Berriak

Bilboko erraldoi eta buruhandiek Euskal Museoaren klaustroan dantzatuko dute Bizkaiko Dantzarien Biltzarraren eskutik

 

Erraldoiak Dantzan jarduera irailaren 4, 5, 6, 10, 11, 12 eta 13an egingo da, ordutegi desberdinetan

Gonbidapenak dohainik eskuratu ahalko dira Euskal Museoaren webgunean irailaren 3tik aurrera (osteguna), edukiera bete arte

Bizkaiko erakundeak Bilboko Erraldoi eta Buruhandiak izeneko erakusketa osatu nahi du horrela, COVID-19aren eraginez ezin izan baitu aurten ohiko Kalejira egin

Jarduera honetaz gain, Bizkaiko Dantzarien Biltzarrak dantza egitarau zabala eskainiko du Euskal Museoaren klaustroan, irailean eta urrian zehar

Museoak 60 pertsonako edukiera murriztua izango du jarduera egiteko, eta osasun-aginteek ezarritako COVID-19aren aurkako segurtasun-tarte eta arauak bete beharko dira

 


 

Bilboko Erraldoiak eta Buruhandiak erakusketa Euskal Museora iritsi zen uztailaren 1ean, baina horri lotutako jarduera batzuk bertan behera utzi behar izan ziren COVID-19ak eragindako osasun-alarmaren ondorioz; adibidez, Alde Zaharreko Kalejira. Erakusketa irailaren 13an bukatuko da, baina, horren aurretik, erakunde bizkaitarrak omenaldi bat egitea erabaki du aurten ere pertsonaia ezagun horiez gozatzera etorri diren milaka bisitariei.  Modu horretan, erraldoiek Museoko klaustroan dantza egingo dute Bizkaiko Dantzarien Biltzarraren eskutik, Erraldoiak Dantzan deituriko ikuskizunean.

Jarduera iraileko hurrengo egun hauetan gozatu ahalko da:

 

 Irailak 5: 12:00etan (lehen erakustaldia); 12:30ean (bigarren erakustaldia)

► Irailak 6: 12:00etan (lehen erakustaldia); 12:30ean (bigarren erakustaldia)

► Irailak 10: 19:00etan (lehen erakustaldia); 19:30ean (bigarren erakustaldia)

► Irailak 11: 19:00etan (lehen erakustaldia); 19:30ean (bigarren erakustaldia)

► Irailak 12: 12:00etan (lehen erakustaldia); 12:30ean (bigarren erakustaldia)

► Irailak 13: 12:00etan (lehen erakustaldia); 12:30ean (bigarren erakustaldia)

 

Sarrerak dohainik eskuratu ahalko dira Euskal Museoaren webgunean irailaren 3ko (osteguna) 15:00etatik aurrera (www.euskalmuseoa.eus), edukiera bete arte. Osasun-araudiaren ondorioz, erakustaldi bakoitzeko gehienezko edukiera 60 pertsonakoa izango da, parte-hartzaile bakoitzak gehienez lau sarrera eskatu ahalko ditu eta Unamuno plazako sarreratik bakarrik sartu ahalko da.

Segurtasun-neurriei dagokienez, erakunde bizkaitarrak osasun-aginteek ezarritako segurtasun-tarte eta arauak beteko ditu, eta egungo araudian zehaztutako higiene eta kontrol protokoloa jarraituko du. 

 

Erraldoiak Dantzan

Erakustaldi bakoitzak 20 minutu iraungo du gutxi gorabehera, eta tarte horretan Bizkaiko Dantzarien Biltzarraren gaiteroekin eta erraldoien dantzekin gozatu ahalko da; esate baterako, Kalejira edo Polonesarekin, haurrak zein helduak euskal kulturaren txoko honetara gerturatu daitezen. 

Klaustroan ikusgai dauden euskal jai-kulturaren pertsonaia ezagunak 1988ko belaunaldikoak dira, eta biziberritu egingo dira erakusketari amaiera bikaina emango dion ikuskizunean.

Euskal folklorearen ukitu bat, 4 metrotik gorako altuera duten figura hauekin. Horrenbestez, Ingelesa eta Bilbotar Neskatila edo Pitxitxi eta Lina musikaren erritmoan dantzatuko dira kultura segurua dela erakusteko. 

 

Euskal DANTZAK

Erraldoiak Dantzan jardueraz gain, Bizkaiko Dantzarien Biltzarrak dantza egitarau zabala prestatu du, Euskal Dantzak izenburupean. Jarduera Euskal Museoko klaustroan egingo da hurrengo egun hauetan:

Irailak 20, 26 eta 27: 13:00etan (sarbidea Unamuno plazatik)

Urriak 3, 4, 10, 11 eta 17: 13:00etan (sarbidea Unamuno plazatik)

Ekitaldirako sarrera doakoa izango da, eta erakunde bizkaitarraren webgunean eskuratu ahalko da irailaren 3ko (osteguna) 15:00etatik aurrera, edukiera bete arte.

COVID-19ak eragindako egungo osasun-araudiaren ondorioz, erakustaldi bakoitzeko gehienezko edukiera 60 pertsonakoa izango da. Gainera, beharrezko segurtasun-neurri guztiak hartuko dira, jarduera behar bezala garatu dadin bermatzeko.

Euskal Dantzak publikoari euskal folklorearen alderdi hori erakutsi nahi dion ikuskizuna da: bere dantzak. Hala, BETI JAI ALAI, GAZTEDI, SALBATZAILE, GOIALDE, ZERUTXU, ALKARTASUNA, MIKEL DEUNA eta URDAIBAI taldeak izango dira zeregin horren arduradunak. Haiekin batera, pauso eta dantzei erritmoa emango dieten musika taldeak ere arituko dira.

Gure tradizioetako bat gertutik ezagutzeko eta kulturaz modu seguruan gozatzeko aukera ederra.