Berriak

“Eizu zure…” haurrentzako tailerra aurkeztu dute Euskal Museoak eta Bilboko Berreginen Museoak elkarrekin

 

Ekainaren 5ean eta 19an (Euskal Museoa) eta ekainaren 12an eta 16an izango da tailerra (Berreginen Museoan), bi txandatan: 11:00etan eta 12:00etan (6 haur txanda bakoitzean)

Tailerraren ardatza izango da buztina eta igeltsua erabiltzea objektuak egiteko, eta 6 eta 10 urte bitarteko haurrei begirako ekimena da

Bizkaiko erakundea arduratuko da Covid-10ari aurre egiteko osasun neurri guztiak betetzen direla bermatzeaz, tailerra behar bezala egiten dela ziurtatzeko

Jarduera honetan parte hartzeko, sarrera erosi behar da Museoaren webgunean (www.euskalmuseoa.eus). Haurreko 2 €-ko prezioa du

 

 


 

Euskal Museoak eta Bilboko Berreginen Museoak haurrentzako tailerrak antolatuko dituzte aurten, berriz ere. Iaz bertan behera gelditu ziren, Covid-19ak sortutako pandemiaren eraginez; dena dela, aurtengoari begira, udako jardueren artean antolatu dituzte “Eizu zure Katilua” tailerra, Euskal Museoan, eta “Eizu zure Kopia”, Berreginen Museoan.

Ekainaren 5ean eta 19an (Euskal Museoa) eta ekainaren 12an eta 26an (Berreginen Museoa) izango dira hitzorduak, bi txandatan: 11:00etan eta 12:00etan. Txanda bakoitzean 6 haurrek parte hartuko dute, gehienez; tailerrak euskaraz izango dira; eta sormenarekiko eta eskulangintzarekiko interesa duten 6 eta 12 urte bitarteko haurrentzat da.

“Eizu zure…” tailerrak dagokion espazioaren araberako helburua izango du. Hala, Euskal Museoan, xedea izango da katilu bat sortzea buztin zuria erabiliz, txurroaren teknikari jarraituz. Asmoa da euskal kulturako objektu tipiko horren historiara hurbiltzea eta eskuz lan eginez hura berregiten saiatzea.

Berreginen Museoan, berriz, moldeak eta igeltsua erabiliz kopiak egitea izango da proposamena. Horrela, parte-hartzaileek aukera izango dute museoaren eta haren bildumaren historian murgiltzeko, modu dibertigarrian.

Amaitutakoan, parte-hartzaileek etxera eraman ahal izango dituzte tailerrean sortutako lanak.

Bilbao Bizkaia Museoak erakundearen hezkuntza zerbitzuak antolatutako jarduera da, eta Covid-19ari aurre egiteko osasun neurri guztiak kontuan hartuta egingo da. Hala, parte-hartzaileen arteko segurtasun tarteari eutsiko zaio, eskuak eta materialak desinfektatuko dira, musukoa erabiltzea nahitaezkoa izango da, etab.

Haurrak helduen laguntzarik gabe arituko dira, pandemiak markatutako aforo-arautegia betetzearren. Jarduerak 45 minutu inguruko iraupena izango du, eta, amaieran, haur bakoitzaren ardura duen helduak Museoko sarreran itxarongo du, taldeak bere lana amaitu arte.

Sarreraren prezioa haur bakoitzeko 2 €-koa da, eta sarrera horrekin Museoa doan bisitatzeko aukera izango du museora harekin joaten den helduak (haur jarduera egingo den espazioak izan ezik). Txartelak Euskal Museoaren webgunearen bidez erosi behar dira (www.euskalmuseoa.eus). Heldu bakoitzak 2 haurrentzako sarrerak erosi ahal izango ditu gehienez (esan bezala, helduak ez du sarrerarik beharko, eta, beraz, haurraren sarrera besterik ez du erosi beharko).

Jarduera honen bidez, bi museoek beste behin nabarmendu nahi dute kultura segurua dela, eta jolasaren eta dibertsioaren bidez historiara hurbiltzeko aukera emango dien jarduera bat eskaini nahi diete haurrei.

Familiarteko plana, etxetik hurbil, uda hasiera bi espazio paregabetan gozatzeko.

 


Fechas de la actividad

  • 2021(e)ko Ekainaren 19a