Berriak

"Estereoskopiak 16+16" Euskal Museoaren erakusketa Montehermoson

 

‘Estereoskopiak: 16+16’ erakusketa martxoaren 8tik apirilaren 24ra bitartean egongo da ikusgai


 

‘Estereoskopiak: 16 + 16’ erakusketa aurkeztu dute Gasteizko Montehermoso kulturunean. Martxoaren 8tik apirilaren 24ra bitartean izango da ikusgai kulturuneko lehen solairuko aretoan.

Eulalia Abaitua (Bilbo, 1853-1943) Euskal Herriko lehen emakume argazkilariaren irudi-altxorra da, eta Bilboko Euskal Museoak ditu zaintzan.  “Eskerrak eman nahi dizkiogu Euskal Museoari arte-ondare zoragarri honen zati bat Montehermoso Kulturunearen bidez zabaltzeko aukera emateagatik.  Bihartik aurrera izango da ikusgai, zein egun berezia baita, Emakumeen Nazioarteko Eguna. Une ezin hobea Eulalia Abaitua gogoan izateko“ adierazi du Hezkuntza eta Kultura zinegotzi Estíbaliz Cantok, Bilboko Euskal Museoaren koordinatzaile Sorkunde Aiarzarekin batera egindako aurkezpenean.

 

Hiru dimentsiotan

‘Estereoskopiak: 16+16’ erakusketak hautsi egiten ditu ohiko formatuak, batu egiten baititu Eulalia Abaituaren 16 argazkiren iragan bisuala (3 dimentsiotako betaurrekoen bidez ikusiko duguna) eta ahozko oraina, emakume idazleek euskaraz grabatutako audioak (audio-giden bidez entzun ahalko dira).

Idazle hauek arduratu dira irudiei hitzak jartzeaz: Katixa Agirre, Uxue Alberdi, Aurelia Arkotxa, Yolanda Arrieta, Leire Bilbao, Itxaro Borda, Tere Irastortza, Karmele Jaio, Mariasun Landa, Miren Agur Meabe, Laura Mintegi, Lourdes Oñederra, Eider Rodriguez, Danele Sarriugarte, Ana Urkiza eta Arantxa Urretabizkaia.

 

Egilea

Eulalia Abaitua (Bilbo, 1853-1943) Euskadiko lehen emakume argazkilaritzat jotzen da.  1870. urte inguruan, familia Liverpoolera joan zen bizitzera, eta, argazkigintzan hasi zen, bai materialak bai teknika lantzen. Material gisa beirazko plaka estereoskopikoak (positiboak eta negatiboak) eta gelatina-bromuroaren emultsioa erabiltzen zituen, Liverpoolen garai hartan fabrikatzen hasiak.

1878an Bilbora itzuli zen senar eta seme-alabekin, eta Begoñako Pinuaren jauregian finkatu zen. Eraikinaren sotoan argazki-laborategia jarri zuen, eta ordu ugari eman zituen bertan kamerarekin ateratako irudiak errebelatu, ikusi eta artxibatzen. Abaituak begirada arretatsu eta sentikorrez atera zizkien argazkiak Euskadiko  jende eta lekuei, XX. mende hasierako landa- eta hiri-giroko gizartearen isla baitziren.

Argazkietan euskal ohitura, festa eta tradizioak islatu zituen. Emakume ugariren erretratuak egin zituen eta protagonismo eta duintasun handia eman zien: sardina-saltzaileak, arropa-garbitzaileak, esnedunak, ura garraiatzen ari ziren emakumeak, nekazariak… Erretratuak ia beti kanpoan atera zituen, argi naturalarekin. Profil, busto edo gorputz osoko erretratuak dira.