Berriak

"Zinemaz Blai 19” film laburren zikloa Euskal Museora itzuliko da, besteak beste, Marijaia, Miguel Bosé eta Alex Angulo protagonista dituela

 

Bosgarren urtez itzuliko da erakundera dokumental-hitzaldi zikloa, eta material aparta duten 6 film erakutsiko dira, Bilbo, Bizkaia, bilakaera eta festari buruz jarduteko.
 
Horrez gainera, Lorcak Poeta New Yorken lanaren oinarri izan zen Ameriketarako bidaiaren 90. urteurrena dela-eta, jardunaldietako batean Iñaki Elizaldek zuzendu eta Miguel Bosé protagonista izan duen Lorca lana ikusiko da. 
 
Besteak beste, Bizkaiko Lege Zarra, Bilbao en el tiempo, Sinfonía Vasca eta pertsonaia nagusi Marijaia duen Aste Nagusia filmak ikusteko aukera egongo da. 
 
Emanaldiak ostegunez izango dira, apirilaren 25ean eta maiatzaren 2an, 9an, 16an eta 23an, 19:00etan. 

 

Ziklorako sarrera doakoa da, leku-kopuru mugatua da, eta sarrerak saioa hasi baino 30 minutu lehenago banatuko dira, Euskal Museoaren atarian, iritsiera ordenaren arabera. 

 


Deskargatu: PROGRAMA OSOA


 

Euskal Museoak antolatu eta Alberto López Echevarrieta kazetariak gidatutako film laburren ziklo hau euskal zinemaren erreferente bihurtu da. Bosgarren urtea du Zinemaz Blai zikloak Bizkaiko erakundean, eta Bilbo, Bizkaia, bilakaera eta festari buruz jardungo du oraingoan. Hurrengo ostegunetan izango da, hain zuzen, apirilaren 25ean eta maiatzaren 2an, 9an, 16an eta 23an, 19:00etan. Oraingo honetan, Bizkaiko Lege Zarra, Bilbao en el tiempo, Sinfonía Vasca, Bilbao? eta Aste Nagusia film laburrak proiektatuko dira. Bilbo eta Bizkaia eraldatu dituen bilakaera ezagutzea da edizio honen helburua, bai eta bertako festetara hurbiltzea ere, besteak beste, Bizkaiko hiriburuko Aste Nagusian pertsonaia nagusi den Marijaia pertsonaiaren bitartez. 

Horrez gainera, omenaldi txiki bat egingo zaio Federico García Lorca poetari, hark Ameriketara egindako bidaiaren 90. urteurrena baita aurten. Iñaki Elizalderen Lorca film laburrean poetaren bizitzako azken lau urteak erakusten dira. 

 

“Zinemaz Blai” zikloko emanaldi bakoitzaren ondoren mahai-ingurua egoten da. Aurten, José María Gorordo ekonomialari eta ikertzaileak, Pablo Zapata filologoak, Elías Mas arkitektoak, Andoni Elezcano historiagileak, Amaia Mujika etnografoak eta Santiago Burutxaga eta José María Amantes gizarte-animatzaileek hartuko dute parte `Bilbo, Bizkaia, bilakaera eta festa´ zikloan, Alberto López Echevarrietak jardungo duelarik gidari. Hizlari guztiek dute, era batera edo bestera, harreman estua filmekin. 

 

Film laburren zikloari esker, besteak beste, Miguel Bosé, Alex Angulo eta Juan Diego antzezleen lana gertutik ezagutzeko aukera izango dugu. Horrez gainera, anfitrioiaren eskutik ezagutuko dugu Aste Nagusia, Marijaiaren eskutik alegia, edo euskal foruetara hurbiltzeko aukera izango da, Fuero Viejo de Vizcaya (Bizkaiko Lege Zarra) filmaren bitartez.

 

Sarrera doakoa da, sarrera kopurua mugatua, eta sarrerak Euskal Museoaren atarian jasoko dira, proiekzioa hasi baino 30 minutu lehenago, iritsiera ordenaren arabera. (Unamuno plaza 4). 

 

 

 

Hona hemen “BILBO, BIZKAIA, BILAKAERA ETA FESTA” dokumental zikloaren programazioa: 

 

 

 

1. Saioa  |   Apirilak 25   |   Osteguna   |   19:00etan   |   BIZKAITARREN ESKUBIDE HISTORIKOAK 

 

 

BIZKAIKO LEGE ZAHARRA - Fuero Viejo de Vizcaya - dokumentalaren proiekzioa

[ Antton Merikaetxebarria, 1980 ] 

 

 

Saio honetan, Euskal Foru Zuzenbideari buruz jardungo da, haren sorrerari eta bilakaerari buruz, José María Gorordoren Bizkaia en la Edad Media lana abiapuntu hartuta. Bi liburukik (1.500 orrialde guztira) osatzen dute gai horri buruzko lana. 

 

 

Elkarrizketa: José María GORORDO, ekonomialari eta ikertzailea

 

 

José María Gorordok hainbat hitz eta esapide argituko ditu, Bizkaia en la Edad Media lana idazteko egindako ikerketa lanean oinarrituta. Bi liburukitan dago banatua lana: Un debate historiográfico eta Origen y naturaleza de los derechos históricos. Ikerketak cum laude bikainaren kalifikazio izan du Valladolideko Unibertsitatean.

 

José María Gorordo Zuzenbidean eta Zientzia Ekonomikoetan lizentziaduna da Deustuko Unibertsitatean, eta Ekonomia Politikokoa Valentziako San Vicente Mártir Unibertsitate Katolikoan. Irakasle izan zen Deustuko Unibertsitateko Zientzien Fakultatean. 1971tik 1976ra Galletas Artiach enpresako zuzendari finantzarioa izan zen. 1976. urteaz geroztik, Deia egunkaria argitaratzen duen Iparraguirre argitaletxeko aholkularia izan zen. 1980. eta 1997. urteen artean Bilboko Merkataritza, Industria eta Nabigazio Ganberako idazkaria izan zen. 1985ean EITBko zuzendari izendatu zuten, eta ETB-2 katea jarri zuen abian, gaztelaniaz. 

 

Bilboko Alkatetzarako hautagai izanik, 1987an Bizkaiko hiriburuko alkate hautatu zuten. Etxebarría lursaila erosi zuen hiriarentzat, eta hiriko parke handiena bihurtu zuen. Alondegiaren berrikuntzaren proiektua egin zuen, baina arrakastarik gabe. 1990ean Alkatetza utzi, eta Euskal Hiritarren Egitekoak ekimena sortu zuen; 2002an erabat utzi zion politikaren alorreko jardunari. Herri Kontuen Euskal Epaitegiko kontseilari izendatu zuten. 2006an Zuzenbideko doktoretza egin zuen Euskal Herriko Unibertsitatean, eta 2009an Ekonomiakoa. Batean zein bestean cum laude bikaina kalifikazioa lortu zuen. 

 

 

 

2. Saioa   |   Maiatzak 2   |   Osateguna   |   19:00etan   |   LORCA ETA IRAKURTZEAREN PLAZERA 

 

 

LORCA film laburraren proiekzioa [ Iñaki Elizalde, 1998 ] 32

 

 

Film labur honetan, Federico García Lorcak bere bizitzako azken lau urteetan izan zuen beldurra erakusten da. 

 

Gidoia: Iñaki Elizalde eta Patxi Laborda.

Argazkia: Javier Aguirresarobe. Cinemascope. Kolorea.

Antzezle nagusiak: Miguel Bosé (Lorca), Álex Angulo eta Juan Diego.

 

1998an Gizonezko Interpretazio Onenaren saria irabazi zuen (Miguel Bosé), Alcalá de Henaresko Zinema Jaialdian. 

 

Film Onena Gasteizko Euskal Zinemaren XV. Astean. 

 

90 urte betetzen dira aurten Federico García Lorcak Atlantikoa zeharkatu zuela, Columbiako Unibertsitatean –New York– hainbat hitzaldi emateko. Amerikarrek Romancero gitano lanaren egilea ezagutu nahi zuten. Aurreko urtean kaleratu zuen Lorcak, eta bertso liburu irakurriena bihurtu zen gaztelaniaz mintzatzen ziren herrialdeetan. Lorcak perfekzioa lortu zuen herri tradizioan eta gurtzan oinarritzen den poesiari dagokionez. Bidaia hark ere eman zuen fruitua: Poeta New Yorken, 1940an argitaratu zena. Ameriketan egindako urtebeteko egonaldiaren eta zibilizazio teknologiko hark, sustrairik gabeko erronka gordin hark, poetarengan izan zuen eraginaren emaitza izan zen liburu hura.

 

 

Elkarrizketa: Pablo ZAPATA, filologoa

 

Lorcari, haren esanahiari eta mezuari buruz jardungo du, bai eta haur eta gazteak irakurketan zaletzeko amarru errealei buruz ere.

 

Pablo Zapara Lerga nafarra da, San Martin Unxekoa. Irakasle ikasketak egin ditu. Filosofiako diplomaduna da, eta Filologia Hispanikoko lizentziaduna. Hizkuntza eta Literaturako irakasle jardun du lanean. Eskolatik kanpo, eskoletako liburutegiak osatu ditu, eta ikastaroak eman eta txostengile jardun du. Eskola Liburutegiak proiektua egin zuen Eusko Jaurlaritzarentzat, eta bost urtez gauzatu zuen, ehunka liburutegitan. Haur eta gazte literaturan espezializatua da. Bidaiari nekaezina da. Urruneneko herrialde ugaritan ibili da, agureei beren ipuinak eta elezaharrak entzunez; horietan oinarritzen ditu, hain zuen, bere liburuak. Bilboko Unamunoren Adiskideen Elkartea sortu zuen. 

 

 

 

3. Saioa   |   Maiatzak 9   |   Osteguna   |   19:00etan   |   BILBOREN METAMORFOSIA 

 

 

BILBAO? dokumentalaren proiekzioa [ Policarpo Fdez. Azcoaga, 1960 ] 12’

 

 

1960ko Bilbon zeuden txabola-herrixketara bere kamerarekin joandako zale baten dokumentu grafiko izugarria. Ezin hobeto deskribatzen du etorkin haien inguruko miseria, besteak beste, Ingelesen Zelaian, Ollarganen, Banderas Mendian, etab.

 

 

BILBAO EN EL TIMPO dokumentalaren proiekzioa (Javier Rebollo, 2009) 21’

 

 

Javier Rebollo zinema-zuzendariaren ikuspegi poetiko eta pertsonaletik abiatuta lantzen du filmak hiriak bizi izan zuen eraldaketa ikusgarria; hiri eta ekonomia eredu berri baten aldeko apustuari esker gainditu zuen, hain zuzen, industria krisia, eta, horretan, berebiziko garrantzia izan dute kulturak eta arteak. 

 

 

Elkarrizketa: Elías MAS, arkitektoa 

 

 

Bilbok azken mende erdian izan duen bilakaerari buruz hitz egingo du, txaboletatik hasi eta gaur egunera arte. 

 

Elías Mas Serra arkitektoa Manlleun jaio zen (Bartzelona), 1945. urtean. Hainbat sari irabazi ditu arkitekturako lehiaketetan, eta bere lanak Espainian zein atzerrian erakutsi eta argitaratu dira. Hizlari gisa maila handiko tribunetan parte hartu du, besteak beste: Londresko Architectural Association; Glasgowko Caledoniako Unibertsitatea; Arkitektura Fundazioa, Bruselan; Hiri Diseinuaren Nazioarteko Zentroa, Florentzian; Milango Hiruhilekoa eta Donostiako eta Iruñeko Arkitektura eskolak. Txostengile gisa, hainbat Kongresutan parte hartu du, bai Espainian bai nazioartean. 50 años de arquitectura en Euskadi, Elementos de diseño urbano, Samos eta Bilbao, arquitectura y arquitectos lanen egilea da, bai eta beste hainbat testurena ere, lankidetzan; horrez gainera, prentsan, aldizkari espezializatuetan eta arte, arkitektura eta hirigintzako liburuetan parte hartu du. Bilboko Udaleko Arkitektura Kabinetearen zuzendari izan zen urte askoan. 

 

 

4. Saioa   |   Maiatzak, 16   |   Osteguna   |   19:00etan   |   EUSKAL BASERRIAREN LIRISMOA 

 

 

SINFONÍA VASCA filmaren proiekzioa [ Adolf Trotz, 1936 ] 17

 

 

Euskadin Gerra Zibilaren aurretik filmatu zen azken filma Sinfonía vasca izan zen, Adolf Trotzek egindako dokumental izugarria. Zuzendari alemanak bere jaioterria utzi behar izan zuen 1933an, konturatu zenean zinema lantzeko bere moduak ez zuela zerikusirik Joseph Goebbelsek nazismoaren mila urteetarako proposatzen zuen irudien manipulazioarekin. Sinfonía vasca 1936ko maiatzaren 29an estreinatu zen, Bilboko Trueba Antzokian, eta Tomás de Zubiría y Somontek, Zubiriako Konde zenaren oinordekoak, emandako diru laguntzari esker filmatu zen. 

 

Loiolako, Lekeitioko, Gernikako (bonbardaketaren aurretik), Ondarroako… irudiak ikusten dira filmean. Dena dela, landako bizitzatik industrializaziora bitarteko alderdiak lantzen ditu nagusiki. Plano ikaragarriak ditu, halaber: pilota jokoa, dantzak, irrintzi historiko bat botatzen eta palankari mitikoa. 

 

 

Elkarrizketak:

Andoni ELEZCANO, historiagilea eta film honen analista nagusia

      Amaia MUJIKA, Euskal Museoko Etnografia Sailaren arduraduna

 

 

Andoni Elezcano Roqueñi (Bilbo) historiagilea eta Historiako ikertzailea da. Historiaren lizentzia lortu zuen UPV/EHUn, Historia Garaikideko Masterra Madrilgo Unibertsitate Autonomoan eta Historia Garaikideko Doktoretza UPV/EHUn. Hainbat ikerketa talde eta proiektutan parte hartu du, eta ikerketa egonaldiak egin ditu Renoko Euskal Ikasketen Zentroan. Gai hauei buruzko ikerketak egin ditu: gizarte-adierazpenak zinemaren bitartez, zinemaren erabilera iturri historiko gisa, eta hiri historia, azterketa esparru nagusia izanik Bilboko itsasadarra eta Euskal Herria. 

 

Argitalpen ugarien artean, honako hauek dira nagusiak: 

 

ARTIKULUA: “Sinfonía vasca (1936), un documental con historia. De película comercial a instrumento político”, Sancho el Sabio aldizkaria (2013)

 

ARTIKULUA: “El cine y la celebración de la nación vasca. Las filmaciones del Aberri Eguna durante la II República”, Historia Contemporánea aldizkaria (2014)

 

LIBURUA: Retratos de hierro y agua. La imagen de la metrópoli de Bilbao en el cine documental (1897-1997), UPV/EHU (2016)

 

Amaia Mujika Goñi (Bilbo) Geografia eta Historiako lizentziaduna da Deustuko Unibertsitatean, eta Museologiako master bat egin zuen Euskal Herriko Unibertsitatean. Bilboko Euskal Museoaren Etnografia Ataleko teknikari-arduraduna da gaur egun. 

 

 

 

5. Saioa   |   Maiatzak 23   |   Osteguna   1   |   MARIJAIA ETA TXOMIN BARULLO, IZATEZKO BIKOTEA

 

 

ASTE NAGUSIA dokumentalaren proiekzioa [ Gabriel Camiña, 1979 ] 51

 

1979an finkatu zen Aste Nagusia Bilboko jai nagusi gisa. Aurreko urtean lortutako arrakastak ez zuen aurrekaririk izan, eta antolatzaileak eurak ere harrituta gelditu ziren arrakasta harekin. Hala ere, hainbat xehetasun konpondu behar izan ziren, bai eta jaiak erantsi edo aldatu ere. Berrogei urteren ondoren, jai haien abiarazleetako bi elkartuko dira, berriro ere, Aste Nagusiak eragin zuen optimismo eztanda hura aztertzeko, kontuan hartuta jaiaz gainera erreibindikazio politikoak ere egin zirela.

 

 

Elkarrizketak:

Santiago BURUTXAGA eta José María AMANTES, gizarte-animatzailek eta konpartsetako kide historikoak

 

 

Santiago Burutxaga Etxaluze Buenos Airesen jaio zen (Argentinako Errepublikan), 1947an. Ingeniari industriala da, Bilboko Goi Mailako Eskolan ikasia, eta kulturaren kudeaketan eta hezkuntza kalitatean ere badu prestakuntza. Irakasle erretiratua da. Matematikako irakasle jardun du Bizkaiko hainbat institutu publikotan, bai eta ikastetxe pribatuetan ere. 1998tik 2000ra Eusko Jaurlaritzaren Hezkuntza Sailburuordetzako aholkulari teknikoa izan zen. 2002tik 2008ra, Hezkuntza Kalitateko aduraduna izan zen Bilboko Elorrieta-Erreka Mari Lanbide Hezkuntzako Goi Mailako Institutuan. 

 

1967tik 1980ra, antzerkigile eta antzezle lan egin zuen Cómicos de la Legua antzerki konpainian. Ondoren, antzezle jardun zuen hainbat filmetako taldeko aktore gisa. 1980tik 1983ra Oskorri musika taldearen biren ordezkari eta antolatzailea izan zen. 1987tik 1990era Basauriko Kultur Etxeak Fundazioaren zuzendaria izan zen. 1990etik 1995era, kultura zerbitzuak eta ikus-entzunezko ekoizpenak eta ekimenak bideratzen dituzten PIK S.A. eta Kultur Injeniaritza (KAI S.L.) enpresen kudeatzailea izan zen. 

 

77); hura izan zen, hain zuzen, euskal kulturaren lehenengo ekoizle eta banatzailea. Txomin Barullo Taldeko kidea izan zen sortu zenetik bertatik, bai eta 1978an eta 1990ean Bilboko Aste Nagusia antolatzeko antolatu zen ideien udal lehiaketa irabazi zuen taldeko kidea ere. Bilboko lehenengo Jai Batzordeko kidea izan zen 1978an, eta hainbat ediziotan jardun du laguntzaile legez Aste Nagusiko programazioan. Txomin Barullo Taldeak antolatutako jarduera guztietan parte hartu zuen 1999. urtea arte, bai eta EMK Zirkus izenburupean antolatutakoetan ere. 1997an, Hika Ateneoa, era guztietako kultura ekimenak antolatzeko gizarte-ekimeneko zentro sozio-kulturalaren kide sortzaileetako bat izan zen. Bertako Zuzendaritza Batzordeko kidea izan da hainbat alditan.

 

2009an Kultura Irekia-Cultura Abierta elkarte kulturalaren sortzaileetako bat izan zen. Kulturaren Euskal Kontseiluko eta Arte Eszenikoen eta Musikaren Estatu Kontseiluko kide ohia da. 

 

José María Amantes Arnáiz 1978an hasi zen Bilboko ekimen soziokulturalen antolatzaile eta sustatzaile gisa lanean. Lehenengo Aste Nagusia zela-eta, Moskotarrak konpartsarekin hasi zen, eta, gerora, Jai Batzordeko kidea izan zen 1982. eta 1985. urteen artean. Hainbat ekimenen sorkuntzan parte hartu zuen, hala nola: Adineko Egoiliarraren Eguna, zaharren etxeetako adinekoek Aste Nagusian parte har zezaten sustatzeko; Aukera Berdintasunerako Taldea, ezintasunak dituzten pertsona guztiek Bilboko jaietan parte har dezaten oztopo arkitektonikoak eta era guztietakoak ezabatzeko; DYAren aldeko Artisten Gala, Club Deportivoko Zirku Amateurraren omenezko Jaialdia, Ospetsuak ASPANOVASen alde, Down Sindromearen Fundazioa, etab. Kultura Asteak eta mahai-inguruak antolatu ditu; 2006an hitzaldi bat eman zuen Udal Liburutegian, Bilboko festei buruz; Gora Aste Nagusia eta Boulevard, kafetegi bateko bizitzak liburuen argitalpenean parte hartu zuen. 1999an, Inauterien 20. urteurrena ospatzeko, Orden Botxera de Farolín y Zarambolas-en sorreran parte hartu zuen, karguan jardun dutenak biltzen dituena; urtero elkartzen da hautagai berriak proposatzeko eta "Urteko Txirenada" saria emateko. Aste Nagusiaren lehenengo edizioko hainbat anekdotari buruz eta bigarren edizioan hasi zen profesionalizazioaren hastapenei buruz jardungo dute. 

 

 

 

 

Beste edizioek izan duten arrakasta ikusita, Euskal Museoak itxaropena du aurten ere aurreko urteetan bezain gogobero jardungo duela. 

 

 

Prest al zaude “Zinemaz Blai” zikloaren edizio berrirako? 

 

Ezagutu zinemaren benetako bitxiak Euskal Museoan! Film labur berdingabeak, gune paregabean.