Berriak

Bilboko Euskal Museoak Bizkaiko hainbat udalerritan ikusgai izango den erakusketa ibiltaria inauguratuko du, bere berrikuntza integrala erakusteko

 

Erakusketa osatzen duten 20 panelek museoaren etorkizuneko informazio arkitektonikoa eta museografikoa jasotzen dute, kanpoko espazioetan erakusteko sortua baita erakusketa.

 

Maiatzaren 12an hasi da erakusketaren ibilbidea Bilboko Areatzan, eta bertan izan dira Bilboko alkate Juan Mari Aburto, Museoko presidente eta Euskara, Kultura eta Kiroleko foru diputatu Lorea Bilbao eta Museoko zuzendari Sorkunde Aiarza.

 

Erakusketako argazkiak Asier Gómez argazkilariak egin ditu, Museoko bilduma eta erakusketetako teknikariekin batera

 

 


 

Bilboko Euskal Museoak "Euskal kulturaren nazioarteko atea" erakusketa ibiltari berria inauguratu du. Kanpoko espazioetan erakusteko sortutako 20 panelek osatzen dute. Bilboko Arriaga Antzokiko zabaldegian izan da inaugurazioa, eta bertan izan dira Bilboko alkate Juan Mari Aburto, Euskal Museoko presidente eta Euskara, Kultura eta Kiroleko foru diputatu Lorea Bilbao, Euskal Museoko zuzendari Sorkunde Aiarza eta Museoko erakusketa-teknikari Aloña Intxaurrandieta. Bizkaiko museoak duela hilabete batzuk itxi zituen ateak, eraberritze integraleko obrak hasi aurretik egin beharreko lanei ekiteko. Hala ere, Museoak proiektuak lantzen jarraitzen du herritarrei eskaintzeko.

Erakusketaren helburua da bertako jendeari eta bisitariei ezagutaraztea nolakoa izango den Euskal Museo berria, egingo den berrikuntza integraleko prozesuaren ondoren. Alde batetik, alderdi arkitektonikoa erakutsiko da, infografia eta informazio teknikoa oinarri hartuta. Kanpotik, jarduerarik garrantzitsuenarekin, jatorrizko bolumetriak eta estalkiekiko lotura berreskuratu nahi dira. Barrualdean, zenbait espazio nabarmenduko dira, hala nola Miserikordia, hustutako bolumen handia, erakusketa-lengoaia berriekin eta puntako baliabideekin. Muturretako batean, murgiltze-atmosfera bat sortuko da, maketa multimedia handi bati esker, 4 metroko altuerako espazio horretako oihal edo hormetako batean proiektatuko baita.

Bestalde, erakusketa ibiltariak Euskal Museoaren etorkizuneko museografia berriaren zati bat erakutsiko du. Infografiek zenbait espazio erakutsiko dituzte, esaterako, Klaustroa, lehen eta bigarren solairuetan, ondarea arte kategoriara igo, duindu eta erakusten duen agertoki handi gisa. Eraikin horretako arku bereizgarriak, argi naturalarekin, perimetroan erreplikatuko dira alboko hormetan, eta arku-galeriak sortuko dituzte bitrinekin. Diseinuari esker, erakusleiho bilakatuko da, espazioaren eta diskurtsoaren protagonistak izango diren 1.000 pieza inguru ikusgai jartzeko.

 

Bilboko Euskal Museoaren bildumak 50.000 pieza baino gehiago ditu. 100 urtetik gorako historian zehar, "bildumen bilduma" sortu da, erosketen politika aztertuari eta herritarrek eskuzabaltasunez egindako dohaintzei esker. Funtsen aberastasunak eta aniztasunak argi irudikatzen eta islatzen dituzte gure arbasoen bizitza eta egunerokotasuna osatu zituzten alderdiak. Funtsak zabalik daude, eta etengabe jarraitzen dute hazten, museoa bera bezala.

Erakusketa hau, beraz, baliagarria izango da Euskal Museoaren erakusketa erdi iraunkorra osatuko duten pieza horietako batzuk ezagutzeko. Bildumako pieza horien argazkiak Asier Gómez argazkilariak egin ditu, eta museoko bildumetako teknikariek 4 hizkuntzatan (euskaraz, gaztelaniaz, frantsesez eta ingelesez) egindako testuekin lagunduta aurkeztu dira.

 

IBILBIDEA

"Euskal kulturaren nazioarteko atea" erakusketa ibiltaria maiatzaren 12an ireki da Bilboko Arriaga Antzokiko zabaldegian, eta ekainaren 9ra arte egongo da bertan. Erakusketaren ibilbideak Bizkaiko hainbat udalerritatik jarraituko du uda-garaian, honela:

EKAINA: Armintza

UZTAILA: Bakio

ABUZTUA: Mundaka

IRAILA: Ondarroa

 

Helburua da, batetik, bertako jendeak Euskal Museoaren proiektua eta bilduma ezagutzea, eta, bestetik, lurraldeko udalerrietan dabiltzan turistek hurbiletik ikusi ahal izatea euskal kulturaren erreferentea izango den gune bat.

2022/2023 udazken-neguko hilabeteei begira, museoak beste udalerri batzuk iragarriko ditu, lurralde barrukoak.

 

PIEZAK

Piezak bi irizpideren arabera aukeratu dira. Alde batetik, aurreratu nahi izan da erakusketa erdi iraunkorra lehenengoz ezartzeko egin den hautaketaren zati txiki bat; proiektu berria amaitu ondoren ere bisitatu ahal izango da. Bestetik, erakutsi nahi izan da Bilboko Euskal Museoaren bilduma osatzen duten funtsen aniztasuna eta aberastasuna, eta, horretarako, garai, testuinguru eta esparru sozial desberdinak islatzen dituen aukeraketa bat egin da, artzaintza-kulturatik hasi eta industrializazioaren ondoriozko burgesiaren piezak ere barne hartuta.

 

Erakusketa ibiltarian ikusgai izango diren piezetako batzuk:

Azkonarra

Kanpaitxoz apaindutako forjazko pieza hau arreoa garraiatzen zuen eztei-gurdiaren uztarriaren gainean jartzen zen. "Azkonarra" izenak animalia horren larruari egiten dio aipu, larru horrekin estaltzen baitzen, begizkotik babesteko eta ezkonberriei zortea emateko. Kanpaitxoen hotsak, idien lepokoenak eta gurdiaren gurpilen kirrinkak jendea ohartarazten zuten segizioaren ibileraz.

Linterna magikoa

Ricardo Bastida (1878-1953) arkitektoaren familia-etxebizitzan zegoen gailu optikoa, zinematografoaren aitzindaria zena; Bastidak interes handia zuen bere garaiko berrikuntza teknikoekiko. Kamera iluna du, lente-sorta batekin eta beirazko plaken gainean margotutako gardenkietarako euskarri batekin. XIX. mendeko lehen hiru laurdenetan instituzionalizatu zen komunikabide gisa.

"Euskal arrantzaleak" (Alberto Arrue, 1925)

Alberto Arrue Vallek XX. mendeko lehen hamarkadetan egindako bi euskal arrantzaleren pintura. Lan hau, beste bostekin batera, Bizkaiko Eskualdeko Jantzien Batzordeak enkargatu zion, 1925ean Madrilen egin zen Eskualdeko Jantzien Erakusketarako. Arrue Euskal Museoan gordetako janzkera-bildumaz baliatu zen bere lanen ikonografia aberasteko.

 

Gainerako piezak:

Mikeldi. K.a. V.-I. mendeak

Lekeitioko emakumea. Circa 1900

Tretza. Circa 1930

Tretzaontzia.

Tuntux-buia.

"Euskal arrantzalea". (Argazkia) Circa 1900

Hegaluze-txaluparen maketa. Circa 1900 Eskala: 1:15 + Hegaluze-txalupa (argazkia) 1912

Brankako maskaroia. Bermeo (Bizkaia)

Hil-oihala. XVI. mendea. Nabarniz (Bizkaia)

Iruteko tornua. Circa 1850. Baztan (Nafarroa)

"Abadiño, irulea" (argazkia)

Edredoi-zorroa. Idiazabal (Gipuzkoa)

"Bikotea". Eulalia Abaitua. Circa 1900 (argazkia)

Laia. XIX.-XX. mendeak. Eibar (Gipuzkoa)

"Emakume laiariak". Eulalia Abaitua. Circa 1900 (argazkia)

Zumitza / Kaikua / Txurka

"Ardi-esnezko gazta moldatzen". Enrike Ibabe. Circa 1970 (argazkia)

Abatza

Sorkia. XVIII.-XIX. mendeak. Mungia (Bizkaia)

Garlopa. XVIII. mendea. Guardia (Araba)

Bola-jokoa + "Bola-jokoan". Fede Merino (argazkia)

Atabaka - Bozkatzeko hautetsontzia. XVIII.-XIX. mendeak. Lekeitio (Bizkaia)

Bilboko Kontsulatuaren hauteskundeetako pegarra. Joseph de Asteiza, 1733

Ur-txarroa + azpila. 1842-1862. Busturia (Bizkaia)

Galdaketa-piezak. Sociedad Santa Ana de Bolueta S.A.(Bilbo)

Meatzaritza-industria Bizkaian. Boluetako burdin fabrikaren kanpoaldea, Tomás Carlos Capuzen argazkia (estanpa), 1883

"Artiach" galleta-lata. Circa 1940

Soinekoa. Circa 1925. Medley de Aza / Bilbo + Munoa Jauregia Barakaldon (argazkia)

"Santiaguito" gozoki-kaxa. Circa 1900

Kalkulagailua. 1904

Bilbao Mirror. XVIII. mendearen amaiera