Bilbao Bizkaia HARROk omenaldia egingo dio Ignacio Goitia margolari bilbotarrari, integrazioa, berdintasuna eta aniztasunarekin konprometitutako artistari
‘Buscando hacer fortuna’ bere lana Bilboko Euskal Museoa-Museo Vasco-n egongo da ikusgai ekainaren 19a eta 28a bitartean
Ekainaren 21ean 19:00etan, Portugaleteko Elai-Alai Kultur Elkarteak lanaren aurrean dantza egingo du mihisean irudikatutako dantzak erreproduzituz
Bilbao Bizkaia HARROk jadanik bere bosgarren edizioa ospatzen du. Ekitaldi honek aniztasun afektibo-sexuala eta genero-identitate aniztasuna ikusgai egitea du helburu, baita LGBTIQ+ taldearen eskubideak aldarrikatzea ere. Jarduera soziokulturalak dira xede horretarako abian jartzen diren eramaile nagusietako bat. Eta artea, funtsezko baliabide horietako bat: artea ahotsa da, mezuen, sentimenduen, printzipioen bidaltzaile da. Hala izan da historian zehar. Testuinguru honetan, Ortzadar LGBT Elkarteak, Bilbao Bizkaia HARRO 2019ren Elkarte antolatzaileak, eta Bilbao Historikok Ignacio Goitia margolari ospetsuari omenaldia egin nahi izan diote.
Integrazioa, berdintasuna eta aniztasunarekin inplikatutako eta konprometitutako, bilbotar jatorridun nazioarteko artista ezagun honen ibilbide arrakastatsuaren 30. urteurrena aprobetxatuz, Bilbao Bizkaia HARROren antolakuntzak abian jarri du artistari Bilboko Euskal Museoa-Museo Vasco-n eskainitako honako aintzatespen hau. Hala, gure sortzaileek gizarte-kausen alde egiten duten lana eskertzea eta nabarmentzea guztiz aipagarria da.
Ignacio Goitiari egiten zaion omenaldi honen baitan ikusgai izango da ekainaren 19tik 28ra Buscando hacer fortuna (mihise gaineko akrilikoa. 200x150 cm) bere lana, La Suite Basque serieari dagokiona. Lan honen bitartzez artistak bere herriko erro eta adierazpenak gaur egun bizi dugun globalizazio prozesuarekin alderatzea bilatzen du.
Errealitatearen interpretazio berezi bat da, non gure gizartearen monotoniari buruz gogoeta egiten den, non bakoitzaren jatorriak jadanik ez duen axola, modu berean bizi, kontsumitu, eraiki edo sentitzera eramaten gaituen kalko eta errepikapen prozesu bat dela eta.
Beraz, homogeneizazio eta nortasun gabeziaren aurka, artistak ikur, identitate eta usadio herrikoien berraztertzea erakusten digu, norberaren eta gizartearen adierazpen metodo gisa.
Honela, Euskal Herriaren usadioa, kultura edo folklorea beste kultura, toki edo hiri batzuetakoarekin nahastuta erakusten zaizkigu, Markina-Xemeingo Arretxinagako Espata Dantza eta Berlingo Zooko atearen irudikapenaren bitartez, modu erlaxatu, atsegin eta arruntean hainbat errealitate elkarrekin bizi diren eszena bat sortuz. Orekatutako toki bat, non munduek ez duten elkar talka egiten, baizik eta gune berriak sortzeko elkarrekin lan egiten duten.
Omenaldi hau ez da lanaren erakusketara mugatzen, baizik eta bere une gorena izango du ekainaren 21ean 19:00etan Portugaleteko Elai Alai Kultur Elkarteak gauzatuko duen artistari eskainitako aintzatespenean. Jada mitikoa den elkarte honetako dantzari-talde batek Bilboko Euskal Museoa-Museo Vascon margolan honen aurrean dantza egingo du, Ignacio Goitiaren mihisean irudikatuta dauden dantzak antzeztuko dituztelarik. Jendeari irekitako ekimena da.
Ignacio Goitia (Bilbao, 1968) artista aintzatetsia da, Estatu osoan zehar eta nazioarte mailan (Amerikako Estatu Batuak, Alemania, Frantzia, Erresuma Batua, Belgika, Holanda, Mexiko…), bai bakarkako erakusketetan bai kolektiboetan, bere lana ikusgai jarri duena. 2015ean Europa 2001 Foroaren Urrezko Domina lortu zuen.