Euskal Museoak «Gabon-afaria» egingo du klaustroan abenduaren 21ean
Hitzaldi bat izango da, eta Bizkaiko erakunde honen bildumakoa den Enrique Albizu Perurenaren koadro ospetsua aztertuko da.
Obran Gutiérrez de la Torre familia ageri da, euskal Gabon-afari tradizional bat dastatzen.
Jarduera doakoa da, eta abenduaren 21ean izango da, 18:00etan.
Parte hartzeko, aldez aurretik izena eman beharra dago, 94 415 02 31 zenbakira deituta.
Bilboko Euskal Museoak abenduaren 21ean «Gabon-afari» kultural bat egingo du klaustroan. Hitzaldi bat izango da, Enrique Albizu Perurenaren koadroa aztertuko duena, hots, erakundearen bildumako margolanik ezagunenetakoa.
Jarduera 18:00etan hasiko da, eta obraren inguruko bitxikeria eta sekretuak azaleratzeko helburua izango du. Obran Gutiérrez de la Torre familia ageri da, mahaian jesarrita, Gabonetako euskal afari tradizional bat dastatzen. Elikagaiek, protagonistek, janzkerak, etab. euskal historiaren detaile asko erakusten dituzte. Aldi berean, obraren egileaz berba egingo da, haren lana gertutik ezagutzeko.
Solasaldi hau erakundearen hezkuntza-zerbitzuak pentsatu eta sortu du, eta Euskal Museoak Gabon-egun hauetarako antolatu duen haur- eta heldu-programazioaren parte da. COVID-19ak eragindako osasun-egoera dela-eta, erakundeak hitzaldia aurrera eramateko beharrezkoak diren neurri guztiak hartu ditu: tenperaturaren eta edukieraren kontrola, parte-hartzaileen arteko distantziak, eskuen desinfekzioa, etab.
Era berean, parte hartzeko, aldez aurretik izena eman beharra dago 94 415 02 31 zenbakira deituta.
Obra: Gabon-afaria (Valentzia, 1926) Olioa/Mihisea, 163 x 278 cm
Egilea: Enrique Albizu Perurena
Gutiérrez de la Torre senar-emazteak, haien gurasoekin eta Edurne, Julián eta Koldobikarekin Gabon-afariaren inguruan jesarrita, tradizioz Gabonetako menu tipikoa osatzen zuten platerak dastatzen ari dira: azalorea, barraskiloak eta bisigua. Margolan hau Gutiérrez de la Torre familiak enkargatu zion, Caracasen (Venezuela), Enrique Albizu margolariari. Espainiako gerra zibilaren ondorioz hiri hartara erbesteratu ziren, eta enkargu horrekin hau lortu nahi izan zuten: familia osoa, momentu horretan barreiatuta zegoena, mahai inguruan biltzen zen garaia sinbolikoki erreproduzitzea.