Berriak

Bizkaiko Batzar Nagusiek Eulalia Abaitua euskal argazkilaritzaren aitzindariaren erakusketa bat antolatu dabe martiaren 8a dala eta

 

 

“EULALIA ABAITUAREN EMAKUMEAK/ MUJERES DE EULALIA ABAITUA” erakusketak XX. mendearen hasieran bizkaiko hainbat emakumeri ateratako 34 argazki biltzen ditu. Argazki horreek Bizkaiko Batzar Nagusietako erakusketa-aretoan erakusteaz gain, Maite Jiménez Ochoa de Alda komisarioak egindako katalogo batean jaso dira, Bilboko Euskal Museoaren lankidetzagaz eta lagapenagaz.

 

Eulalia Abaitua Allende-Salazar emakume handia izan zan, eta ez zan kikildu garai haretan egoan diskriminazinoarengaitik, gehien gustetan jakona egin eta kaleko bizitzari berari argazkiak ateraz.

 

Erakusketea apirilaren 23ra arte egongo da Bilbon. Gero, Abellanedako Enkarterriko Museoan ikusi ahal izango da urtea amaitu arte

 

 


Deskargatu: Emakume arimarekin


 

Bizkaiko Batzar Nagusiek Eulalia Abaitua Allende-Salazar euskal argazkilaritzaren aitzindariaren emakume argazkiak batzen dituan argazki erakusketea inaugurau dabe gaur, Emakumearen Nazinoarteko Egunean. Bizkaiko Batzarretako Erakusketa Aretoak (Hurtado de Amezaga kalea, 6. Bilbo) XX. mendearen hasieran emakume bilbotarrak garai haretako Bizkaiko landa eta uri inguruneetan egindako 34 argazki batzen ditu. Irudi guztiak Bilboko Euskal Museoko Argazki Artxiboan gordeten diran jatorrizkoen erreprodukzinoak dira, Maite Jiménez Ochoa de Alda erakusketaren komisarioak batutakoak. Erakusketea apirilaren 23ra arte egongo da zabalik, 8:00etatik 20:00etara, astelehenetik barikura.

 

“EULALIA ABAITUAREN EMAKUMEAK/ MUJERES DE EULALIA ABAITUA” ekitaldiaren aurkezpenean, Sorkunde Aiarza Euskal Museoko zuzendariak eta Ana Otadui Biteri Bizkaiko Batzar Nagusietako lehendakariak azaldu dabenez, erakusketa honek, hain zuzen be, "emakumeak historian bete dauen lekua erakusteko eta benetako bardintasuna aldarrikatzeko balio dau”, eta, ganera, "historiak ez-existentziaren plano bidebako batean itzi dituan emakume horreen guztien oroigarria da".

 

Argazki zaharrek XX. mende hasierako emakumeen munduaren zati bat islatzen dabe. Benetako agertokietan, euren jantzi eta lanbideakaz erretratauak izan diran emakumeak. Imajinau beharrik ez dagon mundu bat, emakume bilbotar honen lanari esker. Ingalaterran egindako egotaldi bati esker argazkigintzaren unibersoan murgildu ahal izan zan, eta bertan, argazkilaritzaren hastapenetan, lanbidea ezagutzeko aukerea izan eban.

 

Abaituaren familia Bizkaiko Batzar Nagusiei lotuta dago, Castor María Allende-Salazar Urkijo Bizkaiko Ahaldun Nagusiaren biloba izan zalako. Castor izan zan bonbardaketatik bizirik urten eban Gernikako Arbolea landatzea agindu ebana (haren argazki bat be badago). Bizkaira itzulita zaletu moduan murgildu zan argazkilaritzan eta ondare parebakoa itzi eban. Otaduik gogoratuazo dauen moduan "garai haretan egoan diskriminazinoaren aurrean kikildu barik" bere begirada fotografikoa, lehen pausuak emoten ari zan Bilbo industrialetik hasi eta landa inguruko Bizkaira arteko persona, lanbide, egoera eta lekuen unibersoan finkatuz.

 

Bere lanaren parte handi batean, Abaituak gizarte maila guztietako emakumeak erretratau ebazan. Euskal argazkilaritzaren aitzindaria izan zan, jente gitxik egindako bidea egin ebalako; argazkiak, benetako erreportari grafikoa balitz bezala ateraten ebazan. Bere zuri-baltzeko irudiek baztarretan egoan mundu debaluaua, ahaztua eta ordura arte ikusezina eskaintzen dabe.

 

Maite Jiménez Ochoa de Alda erakusketaren komisarioaren ikerketa eta bilketa lanari esker, Bilboko Euskal Museoak Abaituak egindako 2.500 irudi ditu. Bizkaiko Batzar Nagusien Bilboko egoitzan gaur inaugurau dan erakusketarako aukeratutako 34 argazkiak Euskal Museoak 1990ean "Gure Aurreko Andrak/Mujeres Vascas de Ayer" erakusketan argitarau ebazan erreprodukzinoen parte dira.

 

Bere argazki-lanen izenburuek –“Sardineras”, “Conchita en Elorrio”, “María Costa y Asunción / costureras”, “La vieja de Mañaria”, “Gitanas Santuchu” “Elorrio hilanderas / hermanas de Ubidea”, “Lechera”,  “Lavanderas en las Arenas”…– emakume uniberso estereotipaua eskaintzen dabe, bere tituluek uniberso konplexuari justizia egiteko balio ez daben arren. Hautaketak emakume xumeak, beharginak, apaindura bakoak, baina berezko duintasun eta dotorezia handikoak batzen ditu. Garai haretan nagusi zan kode burges femeninoagaz kontrastea egiten daben irudiak.

 

 

ALKARLANA EUSKAL MUSEOAGAZ

 

Erakusketa hau Batzar Nagusien eta, bilduma hau Bilboko Erakusketa Aretoan martia eta apirila bitartean erakusteko eta, ostean, Abellanedako Enkarterrietako Museora eroateko itzi dauen Euskal Museoaren arteko lankidetzari esker gauzatu ahal izan da. Erakusketea, bertan dagozan beste hainbat argazkigaz osatuko da.

 

Modu berean, Euskal Museoak formatu digitalean berrargitaratuko dau Eulalia Abaituaren eta bildumako beste funts batzuen argazkiak dituan "con alma de mujer" ibilbidea. Ibilbide horrek Zazpikaleak eta Bilbo Zaharra hartzen ditu.

 

Sorkunde Aiarza zuzendariak dinon moduan, "zeregin hori, emakumeek hainbat eta hainbat urtetan egin daben ahaleginari eta lan garrantzitsuari ikusgaitasuna emotea, oso gogoan daukagu Euskal Museoan. Eta ez bakarrik diskursoan, baita egiten doguzan ekintzetan be. Adibide moduan, Emakundegaz batera orain denpora gitxi egin dan '30 emakume ahaztuezin' erakusketea, 'Estereoskopiak 16+16' erakusketa propioa, Eulalia Abaituaren argazkiakaz, edo, urrun joan barik, gaur inaugurau doguna."