Berriak

Euskaltzaindiaren II. Nazioarteko Dialektologia Biltzarra Bilboko Euskal Museoan egingo da

 

- Euskaltzaindiaren II. Nazioarteko Dialektologia Biltzarra martxoaren 14an (egun osoz) eta 15ean (egun erdiz) egingo da, Bilboko Euskal Museoan.

- Euskaltzaindiaren mendeurreneko bosgarren jardunaldi akademikoaren leloa  Aniztasuna: hizkeren berba-mintzoak izango da.

- Koldo Narbaiza (Bilboko Udaleko Euskara eta Hezkuntzako zinegotzi ordezkaria); "Bilboko biztanle guztiak animatu nahi ditut Euskaltzaindiak antolatu dituen ekintzetan parte hartzera; balia ditzagun aukera ezberdinak euskara eta euskal kulturaren aldeko maitasuna eta gertutasuna adierazteko".

- Ana de Castro (Bizkaiko Foru Aldundiko Euskarako zuzendaria): "Euskal Museoa leku ezinhobea da egitasmo hau antolatzeko, bertan gordetzen baitira euskal klulturaren sustraiak".

- Andres Urrutia (euskaltzainburua): “Euskaltzaindiaren aspaldiko tradizioari eutsiz, biltzar honetan beren beregi landuko da euskararen dialektologia arloa. Tituluak berak dioenez, aniztasuna izango da protagonista eta euskararen berba-mintzoak aztergai.

- Adolfo Arejita: “Besteak beste, gaur egun nazioartean dauden dialektologia alorreko ikerketa eta egitasmoak ezagutuko ditugu, eta horien nondik norakoen berri izango dugu”.

- Dialektologia biltzarrari bide emateko, Euskara Ibiltaria erakusketa berritua eta interaktiboa aurkeztuko da martxoaren 13an, Euskal Museoan bertan. Horrez gain, Laboral Kutxak babesten duen Herri Hizkeren Atlasaren  X. liburukia aurkeztuko da, martxoaren 15ean.

- Biltzarrerako izen-ematea zabalik dago martxoaren 11 bitarte: info@euskaltzaindia.eus / +34 943 42 80 50 / +34 944 158 155 / +33 (0) 559 25 64 26/ +34 948 22 34 71 (plaza mugatuak / aldi bereko itzulpena).

 

 


 

Euskaltzaindiak mendeurrenaren baitan antolatzen duen bosgarren jardunaldi akademikoa martxoaren 14an eta 15ean izango da, Bilboko Euskal Museoan. Bertan, euskararen berba-mintzoak aztertuko dira, eta, bide batez, dialektologiaren alorrean nazioartean egin diren azken ikerketak agertuko dira.

 

Hiru dira jardunaldi berriaren helburu nagusiak

  • Gaur egun nazioartean dauden dialektologia alorreko ikerketa eta egitasmoak ezagutu, eta horien nondik norakoen berri izatea.
  • Dialektologiak etorkizunean Euskaltzaindian izan ditzakeen iker-ildoak zehazteko hausnarketa lagungarriak geureganatzea.
  • Hizkuntza-atlasen corpusak izan dezaketen etorkizunaz eta erabilgarritasunaz hausnarketa egitea.

Halaber, Euskal Museoan egingo den biltzarrak hiru atal nagusi izango ditu:

  • Gaur egungo nazioarteko dialektologia egitasmo nagusiak.
  • Hizkuntzaren bariazioari eta faktore eragileei buruzko ikerketak.
  • Hizkuntza-atlasen corpusak. Etorkizuna eta erabilgarritasuna.

Guztira 17 hizlari egongo dira. Arestian aipatutako atal bakoitzean, txostengile nagusi bat egongo da eta, ostean, bi, hiruzpalau kidek osaturiko mahai-inguruak egingo dira. Hizlariak bertokoak eta nazioartekoak izango dira. Hona hemen atal bakoitzeko hizlari nagusiak: Xarles Videgain. Euskaltzain osoa (CNRS-IKER); John Nerbonne (University of Groningen), eta Pilar García Mouton (CSIC).

 

Euskara ibiltaria: ikusi, entzun eta usaindu

Euskararen Herri Hizkeren Atlasean oinarritutako Euskara Ibiltaria erakusketa goitik behera aldatu du Euskaltzaindiak, eta emaitza Euskal Museoan erakutsiko da, martxoaren 13tik aitzina.

                Erakusketa berrituaren ezaugarri nagusiak:

  • Orain arteko panelez gain, hainbat berrikuntza izango ditu:

Teknologia berrien erabilera sustatuko da.

Zentzumenekin jolastuko du bisitariak: ikusi, entzun eta usaindu.

EHHAko mapa eta hitzekin jolastu ahal izango da: 3 joko egongo dira.

Bisitariarentzat erronkak egongo dira eta gainditzen dituztenen artean sariak zozketatuko dira.

Herri desberdinetako ahotsak entzun ahal izango dira:

Herriz herri jasotako erantzunak entzungai egongo dira

Zenbait herritako pasarteak entzun eta irakurtzeko aukera egongo da

  • Erakusketa lau hizkuntzatan egongo da (euskara, gaztelania, frantsesa eta ingelesa).

 

Herri Hizkeren Atlasa: X. liburukia

Euskararen Herri Hizkeren Atlasak (EHHA) ahozko euskararen aldaerak mapetan jasotzea du helburu. Egitasmoa 1984an jarri zen abian, galdeketa puntuen sarea, galdesorta eta lan metodologia finkatu zirelarik. Galdesorta horrek hizkuntzaren datu guztiak biltzen ditu: lexikoa, fonetika, morfologia eta sintaxia. Datuak biltzeko Euskal Herri osoko 145 herri hautatu ziren: Araban herri 1, Bizkaian 36 eta Gipuzkoan ere 36, Nafarroako Foru Erkidegoan: 27 herri, Lapurdin 15, Nafarroa Beherean 18 eta Zuberoan 12.

Galdeketa horien azken emaitza, X. liburukia, martxoaren 15ean aurkeztuko da, Dialektologia biltzarraren baitan. Oraingo liburukiak 243 mapa erakusten ditu, ondorengo gaiak jorratu direla: jokoak, kirolak, bertuteak eta bizioak, gorputzeko gabeziak, larruazaleko gaitzak, gaixotasunak, heriotza, ezkontza, gizarte-bizitza, ahaidegoa, erlijioa, sinesteak, lana eta beharginak.