Berriak

Gazta- eta txakolin-dastaketak, San Tomas ospatzeko

 

 Txakolin- eta gazta-dastaketak egongo dira goiz osoan Museoko klaustroan, Bizkaiko Txakolinak eta Idiazabal Deiturak antolatuta

Euskal Museorako sarrera doakoa izango da egun osoan

San Tomas eguneko produktu onenen 13 sariak egun horretan bertan banatuko dira klaustroan

 


 

Bilboko Euskal Museoa San Tomas jai ospetsuaren ibilbidearen parte bihurtu da; hori dela-eta, jarduera-egitarau zabala eskainiko du beste behin ere, egun tradizional honetaz gozatzeko, BBK Fundazioaren lankidetzarekin. Horrela, Areatzan, Arriagan eta Plaza Barrian jarritako azokaz gainera (248 postu eta 100 ekoizle), Bilboko Zazpikaleetan dagoen Euskal Museoaren klaustroa ere egun horretako beste agertokietako bat izango da.

Aurtengo jardunaldiak dakarren berritasuna San Tomas Txikiren I. edizioa da. Areatzako azoka osatzen duten postuen zenbait erreprodukzio, haurren eskalan, Euskal Museoko klaustroan zehar egongo dira sakabanatuta, egun osoan. Asmoa da Euskal Museoak eta BBK Fundazioak antolatutako familia-tailerraren parte izatea. Ekimenaren xedea da txikienei neguko jaki-tokiko produktu tradizionalak eta azokan dauden produktuak ezagutaraztea. Gainera, jokoak San Tomasen historia ezagutzeko ere balioko du.

4 eta 12 urte bitarteko umeek postuetan produktuak behatu eta erosteko esperientzia biziko dute, eta, ondoren, piperminak ozpinetan poteetan sartzen ikasiko dute. Modu honetan, Euskal Herriko historian jakiak zelan kontserbatu diren ikusi ahal izango dute. Amaitzeko, irudimena garatuko dute, San Tomas azokako produktuekin pintxo bat sortuta.

Tailerrak doakoak izango dira erabat, eta euskaraz emango dira. 09:30ean hasi, eta 13:00etan amaituko dira, eta 30 minutuko iraupena izango dute. Parte hartzeko, aldez aurretik eman ahal izango da izena (talde bakoitzeko plazen % 50), 94 415 02 31 telefono-zenbakian. Plazen gainerako % 50a libre utziko da in situ egindako inskripzioetarako (sarbidea: Gurutze kalea 4).

Umeek heldu batek lagunduta etorri beharko dute. Bestalde, heldu bakar batek 3 ume inskribatu eta lagundu ahalko ditu, gehienez ere.

Hori ez da izango San Tomas eguna ospatzeko pentsatu dugun jarduera bakarra. Aurten ere doako txakolin- eta gazta-dastaketa komentatuak egingo dira helduentzat, Bizkaiko Txakolinak eta Idiazabal Deiturak antolatuta. 15 bat minutuko dastaketak izango dira, eta 11:30etik 13:00etara bitartean egingo dira (sarbidea: Unamuno plaza 4). Parte hartzeko, beharrezkoa izango da aldez aurretik izena ematea 94 415 02 31 telefono zenbakian, edo Museoan bertan goiz horretan. Haurren tailerrean bezala, plazen % 50 aldez aurreko inskripzioetarako gordeko dira, eta gainerako % 50a in situ egindako inskripzioetarako.

Eguna amaitzeko, azokako produktu onenen San Tomas sariak banatuko dira 13:00etan. Aurten, azokan parte hartzen duten ekoizleak 13 kategoriatan lehiatuko dira: fruta, loreak (landareak), gazta, ogia, txakolina (zuria, beltza eta gorria), talorik onena, barazkiak, eztia, euskal pastela, ekoizle gaztea eta animaliak. 2019an, talorik onenaren kategoria BilbaoDendak elkartearen eskutik iritsiko da. >Atal honetan, berritasuna izango da Emakumezko ekoizleari edo Emakumezko baserritarrari emango zaion saria.

Horregatik, nekazariei sariak emateko ardura duten epaimahaikideak Museoko klaustroan egongo dira goiz osoan, eztia, gazta, ogia eta txakolina kategorietan aurkeztu diren produktuak ebaluatzen eta dastatzen. Garrantzitsua da nabarmentzea kategoria horietan (txakolina kenduta; izan ere, Bizkaiko Jatorrizko Deiturak jasoko du postuan) parte hartu nahi dutenek 10:00etatik 10:30era bitartean aurkeztu beharko dutela produktua Museoan.

BBK Fundazioak historikoki aitortu izan du San Tomas azokako produktuen atzean dagoen esfortzua eta dedikazioa. Euskal Museoak aitortza horrekin bat egin nahi du, eta horregatik bideratzen du jardunaldi hau euskal ekoizleek egindako lana hedatzen lagunduko duten jarduerak antolatzera eta euskal kulturaren oinarrizko parte den tradizioa erakustera: baserritarrek produktu bakoitza ekoizteko orduan egiten duten lana eta jardun ona.

Tokiko produktuak postuetan egongo dira ikusgai, dagoen ugaritasun zabala erakusteko. Barazkiak, gaztak, eztia, frutak, ogia, euskal pastela, txakolina eta kontserbak salduko dira. Horien ondoan, txosnak egongo dira, eta txorizodun talo tradizionala dastatu ahal izango da.

Euskal Museoak bat egingo du San Tomas jaiarekin. Zalantza barik, euskal tradizio hau ospatzeko leku egokia izango da.