Berriak

Euskal Museoak ikusgai jarriko du bere Euskal Jaiotza, Olentzero protagonistetako bat dela

 

Bizkaiko erakundeak, Bizkaiko Belenzaleen Elkartearekin lankidetzan, obra hau aurkeztuko du Klaustroan, 2020ko abenduaren 2tik 2020ko urtarrilaren 10era bitartean

Pilaketak saihesteko eta egungo osasun-araudia betetzeko, Museoak aukera ematen du sarrerak online eskuratzeko, bisitaren ordua aukeratuta

Jarduera Bilboko Gabonetarako plan gisa proposatuko da

 


 

Bilboko Euskal Museoak, Bizkaiko Belenzaleen Elkartearekin lankidetzan, bere Euskal Jaiotza erakutsiko du Klaustroan, 2020ko abenduaren 2tik 2021eko urtarrilaren 10era. Oraingoan, Euskal Jaiotza euskal paisaia eta ohitura tradizionaletan girotuta dago.

Bertan, herri arkitekturaren hainbat adibide daude ikusgai: Zeberioko Etxebarria baserria, bere arkupean Jesus Haurraren Misterioa hartzen duena, Zeanuriko Emaldi baserria eta Berrizko Isuntze baserria, bai eta Mungiako Landetxo Goikoa baserria ere; azken horren atarian eserita egongo da Olentzero. Haien inguruan, nekazariak eta emakumeak eguneroko zereginak egiten agertuko dira.

Aurten, COVID-19ak eragindako osasun-araudia eta murrizketak direla-eta, Euskal Museoak bere webgunearen bitartez sarrera erosteko aukera ematen du (www.euskalmuseoa.eus/eu/sarrerak), bai eta bisitaren ordua aukeratzeko ere, pilaketak ekiditeko. Jarduera hau egun hauetarako Gabonetako planetako bat bezala proposatuko da Bilbon. Haurrei zuzenduta dago, bereziki. Gainera, aldi berean, Euskal Museoak bere erakusketa iraunkorra eta egungo aldi baterako bi erakusketak ezagutzeko aukera eskaintzen du: Emakunderen 30 emakume ahaztezin, alde batetik, eta, bestetik, Arzak bere saltsan, euskal sukaldari ezagunaren bizitza profesionala eta pertsonala ezagutzeko aukera.

Euskal Jaiotza Bizkaiko erakundearen ohiko ordutegian bisitatu ahal izango da.

Tamaina handiko antzezpen bat da, eta ikusleei, heldu zein haur, aukera emango die Gabonetan bestelako kultur plan batez gozatzeko.