Euskal Museoak haurrentzako tailer bat antolatuko du, Inauterien historia ezagutzeko eta festa hauen estiloan maskara bat apaintzeko
Jarduera otsailaren 13an (larunbata) izango da, eta hiru saio egongo dira: 10:30ean, 11:30ean eta 12:30ean (12 haur, txanda bakoitzean)
Tailerra 6 eta 12 urte bitarteko haurrentzat dago pentsatuta
Bizkaiko erakundeak COVID-19aren aurkako beharreko osasun-neurri guztiak bermatuko ditu, ekitaldia behar bezala egiteko
Parte hartzeko, ezinbestekoa da Museoaren webgunean sarrera hartzea (www.euskalmuseoa.eus). Prezioa: 2 € haur bakoitzeko
Bilboko Euskal Museoak Inauteriei buruzko haurrentzako tailer bat eskainiko du otsailaren 13an (larunbata). Festa hauen historia eta ohiturak ezagutu nahi dituzten 6 eta 12 urte bitarteko haurrentzat dago pentsatuta jarduera. Gainera, gaur egungo unean ere arreta jarriko da, eta, hala, haurrek maskara higieniko bana apainduko dute, inauteri-itxura eman eta jaiegun hauetan erabiltzeko.
Hiru txandatan egingo da tailerra, goizez: 10:30ean, 11:30ean eta 12:30ean. Hasteko, talde osoak (12 ume txanda bakoitzean) Inauteriei buruzko azalpen labur bat entzungo du. Gero, hiru partaideko lau talde egingo dira, inauteri-giroko maskara bana egin ahal izateko.
Jarduera egiteko, COVID-19aren aurreko beharreko osasun-neurri guztiak hartuko dira. Horrenbestez, segurtasun-tartea izango da guztien artean, eskuak eta materiala desinfektatuko dira, maskara nahitaez erabiliko da…
Haurrak heldurik gabe sartuko dira tailerrera, hartara, edukierari buruzko pandemiak eragindako araudia betetzea bermatuko baita. 45 minutuko jarduera amaitu ondoren, Museoaren sarreran egongo da zain haur bakoitzaren arduraduna, taldeak amaitu arte.
Haur bakoitzeko 2 € balio du sarrerak, eta heldu bati sarbidea emango dio Euskal Museoa bisitatzeko, hala nahi badu (Klaustroa izan ezik, bertan egingo baita haurrentzako jarduera). Sarrera erakundearen webgunearen (www.euskalmuseoa.eus) bitartez erosi beharko da. Heldu bakoitzak gehienez ere haurrentzako 2 sarrera erosi ahalko ditu (helduek inola ere ez dute behar sarrerarik; beraz, haurrentzako soilik erosi behar dute sarrera).
Jarduera honekin, Euskal Museoak beste behin adierazi nahi du kultura segurua delako ideia, eta gure ohituretara hurbiltzeko jarduera bat eskaini nahi die haurrei.
Nor etorriko da Euskal Museora Inauteriak ospatzera?