Berriak

Euskal Museoak Lekeitioko Euskal Zine Bileraren 42. edizioaren aurkezpena hartu du

 
Lekeitioko Euskal Zine Bilerak bere 42. edizioa ospatuko du aurten azaroaren 23tik 30era bitartean. Euskara eta zinema batzen dituen jaialdiak, Euskal Herriko ikus-entzunezko sektorearen atal ezberdinak bilduko ditu berriz ere, zinemako profesional eta zaleak biltzeko gunea eraikiz.
 
40 + 1. edizioan sortutako Branka, Ganbara eta Zerumuga atalak indarberrituko dira, ikus-entzunezko lanen iragana, orainaldia eta etorkizuna lotuko dituzten espazioak finkatuz. Era berean, 42. jaialdiak euskal ikus-entzunezkoaren arlo profesional eta ez-profesionalak landuko ditu, horretarako hainbat jarduera bultzatuz: sektorearekin harremanak lantzeko hitzaldiak eta lantegiak, herriko ondarea osatzen duten irudiak berpizteko ekimenak, ikas komunitateen baitan antolatutako animazio lantegiak edota omendutako figura eta ekimenei eskainitako atzera begirakoak eta noski, jada historikoa den ikusentzunezko
lanen lehiaketa. Euskarazko zinemaren presentzia indartzeko helburua duen jaialdia da Euskal Zine Bilera: egin diren, egiten ari diren eta egingo diren euskarazko filmen eztabaidarako eta ikuskaketarako bilgunea.