Berriak

Antxon Aguirre Sorondo. Goian bego

2014ko urtarrilaren 30ean hil zen Antxon Aguirre Sorondo, Donostian. Herriarekiko maitasun sakonak gidatuta, modu eskuzabal eta nekaezinean egin zuen lan euskal ondare kulturala berreskuratu eta zabaltzen.


Egunkari eta aldizkarietako ohiko kolaboratzailea izan zen, bai eta historian eta etnografian oinarritutako monografia ugariren egilea ere. Museo honentzat, Aguirre Sorondok egindako lana derrigorrezko erreferentzia izan zen, lagun eta kolaboratzaile fidela ere izateaz gain. Museoari egindako azken keinua ARTESANIAS AMANSA tailerraren ekoizpenaren lagin zoragarria dohaintzan ematea izan zen. Hain zuzen ere, tailer hori 1951n sortu zuen bere aitak, Antonio Mª de Aguirre Telleriak, eta, bertan, Limogesko eta Bidasoako portzelanaz egindako mahai-zerbitzuak eta objektu apaingarri txikiak dekoratzen ziren. Antxonek ume-umetatik kolaboratu zuen tailerreko lanetan, eta, aita gaixotu zenean, bera arduratu zen ekoizpenaz, Ingeniaritza ikasten zuen bitartean. Aita hil (1964) eta enpresa itxi ostean, Antxonek mimoz gorde zituen objektu hauek, eta, orain, Museoan, haren bizitzaren eta obraren oroigarri eta omenaldi gisa baliatu nahi ditugu.