Berriak

Bilboko Euskal Museoak Ondarearen Europako Jardunaldiak egingo ditu San Frantziskoko aztarnategian

 

Aurten, Bizkaiko erakundea “obrengatik” lekualdatuko da eremu horretara, eta, bertan, euskal tradizio hau jarriko du erakusgai: txikiteoa

 

Museoko bildumako piezen erakusketa, musika edo/eta dastaketak izango dira programazio berezi honen osagarri

 

Jarduera guztiak doakoak izango dira

 

Euskal Museoak honako hauexen laguntzaz egingo ditu jardunaldiok: Bilbo Historikoa, Bizkaiko Txakolina eta Txikiteroak

 


 

Bizkaiko Ondarearen Europako XXIII. Jardunaldiek urrian 150 kultura- jarduera eskainiko dituzte 70 udalerritan

“Ondarea bizirik, patrimonio vivo, patrimonio inmaterial" leloarekin, Bizkaiko Foru Aldundiak gaur goizean aurkeztu du Ondarearen Europako XXIII. Jardunaldiak Bizkaian, urrian ospatuko den kultura programazioa.

Jarduera gehienak doakoak izango dira, eta Ondarearen Jardunaldien katalogoan zehaztuko dira. Gainera, agenda kontsultatu eta erreserbak egin daitezke online, www.ondareabizkaia.eus webgunean.

 

Bizkaiko Foru Aldundiak koordinatzen dituen Ondarearen Europako Jardunaldien XXIII. Edizioan 150 kultura jarduera baino gehiago eskainiko dira lurraldeko 70 udalerritan. Euskara, Kultura eta Kiroleko foru diputatuak, Leixuri Arrizabalagak, ehun erakunde baino gehiagotako hainbat ordezkarirekin batera, Ondarearen Europako Jardunaldien XXIII. edizioa aurkeztu du, Bizkaian oso garrantzitsua den eta azken edizioetan Bizkaiaren izen ona sendotu duen ekimena.

Edizio honen helburu nagusia da ohiturei, ahozko adierazpenei, usteei, jaiei, sukaldaritza arteei, errituei, ogibideei, artisautza teknikei, dantzei, musikari eta jolasei lotutako kultura ondarearen balioa azpimarratzea, lurraldearen nortasunaren parte baitira, eta bizirik iraun dezaten, zaindu eta babestu egin behar baitira.

Leixuri Arrizabalaga diputatuak nabarmendu duenez, jardunaldi hauek aukera paregabea eskainiko dute Bizkaiak duen ondare kulturalaren parte diren adierazpen kultural ugari eta baliotsuez gozatzeko, zabaltzeko eta birsortzeko. Arrizabalagak adierazi duenez, "ospakizuna aukera bikaina da Bizkaiko kultur ondare ez-material aberatsa nabarmentzeko eta zaintzeko".

Diputatuak, gainera, antolatzaileen lana goraipatu du, eta azaldu du "jardunaldiak Bizkaian, Europa mailan erreferente dira eta hori antolatzaileen aniztasuna, ugaritasuna eta inplikazioa programaren ezaugarrietariko bat dalako da. Antolatzaileak programaren oinarria direla esan beharra dago, eurek asmatu eta antolatzen dabe programa Aldundiren gidaritzapean.

Jarduera gehienak doakoak izango dira, eta Ondarearen Jardunaldien katalogoan zehaztuko dira. Gainera, agenda kontsultatu eta erreserbak egin daitezke online, www.ondareabizkaia.eus webgunean.

 

Hainbat ekitaldi eta jarduera

257 ekitaldiren bitartez 152 proposamen eskainiko dira, eta hala, edizio honek, adin eta interes guztientzako hainbat jarduera izango ditu. Hitzaldiak, solasaldiak, erakusketak, ogibide tradizionalen erakustaldiak, bisita gidatuak, ibilbideak, antzezpenak, tailerrak, dastatzeak eta kontzertuak: laburbilduz, urrian gozatzeko hainbat eta hainbat jarduera.

Bizkaiko kultura ondarea “bizirik” mantentzeko helburuarekin, hedapen jardunaldi hauen antolatzaileak dira besteak beste udalak, museoak, turismo bulegoak, interpretazio zentroak, kultura eta gizarte elkarteak, hezkuntza erakundeak eta partikularrak.

 

Bilboko Euskal Museoak Ondarearen Europako Jardunaldiekin bat egingo du, txikiteoari eskainitako omenaldiaren bidez

Txakolinaren aztarnetan murgilduz:

Aurten, Euskal Museoa “obrengatik” lekualdatuko da Mariaren Bihotza plazako aztarnategira, eta Bilboko tradizio errotuenetako baten ospakizunarekin bat egingo du: txikiteoa.

Urrian txikiteroen eguna dela-eta, museoak txakolinarekin lotutako objektuen eta estanpen erakusketatxoa eskainiko du; izan ere, urriaren 6ko 18:30ean irekiko da. Euskal Museoko bildumakoak diren pieza guztiak Mariaren Bihotza plazako aztarnategian jarriko dira erakusgai. Horrez gain, antzinako San Frantzisko komentuko aztarnak ere ikusi ahal izango dira bertan. Komentua XV. mendean eraiki zuten Infantzonatuko Mahastia izeneko lekuan, hain zuzen ere.

Era berean, erakusketa dela-eta, txakolinarekin eta txikiteroen egunaren ospakizunarekin lotutako zenbait jarduera egingo dira.

Lehenengo eta behin, urriaren 6an, abesbatza batek abestuko du San Frantziskoko aztarnategiko erakusketaren irekiera-ekitaldian. Horrez gain, gidatutako bisitaldi txikia egingo da eremura, eta, egunari amaiera emateko, kopa bat txakolin eskainiko da. Jende guztiarentzako ekitaldia izango da, eta ez da aldez aurretik izena eman beharko.

Urriaren 7an, 12:00etan, txakolin-dastaketa egingo da Bizkaiko Txakolinaren eskutik, San Frantziskoko aztarnategian bertan. Doako jarduera izango da, eta, parte hartzeko, aurretiaz eman beharko da izena 94 415 02 31 telefonoan.

Programazioaren osagarri, Igel Tokako Txapelketa antolatu da aztarnategian, urriaren 14ko 12:00etan. Izan ere, trebetasun handia eduki beharra dago joko horretan aritzeko, eta lotura handia dauka txikiteoaren kulturarekin. Parte hartu nahi duten guztiek 94 415 02 31 telefonoan eman beharko dute izena.

Euskal Museoak honako hauexen laguntzaz egin ahal izan du hau guztia: Bilbo Historikoa, Bizkaiko Txakolina eta Txikiteroak.

 

Lekua: San Frantziskoko aztarnategia (Mirasol kondea 2)

Eguna eta ordua: erakusketa, urriaren 6tik 15era arte, 10:00etatik 13:30era eta 16:00etatik 19:00etara. Larunbat eta igandeetan, eta urriaren 12an eta 13an, 10:00etatik 14:00etara.  

Informazioa eta erreserbak: 94 415 02 31

Prezioa: dohainik