Berriak

Bilboko Euskal Museoak eta Baionako Euskal Museoak “Euskal Herria koloretan. Autokromoak, 1907-1935” erakusketa inauguratu dute Iparraldean

 

Bi erakundeen arteko lankidetza da, eta horrek aukera eman du aurkitutako 1.000 aleren baino gehiagoren artean 225 autokromo aukeratzeko eta erakusteko.

 

Erakusketa 2023ko uztailaren 14tik 2024ko urtarrilaren 14ra bitartean egongo da ikusgai Baionan

 

Bilboko Euskal Museoak erabateko berrikuntzaren ondoren ateak berriro irekitzen dituenean, Bizkaiko udalerrian ikusi ahal izango da erakusketa

 


 

“Euskal Herria Koloretan. Autokromoak, 1907-1935" Baionako Euskal eta Historia Museoak eta Bilboko Euskal Museoak sortu eta ekoitzi dute, Hauts-de-Seineko departamenduarekin elkarlanean —Albert-Kahn departamenduko museoa—, eta koloretako ibilbide ezezaguna proposatzen du XX. mendeko lehen hamarkadetako Euskal Herrian zehar. Iparraldeko eta Hegoaldeko bilduma publiko eta pribatu askotan identifikatutako 1.000 euskal autokromoren baino gehiagoren artetik 225 irudi aurkezten ditu.

 

Modu industrialean ekoitzi eta nazioartean hedatu zen koloretako lehen argazki-prozedura da autokromoa. Kolorea hiru koloretako sare baten bidez hartzen du. Sare hori gorri laranja, berde eta urdin-morez tindatutako patata-fekulazko ale mikroskopikoz osatuta dago, eta aleak beirazko plaka baten gainean daude banatuta. Prozeduraren arrakasta berehalakoa izan zen, eta milioika plaka sortu ziren 1907tik 30eko hamarkadara arte.

 

Erakusketa honen proposamena 2009an Baionako Euskal eta Historia Museoko bildumetan autokromo sorta bat aurkitzetik sortu da. Zuri-beltzeko irudiak nagusi ziren garaian kolorearen presentziak eskaintzen duen hurbiltasuna ikusita, Jacques BATTESTI Baionako Euskal Museoko teknikariak ikerketa bat hasi zuen Ziortza SAN PEDRO eta Aloña INTXAURRANDIETA Bilboko Euskal Museoko teknikariekin batera. Erakusketa hiru zatitan banatzen da, prozeduraren alderdi teknikoarekin eta Euskal Herrian izandako zabalkundearekin hasiz, eta eremu tradizionala jasotzen duten irudien eta XX. mende hasierako aldaketen lekuko direnen arteko desberdintasunak aurkeztuz.

 

Erabateko berrikuntzan murgilduta dagoen Bilboko Euskal Museoarentzat, lankidetza hau aukera paregabea da bere funtsezko helburuetako bat lantzen jarraitzeko, alegia, beste erakunde batzuekin loturak sortzeko, euskal kultura zabaltzeko. Horiek horrela, Baionako Euskal Museoarekin aurretik egindako elkarlanen ondoren, hala nola “Paperezko jantziak” 2004an eta “Gernika” 2007an, “Euskal Herria Koloretan. Autokromoak, 1907-1935” erakusketak Euskal Herriko historia mugaren bi aldeetan zaintzeko eta zabaltzeko ardura duten bi museo hauen arteko harremana indartzen du. Sorkunde AIARZA Bizkaiko erakundeko zuzendariak nabarmendu duenez, "funtsezkoa iruditzen zaigu testigantza hauek gaur egun ikusi ahal izatea. Horregatik, bi museoen arteko lankidetza aparta eta berezia da Bilboko Euskal Museoarentzat. Baterako lan horrek ikerketa-ahalegin handia ekarri du, eta oso harro gaude horretaz".

 

Erakusketa 2023ko uztailaren 14tik 2024ko urtarrilaren 14ra bitartean egongo da zabalik Lapurdiko hiriburuan, eta Bilboko Euskal Museoan izango da ikusgai, arkitektura- eta museografia-lanaren ondoren berriro ateak irekitzen dituenean, Sabine CAZENAUVE Baionako Euskal Museoko zuzendariak baieztatu duen bezala.

 

Identifikatutako irudien erdia baino gehiago 1909an Albert Kahn bankariak hasitako munduko atlas bisual bat sortzeko asmo handiko proiektutik datoz: Planetako Artxiboak. 1931. urtera arte, bere operadoreak munduan zehar ibili ziren lurralde bakoitzeko elementu adierazgarrienak atzemanez: paisaiak, jarduerak, arkitektura, etab. Auguste Léon, Bordeleko argazkilaria, hiru aldiz egon zen Euskal Herrian 1924 eta 1928 bitartean. Bere egitekoa bertako bizimoduaren elementu bereizgarriak biltzea zenez, Baionako Euskal Museoa ezinbesteko geldialdia izan zen lan horretan. Archives de la Planète osatzen duten 72.000 autokromoetatik 600 irudi inguru Euskal Herrian hartu ziren.

 

Bilduma bikain horretaz gain, kontsultatutako 30 funts baino gehiagoren artean Société Française de photographie-tik (SFP), Tomas Acillona y Uria argazkilariaren bilduma pribatutik edo Lhaulé bildumatik lortutako emaitzak nabarmentzen dira.

 

Horiek horrela, aukera paregabea da euskal gizartearen ohiturak eta historia ezagutzeko. Denboran zeharreko bidaia bat, koloreari esker inoiz baino hurbilago ditugun 10 urtetik gorako irudiak ikusteko aukera emango diguna.