Berriak

Ignacio Zuloagak margotutako Ramón de la Sotaren erretratuaren sekretuak bistaratuko ditu Euskal Museoak

 

 

Bizkaiko erakundeak “Museoko kontuak; atzokoak eta gaurkoak” zikloaren barruan aurkeztuko du hitzaldi hau. Hilean behineko hitzaldi-sorta bat izango da, eta euskal kultura eta tradizioko gai esanguratsuak jorratuko dira horietan

 

“Bizkaia bere oinetan: Ramón de la Sota” izango da apirilekoaren gaia, eta Museoaren bildumako pieza izarretako bat izango da hizpide

 

Jarduera doakoa izango da, apirilaren 22an (osteguna), 18:00etan, Museoko klaustroan

 

Parte hartzeko, gonbidapena hartu behar da museoaren webgunean (www.euskalmuseoa.eus)

 

 


 

Bilboko Euskal Museoak “Bizkaia bere oinetan: Ramón de la Sota” hitzaldia eskainiko du apirilaren 22an, 18:00etan. Bizkaiko erakundeak ikasturte honetan aurkeztu duen “Museoko kontuak; atzokoak eta gaurkoak” hitzaldi-ziklo berriaren barruko solasaldia izango da.

Jarduera horren bidez, hilean behin topaketa bat egitea da asmoa, euskal kulturaren zenbait alderdi aztertzeko eta sakontzeko. Hainbat gai egongo dira: jaiegun jakinak, gure historiari dagozkion objektuak… Helburua, beste behin ere, Museoak gordetzen duen bilduma ukigarria zabaltzea da, baita euskal tradizioaren inguruko alderdi ukiezinak ezagutzea ere.

Oraingoan, bildumako pieza gakoetako bat izango du abiapuntu hitzaldiak, Ignacio Zuloagak margotutako Ramón de la Sotaren erretratua. Museoaren bigarren solairuko eskailera-buruan dago.

Mende aldaketan Bizkaiko enpresari garrantzitsuenetako bat izan zenaren bidez, gure oraintsuko historia errepasatuko da: industrializaziotik eta ekarri zuen garapen ekonomikotik hasi eta XX. mendearen amaieran hori desegiteak eragin zuen krisialdira arte.

Bestalde, XIX. mendearen amaierako korronte artistikoetako margolari esanguratsuenaren laguntzaz, Zuloagaren erretratugintzaren gakoen berri izan ahalko da.

Hitzaldian, Itziar Aloria aditua izango da hizlaria. Dagoeneko, Euskal Museoko gaiekin zerikusia duten eta urtean zehar egingo diren hitzaldi-sortaren barruan dago.

COVID-19ak eragindako osasun-arloko egoera dela-eta, erakundeak hitzaldia egin ahal izateko behar diren neurri guztiak hartu ditu: tenperatura eta edukiera kontrolatzea, parte-hartzaileen arteko distantzia, eskuak desinfektatzea, eta abar.

Parte hartzeko, ezinbestekoa izango da doako gonbidapena eskuratzea, Euskal Museoaren webgunean (www.euskalmuseoa.eus).

Azken finean, “Bizkaia bere oinetan: Ramón de la Sota” hitzaldiari esker, ikusleek Bilboko Euskal Museoaren bildumako pieza berezi-berezi baten berri izango dute.