Berriak

Euskal Museoa eta Bilboko Berreginen Museoa COVID-19ra egokitu dira “Metro eta erditik begiratuta” izeneko udako bisita gidatu berriekin

 

Jarduera 94 415 02 31 telefono zenbakian erreserbatu ahalko da, uztailean eta abuztuan

Taldeentzako bisita gidatuak dira (5-10 pertsona), euskaraz, gaztelaniaz edo ingelesez, eta prezio berezia dute: sarrera merkeagoa parte-hartzaile bakoitzarentzat eta 5 euro talde-bisita bakoitzeko

Aldi baterako udako erakusketa ardatz, Euskal Museoan “Erraldoiak, metro eta erditik begiratuta” bisitaz gozatu ahalko da

Berreginen Museoak “Estatuak, metro eta erditik begiratuta” bisita eskainiko du bere erakusketa iraunkorra ezagutarazteko. Gainera, “Plaza azpian, metro eta erditik begiratuta” bisitarekin San Frantziskoko aztarnategira sartzeko aukera egongo da<0}

Bizkaiko erakundeak beharrezko segurtasun eta higiene neurri guztiak hartu ditu: maskara erabiltzea derrigorrezkoa izango da

 


 

Euskal Museoak eta Bilboko Berreginen Museoak bisita gidatu bereziak eskainiko dituzte uztail eta abuztuan, beren erakusketak sakonean ezagutzeko. “Metro eta erditik begiratuta” da bisita horietarako aukeratu duten izenburua; jarduera horiek COVID-19ak eragindako arautegi orokor berrira egokitzeko beharretik sortutako kontzeptua dira.

Euskal Museoaren bisitaren ardatza “Bilboko Erraldoiak eta Buruhandiak” izeneko aldi baterako erakusketa izango da. Bertan, uda garaian erakundearen Klaustroan bizi diren pertsonaia ezagun hauek izango dira protagonista nagusiak.

Bestalde, Berreginen Museoak bere erakusketa iraunkorra erakutsiko du; Samotraziako Garaipena da bertako obra klasikoen berregin nabarmenetako bat. Horrez gain, San Frantziskoko antzinako komentuko aztarnategia bisitatzeko aukera eskainiko dute: Bilboko erdiguneko altxor arkeologikoa.  

Gogorarazi beharra dago norberak gidatutako bisita batekin osatu daitekeela ibilbidea, bi museoen webguneetan eskuragarri dauden liburuxkak erabilita (www.euskalmuseoa.eus / www.bilbokoberreginenmuseoa.eus).

5 eta 10 lagun arteko taldeei zuzendutako bisitak dira. Euskaraz, gaztelaniaz edo ingelesez egin daitezke, eta prezio berezia dute: sarrera merkeagoa bisitari bakoitzarentzat (1,5 €), eta 5 euro taldeko bisita bakoitzeko. Bisita Berreginen Museora eta San Frantziskoko aztarnategira egin nahi izanez gero, sarrera bera izango litzateke, baina taldeko 10,00 € ordaindu beharko lirateke, bi bisita ezberdin baitira.

Jarduera horretan parte hartu nahi duen pertsona orok aurretiazko eskaera bat egin beharko du, gutxienez, astebete lehenago, 94 415 02 31 telefono zenbakian.

COVID-19aren pandemiaren osteko beharrezko segurtasun eta higiene neurriak bermatzeko, bi erakundeek protokolo zehatz bat garatu dute bisita gidatuak egiteko. Lehenik eta behin, jardueran parte hartzen duten guztiek maskara erabili beharko dute derrigorrez. Gainera, bisitaren izenak adierazten duen moduan, une oro segurtasun tartea gorde beharko da. Horri gehitu egin behar zaio desinfekzio lanak areagotu direla, eta instalazioak egunero garbitzen direla.

 

“Metro eta erditik begiratuta” programa

- Erraldoiak, metro eta erditik begiratuta (Euskal Museoa). Iraupena: 40 minutu inguru.

- Estatuak, metro eta erditik begiratuta (Berreginen Museoa). Iraupena: 60 minutu inguru.

- Plaza azpian, metro eta erditik begiratuta (Mariaren Bihotza plazako aztarnategia). Iraupena:

45 minutu inguru.

 

ERRESERBAK:

94 415 02 31

Gutxienez, astebete lehenago. Erreserba egiterakoan eguna eta ordua aukeratu beharko da, aukeren arabera.