Euskal Museoak Fashion Kultur Bilbao ekitaldiaren beste edizio bat antolatu du, Alicia Rueda, Eder Aurre eta Sophie et Voilà lagun dituela
Nazioarteko proiekzioa duen Bizkaiko moda ezagutarazi eta sustatzea da ekitaldiaren helburuetako bat
Uztailaren 5ean eta 6an izango da, Euskal Museoaren klaustroan
Uztailaren 5ean, ostiralean, modari lotutako jarduerak, hitzaldiak, tailerrak eta workinga egingo dira, 18:00etatik 22:00etara
Uztailaren 6an, larunbatean, moda-desfilea egingo da 19:00etatik 22:00etara, Rueda, Aurre eta Sophie et Voilà diseinatzaile eta marken lanekin
Sarrerek 5 eta 10 euro bitarteko prezioa izango dute
Bilboko Euskal Museoak kultura-agenda zabala jorratzen jarraitzen du. Uztailaren 5ean eta 6an, hain zuzen, Fashion Kultur Bilbao ekitaldiaren 3. edizioa aurkeztuko du, mundu osoan erreferentzia den Bizkaiko moda ezagutarazi eta sustatzeko asmoarekin. Edizio honetan, Alicia Rueda, Eder Aurre eta Sophie et Voilà izango dira protagonistak.
Ekitaldia bi zatitan banatuko da: lehenengoa ostiralean, uztailaren 5ean, egingo da, 18:00etan hasi eta 22:00etara bitartean. Bertan, Sophie et Voilà markaren jaiotzari eta internazionalizazio-prozesuari buruzko hitzaldia eskainiko dute. Ondoren, Eder Aurrek ere hitz egingo du, Estatuan nahiz nazioartean jasotako sariek beraren lanean izan duten eragina azaltzeko.
Tailerraren zatian, emaztegai, amabitxi eta gonbidatuentzako bitxiak sortzeko prozesua kontatuko du María Legorburuk, eta, gero, modako eta ezkontzetako ilustratzaile Yesenia Iglesias Cuetok bere lanaren berri emango du, eta ilustrazioak ere egingo ditu Fashion Cultur Bilbaon bertan. Sarreraren prezioa 5 eurokoa izango da.
Bigarren zatia larunbatean, uztailaren 6an, izango da, 19:00etan. Izan ere, Euskal Museoko klaustroa dotore-dotore jantziko da, Alicia Rueda, Eder Aurre eta Sophie et Voilà diseinatzaile eta marken moda-desfilea aurkezteko. Pasarelan egoteko sarrerak 10 euro balioko du.
Fashion Kultur Bilbaok ipar-eremuko eta Estatu osoko ehungintzaren eta modaren erreferentzia bihurrarazi nahi du Bizkaiko hiriburua. Aldi berean, baina, beste helburu batzuk ere landu nahi ditu: besteak beste, moda-alorraren errealitatea ezagutaraztea, lanbide-heziketa merkatuaren eskakizunetara egokitzea, moda jasangarria eta ekologikoa (moda etikoa edo slow fashion esaten zaion hori) are gehiago ikusaraztea, eta euskal modaren etorkizuneko diseinatzaile ospetsuen aldeko apustua egitea.
Azken buruan, diseinatzaile gazteek beren sorkuntza-lanak erakusteko plataforma izan nahi du, gazte horiei beren artea adierazteko gune bat eskaintzeko beharra ikusi baitute antolatzaileek, diseinuaren balio berriak direlakoan.
Gehiago ere badago, ordea: Fashion Kultur Bilbao urriaren 4an eta 5ean itzuliko da, moda jasangarria eta gazte diseinatzaileak protagonista dituela.
Modak liluratu egiten zaitu? Gozatu prestakuntzaz eta diseinatzaile handiez euskal Museoan.
ALICIA RUEDA
Amonak eta amak egiten zituzten patroien, toaleen eta ehunen artean hazi zen Alicia Rueda. Oso goiz etorri zitzaion bokazioa, eta hamahiru urte baino ez zituela hasi zen berarentzako arropa egiten; handik oso gutxira, lagun eta ezagunentzako jantziak egiten ere hasi zen. Moda, patroigintza eta jantzigintza industriala ikasi zuen, eta etengabe trebatu izan da harrezkero, jorratutako ibilbide osoan.
Beraren diseinuek ukitu nahastezina dute, bere-berezko ezaugarriak tarteko: feminitatea, ebaketa eta akabera bereziak, bai eta materialen aukera zaindua ere. Hala, denboran irauten duten lan paregabe bihurtzen dira. Diseinatzaileak inspirazio-iturri ugari ditu: pertsonak, musika, zinema eta, oro har, bere burua berriz asmatzen eta erronka berriak bilatzen lagunduko dioten elementu guztiak. Beraren jantziek eramaileen nortasuna markatzen dute.
Markak Bilbon dauka egoitza eta saltokia, orotariko bildumak biltzen dituena: prêt-à-porter eta prêt-à-couture, edota koktelerako eta ospakizunetarako bilduma.
Bere atelierrean, artisau-akabera bilatzen duen jantziaren bila dabilenaren ideiak hezurmamitzen ditu.
Jorratutako ibilbidean zehar, modako marka askoren bildumetan hartu du parte, eta antzerkirako, zinemarako eta telebistarako jantziak ere diseinatu ditu. Beraren estiloak jende ezagun ugari xarmatu du; hala, ekitaldi handietan (Goya sarietan, adibidez) ikusi ditugu Alicia Ruedaren lanak, herrialde ugaritako pertsonen soinean. Izan ere, Bilboko atelierrean hartzen dute lurra bezeroek, jantzi berezia sortzeko bidean hegaldatzeko Aliciarekin batera. Alicia Ruedaren diseinuak jantzi dituztenen artean aipa daitezke, besteak beste, Marta Hazas, Almudena Cid, Vanessa Romero, Adriana Ugarte, Juana Acosta, María Léon, Mar Saura eta María Adánez.
EDER AURRE
Eder Aurre 1993an jaio zen Bilbon, eta ume-umea zela sortu zitzaion modarekiko grina. Amak moda-aldizkariekiko zuen interesak eragin zion, besteak beste, moda-munduarekiko jakin-mina.
Patroigintzako eta diseinuko ikasketak egin zituen, eta, ondoren, modako master bat. Gero, Londresko Central Saint Martinsen jarraitu zuen trebatzen.
Etapa akademikoa amaitu ondoren, zenbait markarentzat egin zuen lan. Lehenengo bildumarekin «Creamoda» saria eskuratu zuen, eta nazioarteko lehiaketa horri esker jorratu zituen beste proiektu berri eta interesgarri batzuk, hala nola «GetxoModa» saria, euskal diseinatzaile gazte onenarentzat; «nazioko diseinatzaile gazterik onenaren» saria; eta bilduma onenaren saria Assembly Grazen (Austria).
Sortzean eta diseinatzean, linea aratzekiko, kolorearekiko eta arkitektura-formekiko grina nabarmentzen zaizkio. Izan ere, elementu horiek guztiak antzeman daitezke Ederren estiloan eta nortasunean. Eder Aurrek prêt-à-porter diseinuak eta osagarriak lantzen ditu, eta elkarte solidario batzuekin ere aritzen da, moda orotariko jendearengana hurbilarazteko.
SOPHIE ET VOILÀ
Sophie et Voilà 2008an jaio zen Bilbon, Sofia Arribasen zuzendaritzapean. Modaren zale grinatsu honek ume-umetatik izan zuen harreman estua luxuzko markekin. Sorkuntza-zuzendariak feminitatean, dotorezian eta minimalismoan oinarritzen ditu diseinu guztiak; horregatik, Sophie et Voilàren bildumek modelo soil eta modernoak eskaintzen dituzte. Emakumez osatutako taldea aritzen da Sofia Arribasekin batera, besteak beste, Saioa Goitia bazkidea.
Marka Bilbon sortu zen, baina atelier bana du Bilbon eta Madrilen. Ezkongaientzako jantzien bildumak lantzen dituzte, diseinu soilekin eta estilo minimalistarekin. Lanetako bakoitza bakarra da, euren lantegietan eskuz egiten baitituzte. Sormena lantzeko prest beti, azken urteetan Italiara, Japoniara eta Estatu Batuetara ere zabaldu da, besteak beste.