XIX eta XX. mendeetako emakume jantzien erakusketa, Eulalia Abaituaren argazkietatik abiatuta Euskal Museoak ekoitzia, La Encartada Fabrika-Museoan
Bilboko Euskal Museoak ekoitzitako Kameratik orratzera erakusketa La Encartada Fabrika-
Museora iritsi da. Eulalia Abaituaren argazki funtsetik abiatuta, XIX. eta XX. mendeen arteko
Bizkaiko emakumezkoen janzkera erakusten duten lau jantzi ekoiztu dira eta bertan daude
ikusgai.
Europa osoko ehun urtetik gorako ehungintzako bilduma teknologiko onena duen fabrika
da Balmasedako Encartada Fabrika-Museoa, garaiko makina eta aparatu berberak ditu.
Orain, ondare industrialaren erreferentea den toki honetan argazkigintza eta jantziak
uztartzen dituen erakusketa dago ikusgai uztailera arte.
Leixuri Arrizabalaga Euskara, Kultura eta Kirol foru diputatuak; Sorkunde Aiarza Euskal Museoko zuzendariak; Ainara Martínez Matía La
Encartada Fabrika-Museoko zuzendariak eta erakusketaren komisarioak diren Nekane Madariagak eta Aloña Intxaurrandietak aurkeztu dute La Encartada Fabrika-Museoan uztailera arte ikusgai izango den erakusketa.
Eulalia Abaitua Bilboko argazkilariaren lana oinarri hartuta, XIX eta XX mendeen arteko Bizkaiko nekazal zein hiri inguruetako emakumeen jantzien ezaugarrien zehaztasunak azaltzen dira Kameratik orratzera erakusketan. Bilboko Euskal Museoak ekoitzitako erakusketarako giro ezberdinetan nagusitzen ziren ezaugarriak biltzen dituzten lau jantzi oso proposatu dira eredu moduan eta Dantzarien Biltzar ezberdinen laguntzaz ezagututako Agintzari (Basauri), Salbatzaile (Bilbo) eta Zubitxo (Lezo) dantza taldeetako emakumeek josi
dituzte.
Izan ere, Eulalia Abaituaren argazki sorta batetik abiatuta, Bizkaiko emakumezkoen janzkera erakusten duten lau jantzi ekoiztu dira. Erakusketan Eulalia Abaituaren hogei bat argazki, jantziak eta zenbait osagarri daude ikusgai (buruko zapiak, lepoko zapiak, barruko
arropak, txanbra, jakak amantalak eta bestelakoak).
Leixuri Arrizabalagak adierazi duenez “jantzi bakotxaren atzean historia bat dago, tradizino bat, belaunaldiz belaunaldi transmitidu dan ondare bat, gaur "Kameratik orratzera" erakusketearen bitartez ikusi geinkena, gure nortasun kulturala bizirik mantentzen lagundu daben persona guztien lan kantsauezinari esker”. Diputatuak gehitu duenez, “La Encartada Fabrika-Museoa erakusketearen lehenengo egoitza izatea ez da kasualidadea.
Museo honek, ondare industrialaren ikur moduan daukan historia aberatsagaz, are gehiago nabarmentzen dau erakusketearen balioa. Benetako pribilegioa da obra hau hain ingurune enblematikoan aurkeztu ahal izatea, iraganak eta orainak aparteko eran bat egiten daben
ingurune baten”.
Sorkunde Aiarza, Euskal Museoko zuzendariaren hitzetan “Kameratik Orratzera proiektuaren lehenengo zirriborroak ikusten hasi ginenean, lehen lerroak ezagutu genituenean, proiektu honen alde egin behar genuela sentitu nuen/sentitu genuen.” Sorkunde Aiarzak gaineratu du “Euskal kulturaren aldeko apustua da. Dakizuenez Euskal Museoak betidanik ezarrita duen helburu jakin batekin egiten du lan: 60.000 pieza baino gehiago biltzen dituen bilduma aberatsaren bidez gure kultura, gure ohiturak eta gure
historia zabaltzea.”
La Encartada Fabrika-Museoak eskaintzen duen erakusketan, Bilboko Euskal Museoak berriki egindako digitalizazioak erabiliz sortutako formatu handiko 24 erreprodukzio, jantzi ezberdinen ezaugarriak azaltzeko garaiko piezak, irudiak eta bestelako erreferentziak
oinarri gisa erabiliz egituratutako lau jantzi oso eta jostun, patroigile eta tindatzaileen lana batuko duen ikus-entzunezko bat izango dira.
Erakusketarekin batera, jantziak egiteko erabilitako patroiak batu eta jendearentzat eskuragarri jartzea da asmoa. La Encartada Fabrika-Museoan ospakizun formaletarako jantziaren patroiak lortzeko aukera izango da paperezko edizioan, eta gainontzeko hiru jantzienak erakusketa ikusgai egongo den espazioetan aurkeztuko dira.
Elementu horiek guztiak erabiliz Kameratik orratzera erakusketaren bitartez, Eulalia Abaitua argazkilariaren lana ezagutarazten da ikuspuntu ezberdin baten bitartez balorean jarriz. Izan ere, argazkiak informazio iturri paregabe bihurtzen dira, emakume langileen
janzkera gaietako ikerketa egiteko.
Gainera, Bizkaiko nekazal zein hiri giroko emakume langileen jantzien ezaugarriak batzen dira erakusketa honetan, baita atzean dauzkaten balio eta esanahiak ere. Bestalde, joskintzari lotutako herri kulturaren transmisioan dantza taldeek izandako garrantzia
kontuan hartuz, ikerketa eta ekoizpenean emakumeek nagusiki izan duten itzaleko lana balioan jarri eta aitortzen da Kameratik orratzera proiektuan.
Erakusketa hau ibiltaria da, eta Bilboko Euskal Museoa berregituratze lanetan dagoen bitartean antolatutako ekintzen artean kokatzen da.
Ehungintza sektorearekin erabat lotuta dagoen La Encartada Fabrika-Museoan hasiko du ibilbidea erakusketa honek. La Encartada Fabrika-Museoa bisitatzea XIX. mendeko ehungintza sektoreko fabrika batean murgiltzea eta garaiko puntako makinak ezagutzea da.
Museoa bisitatzen dutenek XIX. mende amaierako fabrika batean zegoen giroa aurkituko dute.
La Encartada Fabrika-Museoa
La Encartada Fabrika-Museoa industria-ondarearen erreferentea da; Euskadiko Monumentu Multzo izendatu zuten, eta Espainiako Gobernuko Kultura Ministerioak industria-ondarea berreskuratzeko jardunbide egokien eredutzat ere jo zuen, bai eraikina eta makinak berreskuratzeagatik, bai Bizkaiko Foru Aldundiak kudeaturiko museoak antolatzen dituen jarduerengatik, emandako balioagatik eta eginiko hedapen-lanagatik. Gainera, Anchor Point izenez ezagutzen den Europako Industria Ondarearen Ibilbideko
elementu nabarmenetako bat da.