Bilbao Bizkaia Museoak erakundeak jarduera-egitarau berezia antolatu du Museoen Nazioarteko Egunarekin bat
Bilboko Euskal Museoak erakundeak “Euskal kulturaren nazioarteko atea” erakusketa ibiltaria aurkeztu du
Berreginen Museoak, bestalde, “Artelana bere testuinguruan” zikloko saio berezia eskainiko du maiatzaren 19an, Lorenzo Ascasibar ardatz hartuta
Gainera, museoaren bilduma iraunkorra bisitatzeko formatu digitaleko gida bat argitaratuko du, Entzun Gure Nahia autokudeatzaileen taldeak irakurketa errazerako idatzia
Jarduera guztiak doakoak dira
Informazio guztia, bi museoen webguneetan: www.euskalmuseoa.eus / www.bilbokoberreginenmuseoa.eus
Aurten, “Museoen boterea” izango da Museoen Nazioarteko Egunaren goiburua. Eta, egun horrekin bat eginik, Bilbao Bizkaia Museoak erakundeak hiru ekimen antolatu ditu, zeinek museoek gure mundua aldatzeko duten ahalmena ospatzeko ICOMen espirituaren funtsa biltzen duten.
Eraldaketa ahalmen hori laburbiltzen duten hiru ildoak biltzen dituzte hiru ekimenek: hain zuzen ere, iraunkortasuna, izaera sozialeko ekonomiaren sostengu gisa ulertua; berrikuntza, eta hezkuntzaren bidez komunitatea eraikitzea.
Bilboko Euskal Museoak eta Berreginen Museoak (Bilbao Bizkaia Museoak) museoen eraldaketa ahalmena agerian uzteko prestatutako proposamena jarduera-egitarau berezi batean zehaztuko da. Jarduera horietako bik etorkizunari begiratzen diote, iraunkortasunari, berrikuntzari, aldaketa espirituari, inklusioari, partaidetzari. Hirugarrenak, berriz, aldi berean begiratzen die iraganari eta etorkizunari, hezkuntzak komunitatea eta kultura sortzeko duen gaitasunari.
Lehen proposamena, Euskal Museoak antolatua, erakusketa ibiltari bat da. “Euskal kulturaren nazioarteko atea” du izenburu, eta Euskal Museoaren etorkizuna erakutsiko du Bizkaian zehar. Hainbat herritan jarriko dute erakusketa ikusgai, espazio publiko irekietan, eraberritze integralaren ondoren Euskal Museoa zer izango den ezagutzera emateko. Bilboko Arriaga Antzokiaren zabalgunea izango du abiapuntu, hantxe egongo baita maiatzaren 12tik ekainaren 9ra. Erakusketa osatzen duten 20 paneletan erakutsiko da zer izango den museo berritua, espazio zeharo berritzailea arkitekturaren ikuspegitik nahiz museografiari dagokionez. Gune iraunkor bat, apustu egingo duena zirkuitu laburreko ekonomia, gizarte partaidetza eta hezkuntzaren eta sormenaren eraldaketa ahalmena sustatzearen alde.
Bigarren proposamenak, Bilboko Berreginen Museoak aurkeztuak, iraganean jartzen du begirada, iragan urrun nahiz hurbilean, baina etorkizuna ahantzi gabe, betiere. Zehazki, ekimen berezi bat antolatu du “Artelana bere testuinguruan” zikloaren barruan, Museoen Nazioarteko Egunarekin bat etorrita, maiatzaren 19rako (18:00etan). Hitzaldi-ziklo hori jarduera klasikoa da jada museoaren egitarauan, klasikoa den bezalaxe ikasturte amaierako azken hitzaldia ere. Azken bi urteetan izan ezik, erakundearen administrazio eta didaktika egoitzan egin izan da ikasturte amaierako hitzaldia, Mirasol Kondearen kaleko 2. zenbakiko eraikinean, non ematen baitira museoaren marrazketa ikastaroak.
Eta, hain zuzen ere, marrazketa eskolak, Museoaren alderdi historiko hori, izango dira hitzaldiaren ardatz, Lorenzo Ascasibar eskultorea dela protagonista nagusi. Gaur egun oraindik hezkuntza baliabide gisa erabiltzen diren estatuekin ikasi zuen artistak berak ere. Baina, gainera, haren obretako bat Berreginen Museoaren bildumaren parte da, eta museoaren sortzaile Manuel Ramírez Escudero agertzen da, bitxiki, obra horretan.
Bilbao Bizkaia Museoak erakundeak Museoen Nazioarteko Egunerako aurkeztutako azken proposamena ekintza sozial eta hezigarriagoa izango da, nolabait, kontzientzia sortzearen, inklusioaren eta integrazioaren aldeko apustu irmoaren fruitua baita. Hain zuzen ere, Berreginen Museoaren bilduma iraunkorra bisitatzeko gida digital bat, Entzun Gure Nahia autokudeatzaileen taldeak irakurketa errazerako idatzia. Down Sindromearen Fundazioaren eta Berreginen Museoaren arteko lankidetza 2021ean hasi zen, beheko solairuko kartelen idazketarekin. Ikaskuntza eta partaidetza esperientzia izugarri aberasgarria izan zen bi aldeentzat, eta, Entzun Gure Nahiako kideek hala eskatuta, bilduma iraunkorraren ibilbideko piezen argitalpen digitala argitaratuko da oraingoan.
Jarduera/Proposamen guztiak publikoarentzat irekiak eta doakoak dira:
- “Euskal kulturaren nazioarteko atea” erakusketa maiatzean egongo da ikusgai Bilbon, eta handik beste udalerri batzuetara aldatuko da, hala nola Plentzia, Bakio eta Mundakara.
- “Artelana bere testuinguruan” ekimenean parte hartzeko, izena eman beharra dago aldez aurretik Berreginen Museoaren webgunean: https://sarrerak.bilbokoberreginenmuseoa.eus/eu/
- Entzun Gure Nahia autokudeatzaileek idatzitako museoaren bilduma iraunkorra bisitatzeko irakurketa errazeko gida digitala hemen deskarga daiteke.
Gozatu museoen festaz Bilbao Bizkaia Museoak erakundearen eskutik.