Euskal Museoak 100.000 bisitaritik gora izan ditu 2019an, % 36 gehiago
Bizkaiko erakunde honek 100.614 bisitari izan ditu aurten; iaz, berriz, 73.866 lagunek bisitatu zuten
Erakusketa iraunkor zabalaz gainera, aldi baterako 9 erakusketa egin dira aurten Museoan
70 kultura ekitaldi baino gehiago antolatu dira Museoaren jarduera programaren barruan
Azken lau urteetan, bikoiztu egin da zentroak jasotako bisiten kopurua
Bilboko Euskal Museoak 100.000 bisitarien langa gainditu du 2019. urtean. Hain zuzen ere, 100.614 lagunek bisitatu dute aurten, eta 73.866 lagun hartu zituen 2018an. 2019ko % 36ko igoera horretan, erabakigarria izan da Euskal Museoak aurten eskaini duen erakusketa eta jarduera sorta zabala.
Aldi baterako erakusketei dagokienez, Euskal Museoak “Dohaintzak-Donaciones. Museoa Eraikiz” erakusketa antolatu zuen lehenik 2019an. Erakundearen historian hainbat partikularrek dohaintzan emandako piezak jarri ziren ikusgai erakusketa hartan, horien artean Elejabarriko triptiko ikusgarria. Udan, publiko asko erakarri zuen, ohi bezala, Bilboko buruhandiak eta erraldoiak erakusketak; aurten, berrikuntza modura, Xavier Duarte katalanaren erraldoien argazkiak ere erakutsi dira.
Bisitariak Museoa ezagutzera etortzeko akuilu izan dira, orobat, “Euskara ibiltaria” (Euskaltzaindiarekin lankidetzan antolatua), Alberto Salcedo euskal artistaren “Azken Alabak” eta Elssie Ansareoren argazkien erakusketak.
Eta, urteko azken asteetan, erakusketa hauek egin dira Museoan: “Basques in California” (Eusko Jaurlaritzarekin lankidetzan antolatua); Portuko egutegia, erakusketa bihurturik, gaur egun Euskal Museoaren esku dauden Errazquinen argazkien bidez; eta “Euskal Jaiotza”.
Horrez gainera, ez dugu ahaztu behar Euskal Museoak erakusketa iraunkor zabala duela euskal ohiturei eta jarduerei buruz. Hain zuzen ere, 100 urteko ibilbidea osatzen du erakusketa horrek, historian zehar erabilitako artzaintzako edo itsasketako pieza bereizgarrien, Bilboko Kontsuletxeko altzarien, Bizkaiko maketa ezagunaren eta zeramikari eskainitako aretoen bidez, esaterako.
Erakusketa iraunkorraren parte bat Museoko klaustroan kokatuta dago. Armarriak, baserri zaharretako ateak, altzariak eta Museoko pieza ezaguna, Mikeldi idoloa, ikus daitezke bertan.
Espazio hori berriki estali da, eta hantxe egin ditu Euskal Museoak bere jarduera gehienak. Urte osoa hartu duen programazio zabalean, bereziki nabarmentzen dira Zinemaz Blai film laburren zikloa, Alberto López Echevarrieta kazetariak gidatua; erakundeak Aiko Taldearen eskutik hileko bigarren larunbatetan antolatutako erromeria arrakastatsuak; Aste Santuko eta Gabonetako haur tailerrak; euskal moda sustatzeko xedez antolatutako Fashion Kultur Bilbao, eta kontzertuak, hala nola Mikel Urdangarinena eta Eñaut Elorrietarena.
Ekitaldi horiei gehitu behar zaizkie sari banaketak, proiekzioak, kultura arloko aurkezpenak, Basque Fest, Gau Zuria eta abesbatzen emanaldiak, Garaizarko Matsorriak, Madrilgo Euskaletxea Abesbatza eta Zirzira Ahots Taldearena, esate baterako.
Hezkuntza arloari dagokionez, Euskal Museoak ia egunero jasotzen du inguruko ikasleen bisita. Hain zuzen ere, Bizkaiko museoak hezkuntza egitarau zabala eskaintzen du, gazteek Museoaren bilduma ezagutu dezaten, baita hezkuntza ekimen zehatzak ere, aldi baterako erakusketekin lotutakoak. 159 ikasle taldek baino gehiagok parte hartu dute egitarau horietan 2019an, 2018an baino % 20 gehiagok (132 talde izan ziren orduan).
Bestalde, Bilboko Euskal Museoak sendotu egin du bere presentzia digitala. Museoaren webguneak 11.993 bisita gehiago izan ditu 2018an baino (2019an, 37.890 bistaratze izan ditu). Gainera, azken urtean, Instagrameko profila gehitu die aurrez zabalik zituen gizarte sareetako kontuei (Facebook, Youtube, Twitter).
Presentzia handiagoa izan du Eusko Jaurlaritzak sortutako Ensime plataforman ere, zeinetan aurki baitaitezke Euskadiko museoen erregistro digitalak; Euskal Museoaren 35.043 pieza daude plataforma horretan dagoeneko erregistratuta, eta, hala, sarrera digital gehien duten museoetako bat da.
Euskal Museoak 2019an izandako jardunaren une gogoangarrien artean, aipatzekoa da, bestalde, Santo Tomas Txiki jaiaren lehen edizioa, BBK Fundazioarekin lankidetzan antolatutakoa, etxeko txikiei aukera emateko Santo Tomasko feriaz goza dezaten, haurrentzako tailerren eta euren neurriko etxolen bidez. Era berean, Bizkaiko erakundearen mugarrien zerrendan agertzen dira Euskaltzaindiak antolatutako Dialektologiako Biltzarra, Ser irrati etxearen topaketak, Alex Txikonek bere azken abentura profesionalaren ondoren hedabideekin egindako topaketa eta Bilboko kontsul berriak izendatzeko ekitaldia.
Bisitariaren profila
Euskal Museoak bertako eta estatuko bisitariak erakartzen ditu, nagusiki. Hain zuzen ere, Euskadikoak dira bisitarien ia erdiak. Eta, 2019an, aurreko urtean bezala, gizonezko baino emakume gehiagok ikusi dute bilduma.