Berriak

Azken alabak erakusketak Babcock Wilcox enpresaren azken industria aztarnak erakutsiko ditu artearen begiradapean

 

Alberto Salcedo da bizkaitar erakundearen aldi baterako erakusketa berriaren komisarioa, eta hark egin du tailer horietatik atera ziren azken industria piezen berrinterpretazio artistikoa

 

Industriagune hau 1918an sortu zen Galindon (Bizkaia), eta 2011n itxi zen. Bertako hondakinetatik atera da erakusketa egiteko materiala

 

Artelan bihurtutako industria balbulen bilduma bat deskubritzeko aukera izango dute ikusleek, beste altxor batzuen artean

 

Erakusketa 2019ko azaroaren 13tik 2020ko urtarrilaren 5era bitartean ikusi ahal izango da

 

Aurkezpenean egon dira: Lorea Bilbao, Euskara, Kultura eta Kirol Saileko diputatua; Gonzalo Olabarria, Bilboko Udaleko kultura zinegotzia; Sorkunde Aiarza, Euskal Museoko koordinatzailea, eta Alberto Salcedo, erakusketaren komisarioa

 


 

Euskal Museoak “Azken alabak” aldi baterako erakusketa berria aurkeztuko du, eta 2019ko azaroaren 13tik 2020ko urtarrilaren 5era egongo da ikusgai. Babcock Wilcox bizkaitar enpresaren azken industria aztarnak aurkezten dituen erakusketa da. Alberto Salcedo artista plastiko eta ikertzailea izan da material horiek berrinterpretatzeko eta artearen zerbitzura jartzeko arduraduna, euskal tailer hauetatik atera ziren azken industria piezak erakutsiko dituen erakusketa sortzeko.

Bizkaiak industria ondare oparoa du, eta “Azken alabak” erakusketak balio izango du, ikusleek gertutik ezagutu dezaten artearen bidez berrinterpretatutako altxor artistiko hau. Artearen bidez iraganera egindako bidaia hau Euskadin industria iraultzaren eta egungo eredu postindustrialaren arteko trantsizioari buruzko gogoeta da. Erakusketa honek industrializazioaren hondoratzearen aztarnak eta enpresa ospetsu honen hondakinen artean topatutako azken modelo industrialen berrerabilpenetik sortutako eskultura bilduma bat erakusten ditu aldi berean.

Erakusketaren bilduma Babcock Wilcoxen azken modelo industrialek, fabrikako hondakinen artean topatutako enpresaren dokumentazio ugarik eta enpresak fabrikatu zituen industria piezak berrinterpretatzen dituzten 27 eskulturen bilduma egiteko erabilitako material artistikoak osatzen dute, besteak beste.

 

Gainera, hiru pantailaz osatutako ikus-entzunezko instalazio bat ikusi ahalko da. Pantaila horietan, aldi berean ikusiko dira hondakinen artean topatutako enpresa iragartzeko spot bat; artistak fabrikara egindako bisiten irudiak, eta drone batekin grabatutako aireko irudiak.

 

Babcock Wilcox Española Galindon (Bizkaia) sortu zen 1918an, eta 2011ko irailaren 30an itxi zituen ateak, ekipamenduko ondasunen sektorean ia mende batez aritu ondoren. Industriagune hau 5.250 langile izatera heldu zen, eta tailerretan lokomotor eta kamioiez gain, galdarak, turbinak edo balbulak ere eraiki ziren. Azpiegitur garrantzitsuak eraikitzen parte hartu zuen, hala nola Bilboko Udaletxeko zubia (altxagarria); Bizkaiko Labe Garaietako “María Ángeles” labe garaia; Bilboko Portuko portiko-garabien linea; Petronor findegia; edo Ascó, Almaraz eta Lemoizko zentral nuklearrak, esate baterako. Nazioarteko proiektu garrantzitsuetan ere hartu zuen parte: Latinoamerikako hiri hondakin solidoen tratamendurako lehenengo planta edo Argentinako ziklo konbinatuko lehenengo zentral termikoa.

Babcock Wilcox fabrika handien trantsizioaren eredu da, produkzio garaitik –XIX. eta XX. mendeak (XXI.ra ere iritsiz)–, egungo aro postindustrialera arte. Iragan mendeko azken hamarkadetako aldaketa sozio-ekonomikoek eta aitzinamendu teknologikoek faktoria erraldoi hauen iraupena zaildu zuten, eta zaharkitzera eta utzikeriara eraman zituzten.

Enpresa Eusko Jaurlaritzaren Kultura Sailaren Industria Ondarearen Inbentarioetan dago (1996 eta 2007), eta Monumentu multzoen kategorian kalifikatutako Kultura Ondare gisa aitortu eta babesteko proposatu zen. Horrez gain, Babcock Wilcoxen ondasun higigarri eta higiezinen zati bat suntsitu edo espoliatu egin da.

Orain, Alberto Salcedo Euskal Museora heldu da, Bilboko Udalaren eta Bizkaiko Foru Aldundiaren laguntzaz, ikuspegi artistiko pertsonal batekin, industria ondare horretan iraun duen zatia erakusteko.

Proiektu hau “Euskal arte eta memoria industriala. Industria-ondare obsoleszentea ekintza artistikoaren bidez biziberritzea” doktorego-tesiaren zati da. Tesia Eusko Jaurlaritzaren Doktore ez diren ikertzaileak prestatzeko Doktoratu Aurreko Programako laguntzarekin egin da.

 

 

ALBERTO SALCEDO

Artean Graduatua Euskal Herriko Unibertsitatean. Bere jarduera artistiko eta ikertzaileak praktika artistiko garaikideen eta industria ondarearen arteko loturak aztertzen ditu. Gaur egun, Euskal Herriko Unibertsitatean ari da bere doktorego-tesiaren proiektua garatzen. Banakako erakusketekin parte hartu du zenbait deialditan: Bilbao Art District (Bilbo), Ondarearen Europako Jardunaldiak (Bilbo), Deustuko zubiko esku-hartzeak (Bilbo) eta FairSaturday (Bilbo), besteak beste. Alberto Salcedo artistak Eusko Jaurlaritzako Kultura Sailaren 2018. urteko Arte Plastikoetako Sorkuntzarako dirulaguntza jaso du, baita zenbait erakunderen laguntza ere, besteak beste, Bizkaiko Foru Aldundiarena, Bilbao Arte Fundazioarena edo Euskal Herriko Unibertsitatearena.