Berriak

Mikel Markezek zuzeneko emanaldia eskainiko du Euskal Museoan, Biribilean aurkezteko

 

Euskal abeslariak bere abesti ezagunenetako batzuk kantatu, eta bere azken diskoko abestietako batzuk aurkeztuko ditu

Kontzertua otsailaren 1ean izango da, 19:00etan, museoko Klaustroan (sarbidea Gurutze kaletik)

Sarreren prezioa 9 eurokoa da, eta hala museoan nola https://www.eventbrite.es/ webgunean eskuratu ahal izango dira

18 urtetik beherakoek 4,5 euroko prezioan erosi ahal izango dituzte sarrerak, Euskal Museoak gazteen artean euskal kultura sustatzeko eskaintzen duen “kultur deskontuari” esker

 


 

Mikel Markez abeslariak zuzeneko emanaldia eskainiko du Euskal Museoan, otsailaren 1ean, Biribilean izeneko bere azken lana aurkezteko. Kontzertua 19:00etan hasiko da, eta, kanta berriak aurkezteaz gain, musikaren munduan egindako ibilbide luzean lortutako abesti arrakastatsuetako batzuk ere aurkeztuko ditu.

Museoko klaustro estalia aukeratu du Markezek, 30 urteko kalitatezko musika-ibilbidea erakutsiko duen emanaldia eskaintzeko. Gune hau XVII. mendekoa da, eta Euskal Museoko gaur egungo bilduma iraunkorraren zati bat bertan dago ikusgai. Gainera, erdigunean Mikeldi Idoloa dago; harearrizko eskultura zoomorfoa da, II. Burdin Arokoa (K.a. VI. mendea).

Sarreraren prezioa 9 eurokoa da, 18 urtetik gorakoentzat. Adingabeek (NAN bidez egiaztatu beharko dute) % 50eko “kultur deskontua” izango dute (4,5 €); izan ere, museoak ekimen bat jarri du abian, gazteen artean euskal kultura sustatzeko asmoz. Tiketak hala museoan nola https://sarrerak-mikelmarkez.eventbrite.es webgunean eskuratu ahal izango dira.

 

:: Azken lan diskografikoa

Biribilean da Mikel Markezek Mecca Recording Studios-en zuzenean grabatutako lan berriaren izena. Arkaitz Minerrek (biolina, biola, mandolina eta timplea) eta Julen Alonsok (trikitia eta eskusoinua) aberastu dute musika-proiektu hau. Mikelen alaba Esti Markezek eta Andrea Bidart kaliforniarrak ere euren ahotsa jarri diote lanari, eta hiru ahotseko benetako lan korala sortu dute.

Markezen abesti-bildumari dagokionez, 30 urteko ibilbideko lanetako batzuk berregin ditu, zuzeneko bertsio akustikoa eskaintzeko. Baina berdin dio eta Zure begiek, nerabezaroan idatzitakoak; Zertarako mugak jarri, sexu-askatasunari buruzkoa; Galdetzen, Patxi Saizekin batera produzitutakoa; Hiri hartan izan zen eta Konplize ditut, azken hamarkadan argitaratutakoak, eta John zaharra, parranda giroko abesti alaia. Lan honetan, abesti berri bat ere aurkeztuko du: Herrimina. Markezek lotura estua du euskal diasporarekin, eta tradizio mexikarretik datorren abesti honek agerian uzten du hori.

 

:: Mikel Markez

1971ko urriaren 4an jaio zen Errenterian. Hamabost urte zituela, gitarra jotzen eta lehen abestiak konposatzen hasi zen. Lehen grabaketa 1989an egin zuen, eta, 20 urte bete aurretik, lehen diskoa plazaratu zuen. Bakarlari gisa, hamabi disko argitaratu ditu orain arte.

Euskal Herri osoan zehar kantatu du, eta Silvio Rodríguez, Mikel Laboa, Erramun Martikorena, Paco Ibáñez eta Eñaut Elorrieta artistekin batera aritu izan da zuzenean oholtza gainean. Munduko zenbait lekutan ezagun bihurtu da, hala nola Txinan, Venezuelan eta Argentinan. Estatu Batuetan, agertoki gainean aritu izan da Noka talde kaliforniarrarekin, eta lan bat argitaratu zuten elkarrekin. Plazer bat izan duk, Benito! liburua argitaratu zuen, Pako Aristi idazlearekin eta Benito Lertxundi kantautorearekin batera.

Bere azken lanak, Biribilean izenekoak, arrakasta bihurtzea du helburu.

 

Ez zaitez sarrerarik gabe geratu! Mikel Markezen kontzertua Euskal Museoan:

Lor ezazu sarrera Euskal Museoan edo https://sarrerak-mikelmarkez.eventbrite.es webgunean.