Bizkaiako Dantzak eta Dantzariak
2013(e)ko Martxoaren 21a - 2013(e)ko Irailaren 8a
Bizkaian, dantza eta musika bertako biztanleen eguneroko bizitzaren parte dira, bai jai eta jolas giroko adierazpen gisa (non Herri osoa baita protagonista), bai zenbait efemeriderekin erlazionatutako eta horretarako aukeratuta eta prestatuta dauden dantzari batzuek egindako adierazpen formal gisa. Bertoko zein kanpoko kronista eta etnografoek nabarmendu dute bizkaitarrak, gainerako euskal herritarrak bezala, oso dantzazaleak direla. Batzuek diote pasioa ere sentitzen dutela dantzarekiko. Pasio hori, historian zehar, agintari zibilek eta elizako agintariek kontrolatu eta zurrundu dute, eta, kasu askotan, dantzaren jatorrizko esanahia eta sinbolismoa ere hutsaldu izan dute.
Dantza ondare bizi eta aldakorra da, dantzatzen duen komunitatearekin batera bilakatzen dena, baina, sarri askotan, dantzaren jatorriak eta bilakaera berreskuratu egin behar izan dira, ahanzturan galdu direlako. Berreskuratze-lan hori dantza-taldeek egin izan dute, bai eta kolektibo eta ikerlarien inplikazioak ere; hain zuzen ere, ikerlari horien artean dago Iñaki Irigoien, zeinaren landa-lanei, inkestei eta artxiboen gaineko ikerketei esker, gaur egun Bizkai osoan ikus ditzakegun dantza ugari berreskuratu edo birsortu ahal izan baitira.
Erakusketa multzo handi bitan dago bananduta, eta multzo horietako batek Museoko aretoetako bat hartzen du.
I. aretoa dantza sozialari dago eskainita, eta, bertan, soka-dantzaren modalitate guztiak ikus daitezke (emakumeek dantzatutakoak, esate baterako Garaiko Andrazkoen soka-dantza edo Lekeitioko Eguzki-dantza, eta Gernikako inauteri-giroko Marrauen soka-dantza), bai eta jota eta porrusalda motako dantza solteak eta itsu-korroak, edo guztiz dantza protokolarioak ere; esate baterako, azken horien artean, Begoñako Uriko soka-dantza edo Durango eta Busturiako Merindadeetako Erregelak daude. Espazio honetan anaitasunezko lan edo otorduen amaieran egiten diren dantzak ere sartu dira; adibidez, Txakolin dantza edo Mahai gainekoak. II. aretoak omenezko edo errituzko dantzen alderdi formal eta itxia jasotzen du, horretarako aukeratutako eta prestatutako dantzari batzuen eskutik. Dantza hauek Bizkaiko herrietako jaietako ekitaldi nagusietako bat dira, eta, erakusketa honetan, ikusgai daude Lekeitioko Kaixarranka, Durangaldeko Dantzari-dantza, Arrastariako Juntako Entradillak, Lanestosako Uztai-dantza, Xemeingo Ezpata-dantza, Elorrioko Errebonbilloak eta Markina-Xemeingo Saragi-dantza.
Erakusketa honekin, Bilboko Euskal Museoak eta Bizkaiko Dantzarien Biltzarrak Bizkaiko dantzen aberastasuna eta ugaritasuna erakutsi nahi dute, jaian, dantzetan eta musikaren erritmoetan parte hartzen duten figuren eta segizioen bitartez eta dantzariek eramaten dituzten eta identifikagarri bihurtzen dituzten jantzien eta eszenografien bitartez; eta hori guztiori, gure Lurralde Historikoko errituzko dantzen eta dantza sozialen gaineko ahalik eta ikuspegirik zabalena eskaini nahian.
DANTZA EKITALDIAK
Apirila eta ekaina bitartean, Bizkaiko Dantzarien Biltzarrak goizeko hiru emanaldi antolatuko ditu Bilboko Plaza Barrian, Bizkaiko zenbait dantza-talderen eskutik. Dantza-taldeak Euskal Museotik irtengo dira, Unamuno plazatik.
2013ko apirilaren 20an, 13:00etan:
DURANGALDEKO DANTZAK
Abadiñoko Talde Batuak, Berrizko San Lorentzo, Berrizko Iremiñe, Garaiko Dantza Taldea, Iurretako Mikel Deuna, Izurtzako Mendi Gain eta Mañariko Dantza Taldea.
2013ko maiatzaren 11n, 13:00etan:
LEA-ARTIBAI ESKUALDEKO DANTZAK
Lekeitioko Etorkizuna eta Markina-Xemeingo Zerutxu dantza-taldeak.
2013ko ekainaren 1ean, 13:00etan:
BIZKAIKO BESTE ZENBAIT DANTZA
Santurtziko Mendi Alde, Lanestosako Los Danzantes, Basurtuko Beti Jai Alai eta Durangoko Kriskitin dantza-taldeak.
Laguntzaileak:
Bizkaiko Foru Aldundia
Bilboko Udala
Zazpi Kaleetako Merkatarien Elkartea
Bilbao Bizkaia Kutxa Fundazioa