Berriak

Azaroa 22-23 | Euskal Museoak Fashion Kultur Bilbao ekimenaren green edizioa hartuko du, Javier Barroeta, Skunfunk eta Veraluna Ethical Fashionen eskutik

 

Ekimenaren xedea da moda jasangarria eta diseinatzaile bizkaitar gazteen lana sustatzea

Jarduera azaroaren 22an eta 23an izango da, Euskal Museoko klaustroan

Azaroaren 22an, ostiralean, moda jasangarriari lotutako hitzaldiak, bitxi-tailerra eta workinga egingo dira, 18:00etatik 21:30era

Bestalde, azaroaren 23an, larunbatean, 19:00etatik 22:00etara, desfile bat egingo da, Euskadiko diseinatzaile gazteen eta moda ekologikoko diseinuekin

Sarrerek 5 eta 10 euro bitarteko prezioa izango dute

 


 

Bilboko Euskal Museoa pasarela handia bihurtuko da aurten ere, Fashion Kultur Bilbao ekimenari esker. Oraingoan, inoiz baino green eta gazteagoa da ekimena; izan ere, moda jasangarria eta Euskadiko diseinatzaile gazteek egunero egiten duten lana sustatzea du xede. Azaroaren 22an eta 23an, Museoko Klaustroa Euskadiko modaren erdigunea izango da; bertan, arte honen inguruan antolatutako zenbait jardueraz gozatu ahal izango da. 

Horrela, bada, azaroaren 22an, 18:00etatik 21:30era, hiru hitzaldi egingo dira: Javier Barroeta diseinatzilea Javier Barroeta Eskolaren lanari buruz mintzatuko da; Miren Begoña del Castillo bitxigileak jasangarritasuna eta moda izango ditu hizpide, eta, amaitzeko, Veraluna Ethical Fashion konpainiak bidezko merkataritzari buruz hitz egingo du.

Hitzaldi horien ostean, bitxigintza pertsonalizatuko tailerraz gozatzeko txanda izango da, Kekelisen eskutik. Behin baino gehiagotan antolatu du Fashion Kultur Bilbao ekimenak mota horretako tailer bat jardunaldien barruan, eta bertaratutakoen artean arrakasta handia izaten du. Eguna amaitzeko, working bat egingo da; horri esker, bertaratutakoek modari eta ekologismoari buruz ikasten jarraitu ahal izango dute.

Jardunaldi horretarako sarreraren prezioa 5 eurokoa da. 

Hurrengo egunean, azaroaren 23an, Museoko Klaustroa pasarela bihurtuko da; jasangarritasunaren diseinatzaile gazteek eta enpresek euren diseinuak erakutsiko dituzte, Bizkaiko modari eskainitako festa paregabe batean.

Horrela, diseinatzaile gazteei eskainitako zatian, Javier Barroeta Eskolako lanak, Iñaki Velilla Ortizenak, Julene Gregoriorenak eta Dossis Designs enpresarenak ikusi ahal izango dira. Aukera bikaina, ehun eta diseinu harrigarriak hurbiletik behatu ahal izateko.

Desfilearen bigarren zatia moda jasangarriaren eta ekologikoaren ingurukoa izango da, eta Skunfunk enpresa ezagunaren eta Veraluna Ethical Fashion markaren eskutik izango da. Aurrekoetan bezala, hurrengo denboraldietan agertuko diren diseinuak ezagutzeko aukera izango dute bertaratutakoek.

Jardunaldia koktel batekin amaituko da; hala diseinatzaileak nola modeloak bertaratutakoekin elkartuko dira, nahi duenak modaren eta jasangarritasunaren inguruko zalantzak argitu ditzan.

Fashion Kultur Bilbao ekimenaren aurtengo edizioak moda jasangarriaren erreferente bihurtu nahi du Bilbo. Bestalde, Euskadiko diseinatzaile gazteen lana sustatzeko helburua ere badu.

Azken finean, diseinatzaile gazteek beren sorkuntza-lanak erakusteko plataforma izan nahi du modari eskainiko espazio honek. Izan ere, gazte horiei euren artea adierazteko gune bat eskaintzeko beharra ikusi dute antolatzaileek, diseinuaren balio berriak direla iritzita.

Modak liluratu egiten zaitu?  Gozatu prestakuntzaz eta diseinatzaile handiez Euskal Museoan.

 

 

 

Non eskuratzen dira sarrerak? SKFK dendan erosi daitezke (Viktor Kalea, 5, Zazpi Kaleak, 48005 Bilbo, Bizkaia)