan ziren gehien irudikatutako gaiak.