Euskal Museoak tailer-erromeria bat antolatuko du ekainean Aiko Taldearekin
Ekitaldiak ate irekien jardunaldi gisa balioko du, euskal dantza tradizionala hurbiletik ezagutzeko. Ekainaren 9an (igandea) izango da, goizeko 11:30ean, Klaustroan
Bizkaiko erakundeak azken urte honetan erromerien programak eduki duen arrakasta dela-eta antolatu du jarduera
Museoak AIKO TALDEArekin sinatu duen lankidetza-akordioak dantza tradizionalaren hedapena indartzeko balio izan du
Tailer-erromeriarako sarrera doakoa da
Euskal Museoak duela gutxi ospatu du ikasturteko azken erromeria, Aiko Taldearen eskutik. Urte osoan zehar arrakasta handia izan duen jarduera da. Hori dela-eta, Bizkaiko erakundeak Aiko Taldearekin topaketa berri bat antolatzea erabaki du; izan ere, topaketak ate irekien jardunaldi gisa balioko du, euskal dantza tradizionalean guztiz murgiltzeko.
Datorren igandean, ekainaren 9an, 11:30etik 13:30era bitartean, Euskal Museoak ateak irekiko ditu, Aikorekin tailer-erromeria ospatzeko. Ekitaldirako sarrera doakoa izango da leku-kopurua bete arte, eta, beste behin ere, euskal kulturaren alderdi ez material hau hedatzeko balio izango du.
Ikasturtean zehar antolatu diren erromeriekin gertatu den bezala, jardunaldi hau oso parte-hartzailea da eta interesatuta dagoen jende guztiari zabalik dago. Mota honetako ekitaldiak izan diren aukera guztietan “ez dago sarrerarik” kartela eseki da; beraz, publikoaren aldetik dagoen harrera oso positiboa da. Ingurune paregabean dantza egin eta dantzaz gozatzeko jarduera kulturala da, Mikeldiren gerizpean, betiere. Sabin Bikandi (txistua eta danbolina), Álvaro García (gitarra), Txus Aranburu (akordeoia) eta Amaiur Cajaraville (kontrabaxua) Aikoko musikariak arduratuko dira oraingo honetan ere jaia girotzeaz, guztiak ere Patxi Labordaren zuzendaritzapean.
Tailer-erromeria honekin, Euskal Museoaren xedea da euskal dantza tradizionala ikasteko interesa duten pertsona guztiek lehen urratsak emateko aukera izatea, eta, gainera, talde paregabe batekin.
Era berean, oraingo honetan ere, jardueran parte hartu nahi dutenek Gurutze kaletik sartu beharko dute Euskal Museoaren klaustrora.
Euskal dantza tradizionala gustatzen al zaizu? Etor zaitez Euskal Museora, eta ikas ezazu dantza egiten Aiko Taldearekin.