XIX. eta XX. mendeetako emakume-jantzien erakusketa Ondare Aretoan, Eulalia Abaituaren argazkietan oinarrituta
Bilboko Euskal Museoak antolatutako "Kameratik orratzera. De la cámara a la aguja” erakusketa azaroaren 20an helduko da Ondare Aretora (Bilbo), La Encartada Fabrika-Museotik (Balmaseda). Ekitaldi honetan Eulalia Abaituaren argazki-bilduma bat hartu da erreferentziatzat, eta lau jantzi josi dira, XIX. eta XX.mendeen artean Bizkaiko emakumeen janzkera nolakoa zen erakusten dutenak, jendaurrean ikusgai jartzeko.
Erakusketa hori Bizkaiko Foru Aldundiko Erakusketa Aretoan bisitatu ahal izango da 2025eko apirilaren 26ra arte, eta inaugurazioa honako hauek egin dute: Begoña de Ibarrak, Bizkaiko Foru Aldundiko Kulturako zuzendari nagusiak; Sorkunde Aiarzak, Ondare Aretoko zuzendariak; Alicia Fernandezek; eta Nekane Madariaga nahiz Aloña Intxaurrandieta erakusketako komisarioek.
“Kameratik Orratzera. Emakumeen jantziak Eulalia Abaituaren argazkietan. De la cámara a la aguja. El traje femenino en las fotografías de Eulalia Abaitua” izeneko erakusketa Eulalia Abaitua argazkilari bilbotarraren irudietatik abiatzen da, eta bertan XIX. eta XX. mendeen artean Bizkaiko landa- eta hiri-eremuetako emakumeen janzkerak zituen ezaugarriak agertzen dira.
Bilboko Euskal Museoak sorrarazi duen erakusketarako, Eulalia Abaituaren argazkietatik abiatuta, Bizkaiko emakumeen janzkeraren eredu diren lau jantzi sortu dira, giro desberdinetan nagusi ziren ezaugarriak biltzen dituzten soineko osoen erakusgarri. Dantza-talde hauetako emakumeek egin dituzte jantziok, hainbat dantzari-elkarteren laguntzarekin: Agintzari (Basauri), Salbatzaile (Bilbo) eta Zubitxo (Lezo).
Bilboko Ondare Aretoak eskaintzen duen erakusketan, formatu handiko 24 argazki-erreprodukzio ageri dira, Eulalia Abaituak hartu ondoren, Bilboko Euskal Museoaren digitalizazio berrietatik sortu direnak. Bertan, garai bateko arropa-piezak agertzen dira, zenbait janzkiren ezaugarriak azaltzeko (buruko apaingarriak, xalak, barruko arropa, alkandorak, jakak, amantalak, besteak beste). Erakusketaren barruan irudiak, objektuak eta ikus-entzunezko bat daude, eta azken horren bidez ikus daiteke jostunek, patroi-egileek eta tindatzaileek egindako lana.
Ondare Aretoko erakusketarekin batera, landa-eremuan lanerako erabiltzen zirenetako bi soineko egiteko patroiak jarriko dira salgai. Gainera, patroien lehen liburua ere eskuragarri egongo da, ospakizun formaletarako jantziari dagokiona, eta Eulalia Abaituaren argazkien erakusketen katalogoak, Bilboko Euskal Museoak egindakoak.
Elementu horiek guztiak erabiliz, "Kameratik orratzera. De la cámara a la aguja" erakusketaren bidez, Eulalia Abaitua argazkilariaren lana ezagutzera emateaz gain, beste ikuspegi batetik egingo da argazkilariaren obraren balorazioa. Izan ere, emakume langileen janzkerari buruz ikertzeko informazio-iturri bakarra da argazki-bilduma hori.
Gainera, erakusketa honetan bat egiten dute Bizkaiko landa- eta hiri-giroan emakumeek lanerako erabiltzen zituzten arropen ezaugarriek eta jantziek ezkutatzen dituzten balioek zein esanahiek. Bestalde, dantza-taldeek joskintzari lotutako herri-kulturaren transmisioan duten garrantzia kontuan hartuta, "Kameratik Orratzera. De la cámara a la aguja “ proiektuan, emakumeek itzalean egindako lana balioesten eta aitortzen da, hura ikertuz eta ekoitziz.
Erakusketa ibiltari hau Bilboko Euskal Museoa berregituratzeaz batera antolatutako jardueren barruan kokatzen da.
Erakusketa La Encartada Fabrika-Museoan hasi zen, non Europa osoko ehungintzako bilduma teknologiko onena eta osatuena baitago. Museo hori bisitatzea XIX. mendeko ehungintza-sektoreko fabrika batean murgiltzea da, eta garai hartako puntako makinak ezagutzea.
Jarduerak
Ondare Aretoak erakusketarekin lotutako kultura-jarduera batzuk aurkezten ditu, datozen hilabeteetan eskainiko direnak: bisita gidatuak, proiekzioak, hitzaldiak eta publiko guztientzako tailerrak.
Erakusketa honen komisario diren emakumeek bisita gidatuak eskainiko dituzte, 18:00etan, egun hauetan: 2024ko azaroaren 26an, eta 2025eko urtarrilaren 14an, otsailaren 11n, martxoaren 11n nahiz apirilaren 15ean.
Bestalde, 2024ko abenduaren 10ean, Ainhoa Urgoitiren Norberaren gela dokumentala proiektatuko da.
Horrez gain, 2024ko abenduaren 17an, jendeak Nekane Madariagaren eta Aloña Intxaurrandietaren hitzaldia entzuteko aukera paregabea izango du, "Kameratik orratzera" proiektuaren garapenari buruz; 2025eko urtarrilaren 28an, berriz, Ane Albisu jantzi tradizionalari buruz mintzatuko da.
Aldi berean, Ondare Aretoak erakusketari lotutako jarduerak programatuko ditu, hala nola familian ikaskuntza eta sormena sustatzera bideratutako familia-tailerrak, nahiz ikastetxeentzako, talde itunduentzako eta elkarteentzako proposamen hezigarriak.
Azaroaren 22an, azaroaren 29an eta abenduaren 13an, 12:00etatik 13:30era, SAREAK programari lotutako beste saio batzuk egingo dira: Ondarea eta Memoria. Bertan, adineko pertsonen kolektiboekin eguneroko memoria lantzea da helburua, eta hausnarketa hori egiteko abiapuntua ondarearekin dugun harremana izango da, parte-hartzaileen bizi-kontakizunak kontuan hartuta.