Euskal Museoa prest dago Aste Nagusian milaka bisitari hartzeko
2016. eta 2018. urteen artean, Bizkaiko erakundeak hirukoiztu egin zuen Aste Nagusiko bisitaldien kopurua
Iaz 30.000 pertsonak baino gehiagok bisitatu zuten Museoa Bilboko jaietan
«Bilboko Erraldoiak eta Buruhandiak» izeneko aldi baterako erakusketa da erakargarri handienetarikoa bisitarientzat
Aste Nagusian beti izan da doakoa Euskal Museoan sartzea
Euskal Museoak iaz bisitarien marka hautsi zuen Aste Nagusian, 30.000 pertsona baino gehiago bertaratu baitziren. Horregatik, Bizkaiko erakundea prest dago 2019ko Bilboko jaietan kopuru hori gainditzeko. Azken urteetan, joera goranzkoa izan da: 2016an 10.000 bisitari inguru izan zituen museoak; 2018an, aldiz, ia 35.000.
Zalantzarik gabe, «Bilboko Erraldoiak eta Buruhandiak» eta pertsonaia ezagun horiek hartzen dituen Klaustroa izan dira historikoki Museoko protagonista nagusiak jaien astean, eta erakargarri nagusia dira bisitarientzat. Gainera, erakusketa iraunkorrak ere erakundera bertaratzen diren pertsona guztien interesa pizten du. Erakusketaren helburua euskal kultura sustatzea da, haren elementu bereizgarrienak erakutsiz.
Aurten, Erraldoien aldi baterako erakusketa «Erraldoien bildumagilea» izeneko erakusketarekin osatu da; Xavier Duarte artista katalanaren argazki-bilduma da, Museoko galeria batean dagoena, eta ikusleak pertsonaia horien barnera eramaten ditu.
Bestalde, Bilboko Metroko Zazpi Kaleak geltokiak lehenengoz du Erraldoien eta Buruhandien erakusketaren zertzelada txiki bat ikusteko aukera ematen duen argazki-erakusketa. Erraldoien eta Buruhandien erakusketa handik metro gutxira dago, Euskal Museoan.
Agerikoa da udako hilabeteetan erakundeko Klaustroa betetzen duten Bilboko Erraldoiek eta Buruhandiek Euskal Museora gerturatzen diren guztien begirada bereganatzea lortzen dutela. Hala, Pitxitxi eta Lina, Ingelesa eta Bilbotar Neskatila eta enparauak milaka argazkiren jomuga izan dira, egunero hiriko kaleetatik kalejiran ibili aurretik eta ondoren. Hain zuzen, kalejira hori goizero egiten da jaietan, eta pertsonaia ezagun horiek dira protagonistak. Erakusketa hogeita lau erraldoik eta hamar buruhandik osatzen dute, eta ikusten dute urtetik urtera gero eta jende gehiago gerturatzen dela haiei begiratzera. Zalantzarik gabe, albiste ona da euskal kultura sustatzeko, eta hori da, hain zuzen, Museo honen helburu nagusia.
Datu horiek indartu egiten dute Euskal Museoa, jarduera-programa osoari esker, azken urteetan izaten ari den bisiten kopuruaren hazkundea. Adibide gisa eta 2018ko ekaina erreferentziatzat hartuta, Bizkaiko erakundeak bisiten kopurua bikoiztu du azken urtean, % 119 handitu baita: iazko ekainean 15.705 bisitari izan zituen; 2019ko ekainean, ostera, 34.470 bisitari.
Bilboko Berreginen Museoa ere goranzko joera hori izaten ari da, eta gaur egun museo horren koordinatzailea ere Bilbao Bizkaia Museoak da. Haren kasuan, bisitarien kopurua ia % 8 handitu da: 2018an, ekaina bitartean, 9.758 bisitari izan zituen, eta 2019an, berriz, 10.489.
Hazkunde hori, beste faktore batzuen artean, aldi baterako erakusketek izan duten arrakastari, bi espazioetan programatutako jarduerei eta programazioa garatzeko beste erakunde edo zentro batzuekin egindako lankidetzari esker izan da.