Berriak

“FASHION KULTUR BILBAO” EKIMENAREN LAUGARREN EDIZIOAK EMAKUME SORTZAILEEN LANA ERAKUTSIKO DU EUSKAL MUSEOAN

 

Ekimenaren helburua da, halaber, Bizkaiko moda nazioartean ezagutzera ematea eta sustatzea

 

Irailaren 25ean, larunbatean, izango da, 19:00etan, Euskal Museoaren klaustroan

 

Donostiako Kutxa Kulturreko emakume gazteen diseinuak erakutsiko dira, baita Bilboko Inedi Design Schoolekoenak ere

 

Horiekin batera, presente izango dira Javier Barroeta lemoar diseinatzailearen Goi Mailako Joskintza Eskola eta Alicia Rueda etxeko diseinuak

 

Gaur egun indarrean den araudia dela-eta, gonbidapena eskuratu beharko da ekitaldian parte hartzeko, eta edukiera mugatua izango du

 


 

Datorren larunbatean, irailaren 25ean, 19:00etatik aurrera, “Fashion Kultur Bilbao” ekimenaren laugarren edizioa egingo da euskal Museoan, Bilboko Zazpikaleetan. Modak eta emakumeak izango dute, aurten, erabateko protagonismoa, ekimenaren izenburuak aditzera ematen duenez: “Modako emakume sortzaileak”.

Iaz, Emakundek “30 emakume ahaztezin” erakusketa antolatu zuen Euskal Museoan, zeinetan nabarmendu baitzen emakumeek hainbat diziplinatan egindako ekarpena. “Fashion Kultur Bilbao” ekimenak, aurten, bere egin du helburu hori, eta gaur egun modaren arloan diharduten euskal emakumeen lana hartu du ardatz, hasi ikastun gazteenetatik eta diseinatzaile ospetsuetara.

Hala, Museoaren klaustroan kokatutako pasarelan, Donostiako Kutxa Kulturreko nahiz Bilboko Inedi Design Schooleko emakume gazte sortzaileen diseinuak ikusi ahal izango dira. Era berean, euskal modaren bi euskarri garrantzizko horiekin batera, ekitaldian presente izango dira, halaber, Javier Barroeta lemoar diseinatzailearen Goi Mailako Joskintza Eskola eta Alicia Rueda etxeko diseinuak. Guziak ere ardatz beraren inguruan bildurik: euskal emakumeek sortutako moda.

Zehazki, honako diseinatzaile hauen diseinuak erakutsiko dira: Alicia Rueda, Violeta Ibáñez Ferriz, Lorea Church Iturbe, Sara Peligros eta Lavik (Inedi Design School), Ziran Lin eta Nadia Mato Romero (Javier Barroeta Eskola), eta Ainara Antxia eta Clara Virgili (Kultur Kutxa).

Durangoko L´Atelier Dantza Eskolak girotuko du ekitaldi kultural hau, eta hartan parte hartzeko ezinbestekoa izango da gonbidapena eskuratzea; bestalde, edukiera mugatua izango du, agintariek finkatu eta gaur egun indarrean den arautegiari jarraituz.

 

Hauek dira desfilean parte hartuko duten diseinatzaile batzuk:

 

ALICIA RUEDA

Alicia Rueda patroi, toal eta oihalen artean hazi zen, haiekin lan egiten baitzuten amak eta amonak. Txikitatik zuenez horretarako bokazioa, bere arropa josten zuen, hamahiru urte besterik ez zituela, eta laster hasi zen lagun eta ezagunei soinekoak egiten ere. Moda diseinua, patroigintza eta joskintza industriala ikasi ditu, eta ez du trebakuntza alboratu bere ibilbide osoan.

Ruedaren diseinuen bereizgarri nagusiak dira irudi femeninoa, moldea eta akaberak;  ezaugarri horiei eta materialen aukera zainduari esker, denboran irauten duten pieza bakarrak dira diseinatzaile honenak. Pertsonak, musika, zinema… hartu ohi ditu oinarri: bere burua berrasmatzeko eta erronka berriak topatzeko aukera ematen dion oro. Haren soinekoek nortasun berezia ematen diete haiek janzten dituztenei.

Bilbon bizi da, eta hantxe du denda; han biltzen ditu Pret-a-Porter eta Pret-a-Couture bildumak eta Koktel eta Zeremoniakoak. Bere atelierrean gauzatzen ditu artisau akaberako soinekoa nahi dutenen ideiak.

Bere ibilbidean zehar, hainbat moda etxeren bildumetan parte hartu du, baita antzerki, zinema eta telebistarako jantziak diseinatu ere. Haren estiloak emakume ospetsu asko erakarri ditu, zeinak jantzi ohi baitituzte haren diseinuak sona handiko ekitaldietan, hala nola Goya sarietan; baita herrialde askotako eta estatuko bezero asko ere, Bilboko atelierrera etorri ohi direnak Aliciarekin sortzeko beraien soineko berezi hori. Hauek dira Alicia Ruedaren diseinuak aukeratu dituzten emakume ospetsuetako batzuk: Marta Hazas, Almudena Cid, Vanessa Romero, Adriana Ugarte, Juana Acosta, María León, Mar Saura eta María Adánez.

 

CLARA VIRGILI (KUTXA KULTUR)

Clara Virgili diseinatzaile katalana Donostian bizi da. Berarentzat, prozesu artistikoa, sormenezkoa, da diseinua. Bere bildumetan, aldiko kontzeptu edo gai jakin bat ardatz hartu, eta haren inguruko ideia, xehetasun eta forma berriak lantzen ditu. Patroigintzan esperimentatzen du, testurekin eta joskurekin. Sortzaile gisa, hainbat etapa izan ditu, baina bilduma oso pertsonalak sortu ditu une oro; horrek aukera eman dio hazteko, alderdi teknikotik eta artistikotik. 2011n, Numeronueve etxearen sortzaileetako bat izan zen, eta hainbat sari eskuratu ditu, bere sormenagatik eta originaltasunagatik.

Azken urteetan, patroigile gisa lan egin du, eta Clara Virgili gisa sortzen ari da berriro. Diseinatzaileak bere azken bilduma aurkeztuko du: "Manipulus". Hitza, manipulazio masiborako armarik ahaltsuena. Masen ezjakintasunaren bultzada. Lider perfektua, sasijainkoak, zeinak mugitzen baitituzte mugimenduaren eta eraldaketaren hariak edo makinariak. Masen manipulazioak sorrarazi du “Manipulus”. Sorkuntza prozesuak jantziak manipulatzera eta txotxongilo zoragarrien mekanismo eta barnealdeei arreta jartzera darama diseinatzailea. Haserrea eta erresumina daude hasieran. Bareagoa da bidea tartean, eta amaieran, berriz, ziurgabea eta artega. Lehen aldiz, Clara Virgilik lehengai guztia jantzi birziklatuetatik lortu du; horregatik izan da bilduma hau egundoko erronka. Prozesua hasi eta buka izan da nahasgarria eta ziurgabea, norabide aldaketez betea, eta amaierara arte ez ziren definitzen xehetasun eta kolore asko.

 

LOREA CHURCH ITURBE (INEDI DESIGN SCHOOL)

Aretxabaletako gazteak estilismo eta moda diseinuko ikasketak amaitu ditu Bilboko INEDI Design Schoolen. “Once Upon A Time...” izeneko udazken-neguko bilduma diseinatu du. Izen horrekin, iraganera garamatza, ipuin baten hasierara. Hain zuzen ere, Loreak aitona-amonekin Ingalaterran bizitzako uden oroitzapena da “Once Upon A Time…” bildumaren abiapuntua. Proiektu honetan, omenaldia egin nahi izan die haiei, bere arbasoei. Londresko kaleak, arkitektura, fatxadetako adreiluak, barnealde klasiko-barrokoak, unibertsitateen arrandia, antzinako trenen diseinua… gogora dakarzkigu bildumak. Horrela, esentzia british bat transmititu, eta ikuslea magiaz eta emozioz beteriko Ingalaterrako lurretara eraman nahi du “Once Upon A Time” proiektuak.

Bildumaren ezaugarriei dagokienez, nabarmentzekoa da oihal eta estanpatu klasikoen erabilera, hala nola koadro, artile eta belusarena, besteak beste. Hain zuzen ere, “Once Upon A Time…” bildumak aldarrikatzen du oihal klasikoekin lan egiteak ez duela esan nahi iraganean gelditzea. Azken batean, artista gazteak oreka bilatu du desberdinen artean: tradizioa eta berrikuntza, bakuna eta barrokoa, neutrala eta koloretsua.

 

SARA PELIGROS (INEDI DESIGN SCHOOL)

Madrilen jaio zen, baina Algortan hezia da. Madrilen ari da, hala ere, bere ibilbidea egiten, Artisau Joskintzan espezializatuta. 2020an erabaki zuen, Inedi Design Schoolen Moda Diseinuko ikasketak amaitu ondoren, Artisau Joskintzan espezializatzea. “Génesis” bilduma aurkeztuko du Sara Peligrosek: bere buruaren ispilua, etiketarik gabea eta iraunkorki aldakorra, iraunkortasunaren eta atenporalitatearen bidez, modaren erritmoa moderatu nahian bezala.

“Génesis” bildumak erakusten du bere baitarako bidea egiten eta nor den aurkitzen ari den pertsona baten izaera. Ernetzea eta haztea, hazia garatu, zurtoina luzatu eta loratu arteko prozesu ebolutibo bat. Egindako bideek, hartutako erabakiek adar bana sortuko dute, zeina haziko eta garatuko baita. Bildumako piezak beren oihalen bikaintasunean eta bakuntasunean oinarrituta daude.

 

LAVIK . (INEDI DESIGN SCHOOL)

Laura Virtok dagoeneko eskuratua du estilismo eta diseinuko gradua, Inedin. “Virena” denboraren eta hark naturan eta gizakiengan duen eraginaren paradoxa du oinarri. Lavikek oso gertukoa duen kokaleku batera garamatza: Nafarroako Errege Bardeetara, hain zuzen. Paisaia horren bidez, hain zuzen, azaldu eta erakutsi nahi ditu denboraren joanaren ondorioak. Bere sorkuntzetan, orain higadura eta basamortua ikusten dugun tokian garai batean basoa eta landaretza egon zirela gogorarazi nahi du Laurak. Gizakiaren azala denboraren joanera moldatzen den bezala, urradurekin, zimurdurak bezala.

“Virena” sortzean, oihal naturalak eta zeta margoa aukeratu ditu paisaiaren testurak eta kontzeptua adierazteko.