Berriak

Euskal Museoak online argazkilaritza-lehiaketa bat proposatu du, etxeko jarduerak sustatzeko

 

 

Parte-hartzaileek museoaren bildumako piezaren bat alderatu beharko dute, etxean duten eguneroko objektu batekin

Argazkiak 2020ko martxoaren 17tik 27ra bidali ahal izango dira

Erabiltzaileek eurek emango diote botoa gustukoen duten argazkiari

Ekimen honen bitartez, berrogeialdian etxean egiteko sormenezko jarduerak sustatu nahi ditu Euskal Museoak, baita bertako piezen bitartez bere bildumaren muina ezagutaraztea ere, museoa publikoari itxita dagoen bitartean

 


 

Atzokoa eta gaurkoa

Euskal Museoa Museo Arkeologiko, Etnografiko eta Historiko gisa sortu zen. Gaur egun, sasoi bateko bilduma arkeologikoa Arkeologi Museoan gozatu dezakegu, gailurrean. Alabaina, etnografiak eta historiak Bilboko Unamuno plazan gordeta jarraitzen dute, erakundearen egoitzan. Museoaren muina dira, euskal gizartearen izaera definitzen dutelako. Gure bizitzaren arima dira, gure izaeraren isla, eta, horregatik, izango garen horretara eramango gaituen bidea ere badira.

«Izan zirelako gara, garelako izango dira»

Itxialdiko egun hauetan, hausnartzeko eta pentsatzeko sasoi honetan... Euskal Museoak iraganera bueltatzea proposatzen du: egungo mundua gure aiton-amonen munduarekin alderatzea, bizirik jarraitzen duen eta Euskal Museoko aretoetan arnastu daitekeen munduarekin alderatzea. Alderaketa hori asmakizun baten bidez egitea proposatzen du Bizkaiko erakundeak; izan duen bilakaera azkarragatik, munduko objekturik modernoena ematen badu ere, gure aiton-amonek artean erabiltzen zuten eguneroko gauza garrantzitsuak (eta, batzuetan, gauza arruntak ere) jasota uzteko: argazkilaritzaz ari gara.

Hain zuzen, oso hurbil daukagu guztiok telefonoa egunotan. Inguruari begiratzeko modu desberdin bat. Museoak kamara horiek erabiltzeko gonbita egiten digu, inguruan ditugun objektuak, usadioak eta ohiturak aztertzeko, eta atzera begiratuta horiek aspaldiko sasoikoekin alderatzeko.

 

Lehiaketa

Eguneroko objektu bat aukeratu behar da. Etxeko zerbait, ia egunero erabiltzen den zeozer. Beharrezkoa da denbora nahikoa eskaintzea aukeratuko den objektuaren inguruan pentsatzeari. Nola heldu da etxera? Zertarako erabiltzen dugu? Beste ezer erabil genezake gauza bera egiteko? Egiten al dugu? Noiztik da ohikoa gure etxeetan, ohikoa baldin bada? Hori erabiltzeak aldaketa handia ekarri du? Zer motatakoa?

Hurrengo pausoa Euskal Museoaren Ensimeren webgunean (plataforma digital honetan, bildumako piezen zati handi bat jasotzen da) apur bat kuxkuxeatzea da: sasoi bateko baliokidea topatu behar dugu, antzeko funtzioa duen objektu bat, horren bitartez gaurko garaia eta ordukoa alderatu ahal izateko. Saiatu aurreko dinamika errepikatzen eta galdetu zuen buruari: nola erabiltzen zen? Zertarako? Nondik dator? Zergatik zen horrelakoa eta ez bestelakoa? Nork egin zuen?

 

EMSIME:

Euskera

https://apps.euskadi.eus/emsime/bilduma-online/bilboko-euskal-museoa/museo-57

Castellano

https://apps.euskadi.eus/emsime/coleccion-online/museo-vasco-de-bilbao/museo-57

 

Eta hemen dator telefonoaren argazki kameraren txanda. Esperientzia horiek partekatzeko, beharrezkoa izango da hautatutako objektuaren argazki bat bidaltzea, lotura duen Museoko piezarekin batera eta parte-hartzaileak argazkia atera aurretik bere buruari egin dizkion galderen erantzunarekin batera.

Material guztia helbide honetara bidali beharko da: itziar.martija@bbmuseoak.eus

 

Argazkiei botoa emateko esteka honetara sartu beharko da: 

https://spark.adobe.com/page/2OIwAOxefaN03/

 

Formatu honen bidez, berrogeialdiaren ondorioz museoa publikoarentzat itxita dagoen bitartean etxean sormena garatzea du xede Euskal Museoak, baita pertsonek euskal kulturaren objektu adierazgarrien inguruan hausnartzea ere, are argazkia atera aurretik eta ez ondoren. Argazkilaritzako edozein eskuliburutan azaltzen den bezala, museoak animatu egiten gaitu gure inguruari begiratzen ikastera, argazkiak atera aurretik.

Argazki guztiak 2020ko martxoaren 17tik 27ra bidali ahal izango dira.

Argazki onenaren egileak Euskal Museora sartzeko urteko txartela eskuratuko du.

Plan desberdina egin nahi duzu etxeko itxialdiko egun hauetan? Euskal Museoak argazkilaritzaz gozatzea proposatzen dizu, mugikorraren telefonoa soilik erabilita.