Berriak

‘BOST’ diskoa aurkeztu du Xabier Aburruzagak Euskal Museoan


 

Xabi Aburruzaga (Portugalete, 1978) trikitilari eta konpositoreak bosgarren diskoa aurkeztu du gaur Euskal Museoan, ‘BOST’ izenekoa. Bertan bere barru-barruko bidaia egin du musikariak.

‘BOST’ diskoak azken urteetan bizitako esperientziak ditu oinarri, eta hauek sortutako hausnarketak. Esaterako, amama-aititaren lurretara, Palentziara, umetan egindako bidaiak gogoan ditu Bilbao-La Robla eta Waltz for Velilla piezatan, eta azkenaldian Quebec, Palestina edota Ameriketako Estatu Batuetara eginiko txangoen soinuak ere ez dira falta, Ameriketan ezagututako euskal diasporaren gorazarrea tarteko dela. Halaber, Izei abestia semeari eskainitako pieza da.

Disko honen grabaketan gonbidatu ugari izan ditu Xabi Aburruzagak: Yves Lambert Trio (La Bottine Souriante), Jorge Arribas eta Diego Galaz (Fetén Fetén), Anxo Lorenzo eta Tanxugueiras taldeko pandereteirak (Olaia Maneiro, Sabela Maneiro eta Aida Tarrio), Calum Stewart, Argibel Euba eta Iñigo Olazabal, Amaia Oreja, Mikel Markez, Andrea Bidart, Xabier Zeberio, Gorka Urmeneta, Jose Maria Santiago “Motriku”, Pilar Aresti eta Ameriketako Euskal Etxeetako ordezkariak, esate baterako.

Bost kantutan jarri dituzte hitzak Miren Amurizak, Unai Iturriagak eta Iñaki Aurrekoetxeak.

‘BOST’ diskoko abesti gehienek Aburruzagak zehatz jotzen duen trikiti-soinu klasikoa dute oinarri, Hauspoaren infernutik piezak adibidez. Haatik, lan honetan ere ezin izan dio esparru berriak arakatzeko grinari eutsi; horren erakusle dira Europako iparraldeko paisaia gogorarazten digun Atxarre, eta diskoari izena ematen dion Bost kantua, bosteko erritmoan osatu duena, Garikoitz Aldekoak proposatutako ideian oinarrituta.

Aburruzagaren taldea Aitor Uribarrik (panderoa), Koldo Uriartek (teklatuak), Jon Cañaverasek (kontrabaxua), Eriz Perezek (gitarra akustikoa), Arkaitz Pascuasek eta Nagore de las Cuevasek (dantzariak) osatzen dute.

 Produkzioan Jose Urrejolaren laguntza izan du, diseinua Higinia Garaik egin du eta soinuaz Unai Mimenza arduratu da. Ekoizpena Aburruzagak berak zuzendu du.